Zutabea 2026-09-25

Arabar arbasoak eta ondorioz abizenak izan arren, Isabel, ondo dakizunez bizkaitarra naz, bilbotarra, hain zuzen. Kuriosoa da beraz, arabarren aferetaz niri galdera luzatzea, baina tire... erantzuten ahaleginduko naiz.
Zuk aipatutakoaz neu ere konturatuta nengoen, baina lurralde bakoitzeko elkarteak bere estiloa duenez, ez dut inoiz horretaz gehiegi pentsatu.
Nafarroako txapelketako kanporaketa saioetan ere, adibidez, lehen eta azken agurrak ordena berean kantatzen dituzte, hau da, zozketaz egokitu zaien ordenean. Saioaren irabazleak, beraz, ez du amaierako agurra azken kantatzen, baizik eta egokitu zaion ordenean.
Horrela, zure galderarentzat erantzunik ez neukanez eta ez dakienak egin dezakeen gauzarik onena galdetzea denez, hori egin dut, arabarrei galdetu.
Beraien erantzunaren arabera, ez dakite ziur noiztik egiten duten horrela, baina aspaldiko kontua omen da.
Bestetik, galdetzen hasita, arrazoiaz ere galdetu diet.
Ba, elegantzia kontua ei da; emaitza baino, saioa bera da agurtu nahi dena. Hau da, bertsolariek lortutako puntuaketari lehentasuna edo hainbesterainoko garrantzirik eman gabe, saioa goxo amaitzea da beraientzat helburu nagusia.
Bide batez, tarte horretan epaile eta idazkariak euren puntu batuketa lanak egiteko hartzen duten denbora hutsik geratu beharrean, bertsolarien agurrak entzunez, entzulegoa entretenituago egotea ere dute xede.
Finean, Zazpigarren Alaba ezberdin egokitu zaigu.
Nire puntua, bertso udalekuetako kume izan den eta gaur egun begirale dabilen Izaro Bilbaorentzat.
Urteak dira bertso udalekuen arrakasta nabarmen nozitzen dugula eta ondorioz, bertsolaritza aberasten ari dela. Izaro, zerk bilakatzen ditu hain arrakastatsu? Zein da magia?