Berria.info 2008-03-27

Iñaki Murua: «Bertsozale elkartearen arrakastaren oinarria borondatezko lana da»

«Denei entzuteko postuan nago; jendearen ilusioak, ozpinak eta minak entzutea tokatzen zait».

www.berria.info

Ainara Gorostizuk egindako elkarrizketa

Ekosistema baten parte balitz bezala da bertsolaritza Iñaki Muruarentzat (Gabiria, Gipuzkoa, 1956). Eta ekosistema horretako partaide guztiek gogoeta egin behar dutela uste du: «Euskal kulturan eragina dugun guztiok zer dugun bateragarri begiratu beharko genuke». Hausnarketarako gogoz dago bera. Horretarako, paraje egokian bizi da; Aizkorri du alde batean eta Txindoki bestean.

Nolakoak izan dira joan diren hiru urte hauek?

Elkarte dinamiko eta bizidun batean lan egitea ederra da. Bizitza interesgarri bat bizitzeko aukera ematen dit niri. Gure elkartea oso ezaugarri berezitako elkartea da; auzolana eta borondatezko lana dira ezaugarri berezi horiek. Elkartearen arrakastaren oinarria borondatezko lana da, lan hori landu eta jende gaztearekin etorkizuna jorratzea da oinarria. Eta, gero, herriz herri saioak antolatzen dituen elkartetik kanpoko herritarren sare natural hori mimatu, mantendu eta elikatu egin behar du elkarteak. Bestetik, txapelketak ematen duen arrakastak medioetan posizio bat hartzen laguntzen du eta horri esker ere aurrera egiteko aukera dugu. Eta alorrik garrantzitsuena, gaur egun, hezkuntza da guretzat. Bertsolaritzak pertsonaren ezaugarriak aberasteko aukera bat ematen du.

Herrialdez herrialde, elkarte guztiak indartsu daude?

Euskararen eremu zabalean eragin nahi duen elkartea izanik, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean elkarte bat dago, Bertsularien Lagunak; Nafarroan beste elkarte bat dago, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan bezala. Bost elkarteak Euskal Herrikoak koordinatzen ditu. Guztietan soldatapeko langileak dira borondatezko lanera goazenon erabakien jarraipena edo horiek betetzeko ardura hartzen dutenak.

Lanerako gogoz eta nahiez oso indartsu daude elkarte guztiak. Baina euskararen egoera ez da bera Zuberoan eta Goierrin. Mugimenduaren bolumenari begiratuta, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa dira jende gehiagorengana iristen diren bi elkarteak, baina Nafarroan, Araban eta Iparraldeko hiru probintzietan egiten ari diren lanak ematen digu, beharbada, ilusio gehien. Zuberotar bat edo lapurtar bat kantura datorrenean, tonutik, doinutik eta azentutik dagoeneko beste ezaugarri batzuk erakusten ditu, eta hori da benetan aberasgarria. Eta Araban egiten ari diren lana ere oso interesgarria da; bertso afari batean 100 arabar biltzea oso handia da.

Eta zein da egoera ekonomikoa?

Egoera ekonomikoa ondo dago. Euskal Herri osoari begiratzen badiogu, %70 ingurukoa da autofinantzaketa. Egiten dugun proiektu bakoitzean %60 diru laguntzetatik eskuratzen badugu, %40 elkarte gisa eskuratu behar dugu nonbaitetik. Ezer ez dago musu-truk, eta gu ere ez goaz diru eske. Guk proiektu bat eskaintzen dugu, eta proiektu hori euskaldunentzat interesgarria den neurrian trukeko lan bat eskatzera eta eskaintzera goaz; diru laguntzaren kontzeptua desterratu egin dugu, ez da justua.

2007an egundoko aurrerapausoa ahalbidetu dute aldaketa politikoek. Araban, Gasteizko Udalarekin eta Foru Aldundiko bi sailekin, hitzarmenak lortu ditugu. Iruñeko Udalean, behin ere ez bezala, aurten lortu dugu akordioa. Nafarroan Gobernuko Hezkuntza Sailarekin dugu akordioa. Iparraldean, Udalbiltzak eta EEPk egindako ekarpenekin, egoera saneatua da. Nola Bizkaian hala Gipuzkoan egoera ekonomiko hobean gaude.

Datozen hiru urtetan transmisioaren gaiak garrantzi berezia izango du elkartean. Zergatik?

