Basarri 42. bertso-paper lehiaketako sorta irabazlea 2026-09-08
AUTOAN
Doinua: Kantuz egin behar det
1) Gogoan dauzkat marka
kolorea, forma…
Opel Kadett marfila,
bertan lau pertsona.
Memorian lotuta
dauzkat handik hona
aitaren kolonia,
gasolina, goma,
herri irteerako surtidore ona
ta Sugusak ematen
zizkidan gizona.
2) Lehenago izan ziren
Citroen horia
ta Dyane 6 laranja
–aitaren loria–.
Donibane Garazi,
Erroma, Soria…,
bikote maitemindu
baten euforia.
Hala ikasi nuen
zer zen memoria
ta ni baino lehen hasi
zela historia.
3) Pinu berde ilun bat
aurrean zintzilik,
ama etzanda lotan
ta aita isilik.
Gu_atzean belauniko
ta gero bil-bilik
inguruetan bazen guardia zibilik…
Jolasa zen ez zirkin
ez arnas debilik
ea lortzen genuen
irautea hilik.
4) Sutan Errenteria,
Elgoibar, Hernani,
kaleak barrikada,
pintada ta mani.
“20 urte erori
zaizkio Roldani”,
“etsitzea tokatu
zaio Leitzarani”,
“Tourrean Lejarreta
eta Cabestani…”,
ta atzeko partean
bakean lotan ni.
5) Baina denborak badu
bere kadentzia,
ta Kadettak herdoila
ta dekadentzia.
Hilekoa zen marka
ta ebidentzia,
hil zela auto hura
ta inozentzia.
Horrela lotu ziren
Vectra bat, zientzia,
urdin elektrikoa
ta adoleszentzia.
6) Ta aitaren autotik
gizonen katean,
nengoen mutil baten
auto granatean.
Esku nerbioso bat
kamisetapean,
lurruna leihoetan,
bera bolantean…
haragiak ulertu
zuen bat-batean
zerbait utzi zuela
atzeko partean.
7) Batu ziren gasoila
ta bertsolaritza,
nire lehen soldata
ta udako brisa,
lehengo bolantea
frenoa, txasisa…
Nahi banuen gelditu
eta egin txixa,
bertan lo egin edo
gidatu Parisa…
nire zain egoten zen
Toyota Yarisa.
8) Gero elkartu ziren
heriotz-ezkilak,
helduaro bat eta
bi umeren sillak.
Kotxe heredatuan
kantu infantilak,
“lotu gerrikoak!” ta
“itxi bentanillak!”…
Nola sartzen dituen
egunen gurpilak
auto bakar batean
biziak ta hilak.
9) Asteazken goiz batez
Ford C-Max kakian,
oraindik erdi lotan
goizeko flakian.
Gerrari bolumena
jaitsi irratian,
bonba hotsak airean
ta ni terapian…
Salbu sentitzen gara
gure lubakian
bakoitza norberaren
txatarra zatian.
10) Leihoan euri tantak,
bi zeru more han…
Orain bakarrik noa
auto dotorean.
Denbora kopilotu
dut isil-gordean,
nahiz noan abiada
kontserbadorean,
begiak zerumuga
erredentorean…
Zerbait desagertu da
retrobisorean.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15
Jexux Mari Irazu
Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11
Jexux Mari Irazu
Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04
Jexux Mari Irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-04-01
Mirari Martiarena
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Jexux Mari Irazu
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Jexux Mari Irazu