EHBT26 2026-09-19

Igotz Alkorta Irastortza
“Hobe erran baino egin”, hala kantatu du Miren Artetxe Sarasolak euskarari lotuta zortziko handian, eta saioari begira, biak, erraten eta egiten asmatu duela esan genezake. Ofizioetan sendo, puntu erantzunetan egoki eta ganbarako biribil batekin osatu du saioa hendaiarrak. Amaren zaintzari lotutako ariketa burutu du ganbaran, bertsozaleak erraz identifikatu dituen hainbat irudiz josiz. 709 puntu batuta, Eibarko finalerdian izango da.
Maddi Ane Txoperena izan da bigarren, ofizioetan lanean eta arrazoiak bilatuz eta puntu erantzunetan ariketa onena izan da berea, “nola ulertzen da hegotik iparra?” galderari “dugu ikuspegia aldatu beharra” erantzun dio azken puntuan. Ganbarako txukun batekin amaitu du saioa eta 691 puntu batuta, aukera asko ditu finalerdietara sailkatzeko.
Xabat Galletebeitia Abaroak bere bertsokera erakutsi du Hazparnen. Errimategi estu eta berezia erabili du sarri, eta ariketei dagokionez, azpimarratzekoa izan da zortziko handian eta hamarreko txikian egindako lana. Zortziko handian, heteroarauaren presiotik herritik hirira joan, baina orain, herrira itzultzea erabaki duenaren paperean egokitu zaio. "Garai bateko penak izango dira gure garaipenak" amaitu du lehen bertsoa lekeitiarrak. 672 punturekin hurrengo saioen emaitzen zain egon beharko du.
Anda, Abarrategi eta Mateorena
Sailkapenean urrunago geratu dira gainontzeko hiru bertsolariak. Laugarren izan da Unai Anda Delika. Zortziko handian kosta egin bazaio ere, behetik gorako saioa egin du zuiarrak. Hamarreko txikian, Ekhi Mateorena Zozaiak eta Andak adinekoen egoitza bateko egoiliarren paperean egindako ariketa izan da agian bi bertsolarien lan borobilena. Karta jokorako euren laguna ez da agertu, “ez dugu norekin sentitu bakarrik” esan du Mateorenak, “irakatsi jolasten solitariora” erantzun Andak. 636,5 puntu eskuratu ditu Andak, laugarren postuan, Mateorena seigarren izan da 589,5 punturekin. Zortziko handian egindako potoak baldintzatu du, neurri batean, leitzarraren emaitza.
Andak agurrean arabar bertsolaritzari egin nahi izan dio gorazarre. Izan ere bi arabar izan dira txapelketako lehen saioan, zuiarraz gain, Peru Abarrategi Sarrionandia aramaioarra. Zortziko handian eta hamarreko txikian bereziki sendo aritu da. Azken ariketa horretan “barroteek ez dute maitasunaz ulertzen” kantatu du hirugarren gradua ukatu diote preso baten semearen paperean. 631 punturekin bostgarren izan da gaur.
Emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren ATARIAN. Bertsoaldiak, bertsolarien lehen balorazioak eta adituen iritziak astelehenenean izango dituzue eskura Bertsoa.eus-en. Lehen pausua eman du Txapelketak, beste 13 geratzen zaizkio Iruñera iritsi arte.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15
Jexux Mari Irazu
Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11
Jexux Mari Irazu
Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04
Jexux Mari Irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-04-01
Mirari Martiarena
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Jexux Mari Irazu
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Jexux Mari Irazu