Elkartearen sorreran erabaki bat hartu beharra izan genuen: geure buruari begira eraiki edo munduari begira eraiki. Geure buruari begira eraikitzea izango zen gu munduan bakarrak garela pentsatu eta puztea; mundura irekitzea, berriz, munduko txoko batzuetan kantatuz inprobisatzen denarekin konparatu, gurea eman, haiena jaso, aberastea litzateke. Bigarren era hori aukeratu genuen eta azierto handia izan zen. Hortik begiratuta, transmisioak garrantzi handia du. Transmisioaren alorra administrazioak eta hezkuntzak bete beharrekoa da. Guri, elkarte gisa, ez zaigu interesatzen bertsolari gazteak hezkuntzako langile bihurtzea; gehiago interesatzen zaigu kulturari dinamismoa eta bizia emateko sortzaile paperetik alanbrean ibiliz gauza berriak eskaintzeko egoeran jartzea gazte horiek. Hezkuntza eta transmisioa interesatzen zaizkigu bertsolaritza pertsona gisa hezteko tresna dela sinesten dugulako. Zure hizkuntzarekin jolas eginez, bata bestearen argudioari erantzuteko beharra ematen dizu bertsolaritzak, bestearen argudioak hartu eta indar gehiagorekin zurea osatzeko, bestearen iritzia errespetatzeko, eguneroko berriez informatua egon eta hausnartua egoteko beharra, jende multzoaren aurrean a cappella zure bizia ateratzekoa... Pertsonaren izaera aberasteko, psikologia sendotzeko, bizitzaren aurrean mundua eta bizitza beste begi batzuekin ikusteko aukera ematen du bertsolaritzak. Eta horretaz jabetu gara Huhezirekin elkarlanean egin dugun curriculumarekin, orain ari baikara bertsolaritza gizarteratzeko diskurtsoa osatzen.

Diskurtso hori entzunda, gizakiaren salbazioa bertsolaritzak ekarriko duela dirudi.

Ez da hala, ez. Ematen du gure ekintza eta jarduna puzten dugula. Egia da bertsolaritzak euskal kulturaren eta euskarazko esparruaren ekosistema elikatzeko ere bere ekarpena egingo ez balu eta mundura begira eta mundukotik jasoa ez bagenuen eraiki... arrisku hori izango genukeela. Gu ez gara bakarrak. Gu ekosistema oso baten parte gara, eta, alde horretatik, ekosistema oso horri gure ekarpen interesgarriena egiten ahalegindu behar dugu gure armetatik. Hezkuntzan inzidituz, plazetan inzidituz, pertsonaren ezaugarrietan inzidituz, eta azkenean kulturaren erabilpenean eta euskararen normalizazioan ahaleginean ari diren erakunde horien artean, ahalegin bat gehiago izan behar du gureak.

Oso interesgarria da pertsonaren ezaugarrietan inziditzea, pertsonaren aberastasuna bilatzea... baina txapelketari ematen diozuen garrantziak ez al du hori dena estaltzen?

Txapelketa zeure burua prostituitzeko ekintza da, nolabait. Txapelketak astindu bat ematen dio bertsolaritzari. Guk nola lortuko genuke gure ustez esku artean daukagun tresna hain interesgarria gizarteratzea? Nola lor dezakegu hori euskaratik? Komunikabideak noiz datoz guregana? Txapelketetan. Kulturarteakoa antolatu genuen eta kubatarrak, mexikarrak, portugesak, argentinarrak ekarri genituen. Ekintza gisa, kultur arteko topaketak interesgarriago dira, guri asko interesatzen zaigu munduan begia jartzea: batetik, ikusteko ze osasun daukan gure kulturak, eta horren barruan ahozko inprobisazioak, baina, beste alde batetik, bertso munduaren aurrean dabilen gaztedia benetako ispiluaren aurrean jar dadin, oxigenoa eman diezaion. Baina Kulturartearen mobida guztia zenbat pertsonarengana iritsi zen? 200-300? Oso interesgarria izan zen, eta berriro egingo dugu, baina etxean gelditzen gara. Gure existentziaren berri etxera, auzora eta inguruetara eramatea lortu dugu prostituzio puntu bat jarriz, txapelketarekin.

Txapelketak puztu egiten du, elkartea bera ere bai. Puztearen puzte horretan ez ote da lehertuko?

Gaizki ulertzen bada, bai. Guk txapelketari ere auzolaneko ukitua ematen diogu. Txapelketaren helburua hedabideetan gure presentzia egonkortzea eta areagotzea da, erdal munduari zer galtzen ari den erakustea. Euskal jendearentzat ilusio piztaile ere izan nahi du. Eta bertsolaria bera ere ez doa bost milioiko sari baten bila, hiru mila edo lau mila euro dira, neuk ere ez dakit, eta seguru parte-hartzaileek ere ez dakitela txapeldunak zenbat jasoko duen! Horrek erakusten du ze espiriturekin dabilen jendea. Puztutakoa ondo erabiltzen asmatu behar da. Adibidez, ia bi mila eta berrehun bazkide garen lekuan 5.000 bazkide izaten saia gintezke txapelketak ematen digun indarrarekin, eta ez kuota ordain dezaten, herriz herriko ekitaldietan esku bat bota dezaten baizik. Txapelketaren indarrarekin saiatu behar dugu orain sartzera goazen bezala Donostiako ikastetxeetan bertsolaritza lantzera sartzen. Ea lortzen dugun Arabako Errioxako ikastetxeetan sartzea, edo erdaraz egiten duten medioetan presentzia bat izatea, eta zertan ari garen jakinaraztea...

