Eratsungo saioa eta Maizpideko bertso-afaria emango dituzte. Mintzolari buruzko erreportaje bat egin dute. Zuri-beltzekoan Lazkao-Txikiren bertsoaldi bat entzun ahal izango da. Zappingean, berriz, Amurizak eta Egañak Oteizari botatako bertsoak erakutsiko dituzte.
Aste honetan ere Hitzetik Hortzera programa ikusi ahal izango da ETBn. Aste honetako programak eduki asko izango ditu.
Lau bertso-saio emango dituzte. Alde batetik, joan zen ostiralean Beran izandako bertso-saio didaktikoaren laburpena emango dute. Karlos Aizpurua izan zen gai-jartzaile, eta honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Miel Mari Elosegi "Luze"
Julen Zelaieta
Xabier Terreros
Iñigo Olaetxea
Eneko Lazkoz
Estitxu Arozena
Julio Soto
Hamaika Bertute Egunean ere izan ziren Hitzetik Hortzerako kamerak. Oñatin tabernaz taberna aritu ziren ekimeneko kideak larunbatean, tabuei buruzko zenbait saio eginez. Laguntzaile izan zituzten Iraia Elias eta Asier Baglietto aktoreak.
Inauteriak gerturatzen ari diren honetan, bertako saio bat eskainiko dute. Eratsunen izan zen saioa, eta Aitor Mendiluze eta Anjel Mari Peñagarikanok kantatu zuten, bikingoz eta Erdi Aroko gerlariz mozorrotuta.
Saioekin bukatzeko, Lazkaon astelehenean izan zen bertso-afariko saio onenak eskainiko dituzte. Maizpide euskaltegian izan zen saioa, eta Mikel Mendizabal eta Euxebio Igartzabalek kantatu zuten bertan.
Bestelakoan, Mintzolari buruzko erreportajea ere osatu dute. Joan zen azaroan izan zen aurkezpena, eta ordutik zer egin den eta zertan diren azalduko du Josune Zabalak.
Gainerako ataletan, Zuri-beltzekoa eta HH Zappinga ere izango ditu aste honetako programak. Zuri-beltzekoan Lazkao-Txikik kinielari kantatutakoak emango dituzte. Zappingean, berriz, Egañak eta Amurizak Oteizari botatakoak.
Ohi den moduan, aste honetan ere bi egunetan izango da programa. Ostegunean ETB3n izango da, gaueko 22etan. ETB1en, berriz, igandean eskainiko dute, eguerdiko 15etan.