Bideo podcasta 2026-09-16
Irati Egibar Izeta
Artea neurtu daiteke? Epaitu? Lehia bihurtu? Bertsolaritzan behin eta berriz agertzen diren galdera horietatik abiatuko da bihar Bidegurutzean. Unai Iturriaga eta Oier Zuñiga elkartuko dira lehen atalean, «Lehia bai ala ez» galderari ertzetatik heltzeko.
Lehen atal horrek emango dio hasiera zortzi saioko ibilbideari. Hamabostean behin, ostegunetan, solasaldi berri bat argitaratuko da Bertsoa.eus-en. Bertsolaritzaz hitz egingo dute, baina ez bertsolaritzaz bakarrik. Ahotsaz, gorputzaz, hizkuntzaz, komunitateaz, ikusgarritasunaz eta kulturak gizartean duen lekuaz ere ariko dira. Horixe da Bidegurutzean bideo podcastaren abiapuntua: bertsolaritzaren eta kulturgintzako beste hainbat diziplinen ertz desberdinei begiratzea.
Bertsozale Elkarteak eta Emun kooperatibak elkarlanean sortu dute ikus-entzunezko podcasta. Zortzi atal ditu, eta Onintza Legorburuk gidatzen ditu solasaldiak. Atal bakoitzean, bi gonbidatu elkartzen dira esperientzia eta diziplina desberdinetatik abiatuta gai bati buruz hitz egiteko. Ez dute erantzun itxirik eskaini nahi, ezta ondorio bakar batera iritsi ere; elkarrizketaren bidez galderak partekatu eta hausnarketarako espazioa ireki nahi dute.

Lehen argazkian, Xabi Igoa eta Amets Aranguren.
Bigarrenean Bidegurutzean saioko platoa, Onintza Legorburu aurkezlea Eneko Barberena eta Manex Agirrerekin.
Bideo podcastaren izenak berak iradokitzen du proposamenaren izaera. Bidegurutzea ez da bide bat amaitzen den lekua, ezta norabide bakarra aukeratu behar den tokia ere. Ideiak, begiradak eta esperientziak gurutzatzen diren espazioa da. Horixe izan nahi du bideo podcastak ere: kulturgintzako hainbat ahots elkartu, eta elkarrizketaren bidez gogoeta partekatzeko lekua sortu.
Horretarako, bertsolaritza hartu dute abiapuntutzat; ez, ordea, helmugatzat. Izan ere, bertsolaritzak beste kultur diziplina askorekin partekatzen ditu hainbat kezka: sormenaren eta lehiaren arteko harremana, hizkuntzak komunitatea eraikitzeko duen indarra, gorputzak oholtzan hartzen duen lekua edo kulturak gizartean izan dezakeen eragina. Zortzi ataletan, gai horiek jorratzen dituzte, ikuspegi desberdinak gurutzatuz eta elkarrizketari tokia eginez.
Azken batean, Bidegurutzean ez da bertsolaritzari buruzko bideo podcast bat bakarrik. Bertsolaritzatik kulturgintzara begiratzeko gonbita da; eta beste diziplinetatik bertsolaritzari begiratzekoa. Galderak partekatzeko espazioa. Izan ere, bidegurutzeetan ez da beti norabide bat aukeratzen; batzuetan, gelditu eta ingurura begiratzea da interesgarriena.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15
Jexux Mari Irazu
Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11
Jexux Mari Irazu
Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04
Jexux Mari Irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-04-01
Mirari Martiarena
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Jexux Mari Irazu
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Jexux Mari Irazu