Irati Andak jarritako bertsoak ere izango dira entzungai 2010-05-12

Arabako finala eta Osinalde saria eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak

Zapping-ean 1990eko Osinalde Sariko irudiak eskainiko dituzte. Zuri-beltzekoan, berriz, Migel Arozamenaren puntu-erantzun bat emango dute. Saioa bukatzeko gutxi falta denez, denboraldiko bertsoaldi onenak izango dira ikusgai hemendik aurrera.
 Edukiz beteta dator aste honetako Hitzetik Hortzera.

 Joan zen larunbatean jokatu zen Arabako finala, eta tarte handia beteko du programan. Alde batetik, Bertso Sorta Kolektiboen finaleko unerik onenak eskainiko dituzte. Aldapazaleak, Martin Ttipia eta Aramaioko taldeak neurtu ziren, "Araba" gaitzat hartuta, eta Martin Ttipia nagusitu zen.

 Idatzizkoen ondoren bat-bateko bertsoak iritsi ziren. Bi talde aritu ziren lehian: Kakiturri-Ehari (Juan Mari Juaristi, Rikardo Gonzalez de Durana, Asier Otamendi, Felipe Zelaieta eta Gaizka Urtaran) eta Aramaio (Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Iker Agirre eta Xabi Igoa). Azken hauek jantzi zuten txapela.

 Horrez gain, beste arabar batek ere izango du tartea programan: Irati Andak. Eskalatzaile eta bertsozalea da Irati Anda, eta eskalada nola bizi duen kontatuko du bertsotan.

 Larunbatean bertan jokatu zen Gabiriako Osinalde elkartean Osinalde sariko finala. Honako bertsolari hauek kantatu zuten bertan:

  Mikel Artola
  Endika Igartzabal
  Hodei Iruretagoiena
  Ainhoa Mujika
  Julen Agirre
  Odei Barroso

 Azkenean Mikel Artolak lortu zuen txapela, Endika Igartzabalek publikoaren saria eta Hodei Iruretagoienak bertso onenarena. Bertso onenak entzungai izango dira programan.

 Zappingean ere lekua izango du Osinalde sariak. Hala, 1990ean jokatutako finaleko irudiak emango dituzte. Honako bertsolari hauek aritu ziren urte hartako finalean:

  Bernardo Azpillaga
  Bittor Elizagoien
  Martin Rezabal "Olaso"
  Jon Maia
  Joxe Anjel Salegi "Lizarreta"
  Joxe Ramon Gerriko

 Zuri-beltzekoan Migel Arozamenaren puntu-erantzun bat emango dute, Patxi Barbero gai-jartzaile zuela.

 Jada gutxi falta da Hitzetik Hortzerak udako oporrak har ditzan. Hori dela eta, denboraldiko bertsoaldirik onenak eskainiko dituzte hemendik aurrera. Aste honetan udazkenetik jokatutako txapelketen laburpen bat emango dute.

 Bukatzeko, Itziarren egindako Erromeria eguneko bideoa ere eskainiko dute programan.

 Aste honetan ere bi aldiz izango da ikusgai Hitzetik Hortzera. ETB3an ostegunean emango dute, gaueko 22etan. ETB1ean, berriz, ostiralean izango da ikusgai, arratsaldeko 18:15etan.



 Argazkia Osinalde Elkartearena da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri