Iñaki Murua-DV 2010-02-08

«Bertsolaritzak sortzaileak eman behar dizkio gizarteari»

 07.02.10 - 02:36 -
NEREA AZURMENDI | DV

Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko lehendakaria
«Bertsolaritzak sortzaileak eman behar dizkio gizarteari»
Txapelketa Nagusiko finalaren ohiartzunak hasiak dira baretzen, Bertso Eguneko fokoak itzali ziren. Egutegian beltzez markatutako egunetako errutinara itzuli da bertsolaritza. Iñaki Muruak berak behin erabilitako irudia baliatuz, behera egin duen aparraren azpian dagoen likidoan murgildu da atzera: «Autoelikatzen, transmititzen, garaietara egokitzen... Hezkuntza arautuan, bertso eskoletan, plazetan... Beti berdin eta beti berri. Nahiz eta Txapelketa Nagusia edo Bertso Eguna bertsolaritzaren erakusleiho garrantzitsuenak izan, horiek pasa ondoren ere bertsogintzak eta bertsolaritzak aurrera jarraitzen dute, eta Elkarteak hor ekarpenak egiten edo eragiten segituko du».
- Nola egiten da BECeko finalaren tamainako arrakasta baten digestioa triunfalismoan eta 'autolosintxan' erori gabe?
- Guk gogoetari ekin diogu. Epaileak, gai-jartzaileak, bertsolariak, antolatzaileak..., denak ari gara prozesu horretan parte hartzen, hori egin gabe hurrengo txapelketa egiteko sekulako arazoak izango genituzkeelako. Gogoeta gordina da, konbateak egoten dira, dena aztertzen baita: zer mirarekin zegoen jarrita halako gai, epaileen lana, bertsolariaren jarduna, atzean gelditu denaren mina...
- Fokopeko une horien distira bere horretan agortzen da, edo badu ondorio iraunkorragorik?
- Une horiek elkartea bazkide berriz osatzeko balio dute, bertso eskoletarako tiradizoa ugaritu egiten da, plazak ere beteago egoten dira bolada batean... Bertso eskoletarako motibazioa pizte horrekin gelditzen naiz ni bereziki, uste dudalako, orain-oraingoz, sormena prejuiziorik eta konplexurik gabe lantzeko dagoen espaziorik aberatsenetakoa direla. Bestearena entzun eta zurea indartzen ahalegindu behar duzu, landu behar dituzu sintesi gaitasuna, erreflexuak, mentalki argazki onak egiteko gai izan behar duzu, polibalentea... Iruditzen zait gaurko gizartean horrela entrenatutako jendea falta dela alor guztietan, esate baterako enpresetan. Hezkuntza arautuan landuta dugu hori nola jorratu, baina gizartearen beste esparru batzuetara ere egokitu beharko litzateke. Bertsolaritzak sortzaileak eman behar dizkio gizarteari, ez bakarrik bertsolariak. Horregatik ikusten ditut bertso eskolak sormena lantzeko espazio bezala.
- Albo-eragin guztiak dira aipatu dituzunak bezain onuragarriak?
- Inbidia ere sor dezakegu, eta ez zaigu batere gustatzen, ez dugu ulertzen horren zergatia. Gu prest gaude eskaparate hori eta guk egindako lanaren emaitzak eta aparrak konpartitzeko. Aukera horren bila gabiltza Mintzolan sartu garenetik. Lortu dugu, adibidez, euskaraz ez dakien askori ere gustagarri gertatzea euskaraz egindako zerbait. Horien arreta erakarri dugu, eta hori da polita. Nola aprobetxatu? Gu bakarrik ezin gara aritu. Horregatik aprobetxatu beharko lukete eskaparate hori antzerkigintzak, euskaltegiek, literaturak...
- Eskaparate horretan, eta eskaparateari begira, gazte jendea ikusten da batik bat. Ez al dago adin batetik aurrerako bertsozalea uxatzeko arriskurik?
- Arrisku hori badago, dudarik gabe. Andoni Egañak aspaldi deitu zion horri 'tenisfikazioa'... Eta gazteak gaztea erakartzen du. Sarrerak hartzeko sistemak berak eliminatzen ditu nire belaunalditik gorako ia denak. Hori bat. Bi, bertsotan egiteko era. Bertsolariak ikaragarri inteligente jokatu beharra dauka, bestela berak eta berarekin plazaz plazaz asko ibiltzen diren bertsolariek ulertu eta beste inork ulertu ezinda gertatu liteke. Dena den, sortzailea beti da aurrean daukanarekin 'feedback'-ean bizi den elementua: ez badu erantzunik, ez dio balio bertsoak. Uztapideri behin esan zioten «bertso ederra huan, baina inork ez dik ulertu». «Kaka, orduan», erantzun zuen. Nik uste dut gaurko ekipo honek badakiela zenbait hitz edo esperimenturekin adineko jendea jokoz kanpo gera daitekeela, eta gogoan duela Uztapidek esana. Dena den, gaurko bertsolarien ezaugarriak kontuan hartuta batzuetan desfasea ezinbestekoa da, baina uste dut komunikazioa estrategia bezala hartzen duen bertsolaria edonork ulertuko duela.
- Adin batetik aurrerako bertsolariak ere jokoz kanpo geratu zarete?