Ipar Euskal Herrian lehen aldiz egingo duzue txapelketa. Ze garrantzi du zuentzat?

Oraindik atzo ari ginen Xalbadorri txistu jotzen, hemen, Gipuzkoako muin-muinean, zergatik eta ez geniolako ulertzen. Eta orain, begira, txapelketaren prostituzioari esker, Hegoaldeko jende mordo bat joango da, irrati eta telebistan hango bertsoak emango dira. Horri guztiari esker, zuberotar lukutarren bertsoak entzungo dira... eta konturatuko gara Amets [Arzallus] eta Sustraiz [Colina] gain badagoela beste oinarri bat. Zer egin dezake bertsolaritzak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hizkuntzara erakartzeko gazteak, euskaraz egin dezaten, gurasoek kontzientzia puntu bat hartzeko bertsolaritzak seme-alabei eman diezaieketela ezaugarri aberastzaile bat... Han are lur zailagoan erein behar dugu hazia. Txapelketak aukera hori ematen du.

Bertsozale Elkarteak aurten emango duen beste pauso bat Mintzolara joatea izango da, ezta?

Orain arte Donostiako Udalak utzi digun lokal batzuetan gaude, eta Xenpelar dokumentazio zentroa Gipuzkoako Kutxak utzitako egoitzan dago. Eta nola bata zein bestea, oso txiki gelditu zaizkigu. 41 langile ditu elkarteak Euskal Herri osoan. Eta Billabonan Mintzolan egoitza izanda sinergiak batzeko balioko du. Mintzolak ahozkotasuna indartzeko eta aberasteko gunea izan behar du, ahozko kazetaritzak, antzerkigintzak... izango du bertan lekua. Billabonako Udala, Gipuzkoako Diputazioa, Eusko Jaurlaritza eta Bertsozale Elkartea ari gara oraingoz hori dinamizatu nahian, baina azkena egin genuen bileran horiez gain, Bizkaiko Diputazioa eta Arabakoa ere bertan ziren, Nafarroako Gobernuko ordezkariak ezin izan zuen etorri. Bertsolaritza posizio on batean uzten du Mintzolak.

Elkarte bezala, ze harreman dituzue beste elkarteekin?

Pendiente ditugun asignaturatako bat da hori.Egunkariaren auzia-ren inguruan badauzkagu harremanak, Kontseiluarekin ere bai, Euskal Idazleen Elkartearekin.... baina beste egonkortasun bateko harremana eratu beharko genuke. Horrek ekonomikoki ere baliabide gehiago edukitzea eskatzen du. Azken boladan euskal kultura jasaten ari den eraso guzti hauen aurrean antolatu beharra daukagu, eta ekosistema guzti horrek elkarlanean herri honi eskain diezaiokegunaz hausnartu behar dugu, eta amarauna osatu. Eta bakarrik ari garen sentsazio hori kendu. Euskal kulturan inziditzen dugun guztiok zer dugun bateragarri begiratu beharko genuke. Gogoeta handi baten beharra dugu.

Elkartearen barruan genero batzordea sortzekoak zaretela irakurri dut.

Oraindik buelta gehiegi eman ez dizkiogun proiektua da. Lehen erresistentzia gainditu dugu: generoaz hitz egiten denean emakume kontua dela pentsatzea. Pertsonaren ezaugarriei begira antolatutako taldea osatzen ari gara. Sexuaren diferentzia superatuta dago kontratuetan, lan baldintzetan, arduretan... baina harremanean emakumezkoa izan edo gizonezkoa izan desberdintasuna dago. Adierazteko garaian espresatzeko modu desberdina daukagu, eta lortu beharko genuke hitzik gutxienekoa eta berritsuena biak elkartearen baitan ekarpenik aberatsena egiteko egoeran sentitzea, gustura, eroso eta entzuna sentitzea. Egin nahiko genuke ekain inguruan gogoeta topaketa bat. Adituekin ari gara lanean, lehenik 20ko talde bat eta gero elkartean zabaltzen joango da dinamika.

Albiste gehiago

Jon Agirresarobe Lopetegi 'Torrotxo' - Bertsolari Bertsozale podkasta 2024-05-17

«Lagunartean bildu eta bertsotan egitea izan da bertsolaritzak eman didan gauzarik ederrena»

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»