Bideo podcasta 2026-09-18

“Podcastaren atal bakoitzean mahaigaineratzen diren galderak kultur munduarenak dira”

“Podcastaren atal bakoitzean mahaigaineratzen diren galderak kultur munduarenak dira”
Bidegurutzean bideo podcastean gidari lanak egin ditu Onintza Legorburu Larreak (Antzuola,1993), baina, horrez gain, Emunen eta Bertsozale Elkartearen arteko elkarlanaren parte ere izan da hasieratik. Proiektuaren sorreraz, bi erakundeen arteko lankidetzaz aritu zaigu.

Irati Egibar Izeta

Lankidetza baten emaitza da bideo podcasta. Zer dela eta abiatu nahi izan duzue Bertsozale Elkartearekin elkarlana?

Emun kooperatiba bat da, eta kooperatibok legez gure irabazien %10-a, IPDK deritzen fondoen bitartez, gizarte ekimen ezberdinetara bideratzen dugu. Gai horren inguruko barne hausnarketa egin genuen gizarte eraldaketari begirako gure ekarpenari zentzu bat emateko eta horren ondorioz, pentsatu genuen interesgarria zela, proiektuetan dirua soilik eman beharrean, eta lankidetzazko harremanak forma ekonomikoa soilik hartu beharrean, bestelako lankidetza forma batzuk ere martxan jartzea. Eta hor kokatzen da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin egindako podcasta. Guk gure partetik, euskararen biziberritzea daukagu helburutzat, batez ere, euskararen biziberritzea lan munduan –bestelako gaien kudeaketarekin batera: genero berdintasuna, gobernantza ereduen aldaketa…-. Eta hor ikusi genuen zerbait polita egin genezakeela Emunek eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean, helburu komunak badauzkagulako.
Podcasta ez da bi erakunderen arteko lankidetza ekonomiko hutsetik sortu. Prozesu osoa elkarrekin egin duzue.

Zer izan da zuentzat elkarlan hori?
Uste dut podcastaren sorrera prozesua oso polita izan dela, eta baita grabaketa prozesua ere. Askotan horrelako proiektuetan bi talderen arteko lanak batzen dira, eta zerbait sortu, igurtzi askorik gabe. Eta nik uste dut, kasu honetan elkarlan bat egon dela, eta ez soilik lan elkarketa bat. Hau da, podcastak izango zituen haria, kokapena, tonua… elkarrekin erabaki dira. Ondoren, gidoiak ere, elkarrekin landu dira eta grabaketan ere, elkarrekin denbora asko pasa dugu, eta eskuz esku egin da produktua.
Agian oso topikoa da, baina uste dut, bene-benetan bestela ezingo litzatekeela egin. Hau da, helburu komunak ditugun arren Bertsozale Elkarteak eta Emunek, egiteko eta jarduteko modu oso ezberdinak ditugula uste dut. Elkarteak grabaketarako baliabideak eta jakintza dauzka; gaian ere kokapena dauka; gidoigintzan ere jantzia den jendea… Eta Emunek aldiz, esango nuke egiteko modu batzuk ekarri dituela prozesura, beste begirada bat, gizarte gaien eta bertsogintzaren arteko zubi lana…

Ez da bertsolariak eta bertsolaritzara mugatu. Bertsolaritzako kideak kulturgintzaren adar desberdinetako sortzaileekin jarri dituzue elkarrekin. Garrantzitsua diziplinen arteko elkarrizketa bera? Zergatik?

Bai, uste dut zentzu horretan, bi leku ezberdinetatik, eta bi begiraden presentzia errespetatzen saiatu garela. Hau da, podcasta elkarlanean sortu da, eta alboan egon litezkeen bi erakunderen artean egina izan da. Eta elkarrizketetara ere, horixe ekarri nahi izan dugu. Elkarren alboan, eta problematika antzerakoekin egon daitezkeen kultur diziplinak, baina aldi berean, gaiaren bueltan begirada ezberdina izan dezaketenak. Ez genuen bertsolaritzaren inguruko podcast purua egin nahi. Egia da, bertsolaritza eta bertsoa izango direla ardatza, baina podcastaren atal bakoitzean mahaigaineratzen diren galderak eta problematikak, kultur munduarenak dira, eta gizarteko arlo ezberdinetara estrapolatu daitezke. Hau da, gai oso zabalak jorratuko dira atal bakoitzean. Baina uste dut, bertsolarien, eta bertso munduko pertsonen, eta kultur mundukoen arteko elkarrizketa benetan interesgarria izan dela. Azken finean, euskal kulturgintzako adar garrantzitsua da bertsolaritza, eta ezinbestekoa du bestelako kultur diziplinekin elkarrizketan aritzea

Gidari lanetan aritu zara, bidegurutze bakoitzaren aurrean egon daitezkeen bide posibleak elkarrizketara ekartzen. Zer nolako esperientzia izan da?

Niretzat zaila izan da. Ni ez naiz kazetaria, ezta aurkezlea ere, eta lehen aldia izan da horrelako zerbait egin dudana. Kameren aurrean jartzea, gidoiak barneratzea, erritmoak, elkarrizketatuen denborak neurtzea… Sentsazioa daukat nik neuk batzuetan erdizka entzun nituela elkarrizketak. Ziur nago aurkezle den batek, eta horretara dedikatzen den batek, inongo arazorik gabe egingo dituela lan denak. Hau da, elkarrizketa gidatu, edukiak entzun eta horiei buruz pentsatu… Baina nik ez neukan esperientziarik, eta adi egon beharreko alderdien kudeaketa izan da zailena. Hortaz, entzuleei ere hortik entzutea eskatuko nieke! (Barreak).
Eta noski, dena berria izanik, eta niretzat podcasta lehen aldi konstante bat izan denez, asko ikasi dut, asko, eta kolpetik! (Barreak). Oso esperientzia aberasgarria izan da.

 

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15

'1tz4l1 eta P1ztU', Zarauzko jaialdia eta Xabi Paya gonbidatu Hitzetik Hortzeran

Jexux Mari Irazu

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Jexux Mari Irazu

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-04-01

Aitor Sarriegiren bertso ibilbidea Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Jexux Mari Irazu

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Jexux Mari Irazu