Nafarroako Txapelketaz ere ariko dira 2010-03-10

Gernika eta Izpurako saioak emango ditu Hitzetik Hortzerak

Aste honetan lehiaketa berria jarriko dute martxan, eta maiatzaren 1ean Belfasten egingo duten "Bertso Dinner"-erako bi lagunentzako bidaia jarriko dute jokoan.
 Bi bertso-saio izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeraren erdigune. Alde batetik, Gernikan Busturialdeko Hitzaren alde egindako saioko unerik onenak eskeiniko dituzte. Honako bertsolari hauek kantatu zuten bertan:

 Amets Arzallus
 Sustrai Colina
 Aitor Sarriegi
 Jon Maia
 Unai Iturriaga
 Aitor Mendiluze

 Josu Goikoetxeak jarri zizkien gaiak.

 Bestalde, aurreko astean aurreratu bezala, Izpuran izandako saio bat ere emango dute. Hudaltzainak aritu ziren bertan: Josu Martinez gitarraz, Txaber Fernandez bibolinaz, Gorka Etxeberria bateriaz, Beñat Ralla pianoaz eta kantuan Fredi Paia, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue.

 Nafarroako Txapelketan, berriz, joan zen igandean jokatu zen azkeneko finalaurrekoa, Atarrabian. Honenbestez, honako bertsolari hauek ariko dira finalean:

 Julio Soto
 Xabier Legarreta "Arano"
 Arkaitz Goikoetxea
 Estitxu Arozena
 Xabier Terreros
 Julen Zelaieta
 Oskar Estanga
 Eneko Lazkoz

 Arrasaten joan zen asteazkenean izandako hitzaldiari ere tartea eskainiko diote. Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi aritu ziren hizlari moduan, "Emakumea eta Bertsolaritza" izenburutzat hartuta.

 Ohiko tarteak ere izango ditu aste honetako programak. Zuri-beltzekoan Jon Lopategi agertuko da, A8aren lanei buruz kantuan. Artxibokoan, berriz, 1991ko martxoaren 8an egindako programa berezia emango dute, emakumeaz eta bertsolaritzaz aritu baitzen.

 Azkenik, berritasun bat ere izango du Hitzetik Hortzerak. Hirugarren aldiz "Bertso Dinnerra" egingo dute Belfasten aurten, maiatzaren 1ean. Jon Maia eta Maialen Lujanbiok kantatuko dute bertan. Hitzetik Hortzerak bertara joateko bi lagunentzako sarrerak lortzeko aukera emango du. Horretarako, programan jarritako bi punturi erantzun beharko diete bertsozaleek. Bertsoak osatu, grabatu, eta programara bidali beharko dira, hitzetikortzera@digitalak.com helbidera idatziz edo facebooken Hitzetik Hortzeraren gunean eskegiz.

 Aste honetan programa bakarra izango da. Ostegunean emango dute, gaueko 22etan, ETB3n. Bestela, internetez ere jarraitu ahal izango dira aste honetako edukiak.

Albiste gehiago

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-09

Amoroto eta Irurako bertso jaialdiak Hitzetik Hortzeran