- Ibiltzen gara oraindik, baina jakin behar duzu zein den zure bidea. Bertsolari izateko bertsozale izan behar da lehenengo, eta bertsolari faseari bukaera ematen zaionean berriz bertsozale izateko prest egon behar duzu. Gu, Elkartearen sorreraren bila ibili ginen belaunaldikook, nola senti gaitezke deseroso gu baino hobeto moldatzen direnen bertsoak entzunez? Ni baino hobeto moldatzen direnak plazan ikusita gustura egoten naiz, harro. Gustatuko litzaidake, hala ere, bertsoaren unibertso hau 'multibertsoagoa' izatea, abanikoa zabaltzea. Pena eman zidan, esate baterako, Velodromokoan gertatutakoak, kartzelakoan zortzitik sei gauza bera esaten jartzea. Pobrezia horrek kezkatu egiten nau, eta pentsatzen dut ea noiz hasiko garen barruak eskatzen diguna botatzen, dagoena dagoela aurrean. Aurrean dagoenari gehiegi begiratuta kantatzea ere ez da ona.
- Transmisioaren alorrean lan handia egiten du Elkarteak. Belaunaldi desberdinetako bertsolarien artean funtzionatzen du transmisioak?
- Jendeak uste du transmisioa dela katemailak lotzea, katea ez etetea eta belaunaldi batek besteari paso ematea, eta hori gezurra da. Azkenean, bertsolaritzan behetik gora egiten duenak zer edo zer puskatuz egiten du gora. Hori beti gertatu da. Katea maiz eten izan da. Bazuentzat bertsolaritza bukatu zen Txirrita bukatu zenean, beste batzuentzat Lasarterekin, jende mordo batek esan zuen Lazkao Txikiren ondotik ez zela halakorik berriz etorriko... Horrelakoak adituz joan gara beti aurrera, horrek ez nau kezkatzen. Beste kontu bat da mezuaren eta komunikazioaren inguruko estrategiak etetea, horri diot beldurra, mezuaren joan-etorriko katea eteteari. Bertsolaritza ezin da izan sortzaileen regodeo hutsa, komunikazio ekintza bat delako, eta komunikazioa bakarrik gauzatzen da mezua ulertzen denean. Mezuen ulertezina baletor, orduan etengo litzateke katea, orduan egingo lukete porrot transmisioak eta bertsolaritzak.
- Bertso Eguneko lanetako batean, probokatzailearena eginez, bertsolaritzaren egoeraz jardutea tokatu zitzaion Jon Maiari, eta egurra eman zion 'star system'-ari. Badago horrelakorik?
-Bertsolaritzan eta bertsolarien artean baino gehiago ikusten dut nik hori zaletuen artean. Bertsolaria da bere publikoarentzat eskuragarrien dagoen artista; nahi duenak lor dezake gure telefonoa eta deitu edo saio bat proposatzeko edo bertsoak eskatzeko... Zein dira elitea? Gehien dabiltzanak? Iker Zubeldiak finalistek adina saio egingo ditu, eta haiekin batera. Egaña da elitea? Eliteko saskibaloi talde bat ez da etorriko Gabiriko plazara; Egaña bai. Izarra zein da, Maialen? Beraxek jango ditu aurten marroi gehien, bera izango da debaldeko saio gehien egingo dituena, edozein hasiberri bezain eskuragarri dago eta... Gailurra BEC kontsideratzen badugu, nik han ez nuen izarrik ikusi, han ekipo bat ari zen lehiatzen, eta ekipo irudia eman zuten, horrelaxe jarduten direlako, ekipoan.
- Baina lana banatzeko orduan igarriko dira diferentziak.
- Ulertzekoa da jendeak saioetan gehien destakatu dutenak nahi izatea. Hori askotan gertatu izan da da. Uztapide eta Basarri, Uztapide eta Lasarte, Azpillaga eta Lopategi Bizkaian... Haien garaietan ere gauza bera gertatzen zen. Zorionez, orduan baino askoz ere plaza eta aukera gehiago daude gaur egun. Jendea ere askoz gehiago dago, egia da. Nire ustez, bertsotarako plazak eta espazioak bilatu eta sortu egin behar dira. Badaude formulak, Hamaika Bertuteren bidea ere hor dago. Ibiliz egiten da bidea, eta bertsotan egin nahi duenak halaxe ulertu behar du. Txapeldun ohiak besteentzat aulkiak jartzen hasteko prest badaude, hasi berriak mundua hankaz gora jartzeko irrikaz egon behar du...
- Ulertzen dute hori bertso eskoletatik plaza bila irteten direnek?
- Ulertu behar dute bertso eskola gure sarearen funtsezko pieza dela, ez dela bakarrik plazarako bidea. Eta plazara iristea baino garrantzitsuagoa izan daitekeela bertso eskolan jasotako entrenamendua, ez bakarrik bertsotarakoa. Aurreneko helburua izan behar du pertsona aberastea, eta pertsona horien bitartez gizarteari ekarpena egitea.
- Okurritu zaizue 'bertso-coaching'-aren negozioa sortzea?
- Ez gara gu oso negozianteak, baina handik eta hemendik laguntzak murrizten ari zaizkigun honetan begiratu beharko diogu...

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri