Denboraldiko azkenekoa izango da 2010-06-02

Hitzetik Hortzerak saio berezia egingo du aste honetan

The Morgan Kompany jatetxetik aurkeztuko dute saioa. Bertan Jon Maiak eta Maialen Lujanbiok bertsotan egingo dute. Horrez gain, Lasarteko saioa ere emango dute. Zuri-beltzekoan Xalbador izango da protagonista.
 Aste honetan bukatuko da Hitzetik Hortzeraren aurtengo denboraldia. Astero bezala, ostegunean ETB3an, gaueko 22etan eta ostegunean ETB1en, arratsaldeko 18:15etan izango da programa ikusgai.

 Denboraldia bukatzeko, programa berezia prestatu dute. The Morgan Kompany jatetxetik aurkeztuko dute saioa erredakziokoek. Bertan Jon Maia eta Maialen Lujanbio bertsolariak ariko dira kantari. Jatekoak ere izango dituzte: sushia, entsaladak, txitxiburduntziak, barazkiak tenpuran... Bertsolariak mahai batetik bestera ibiliko dira.

 Bestelako saioak ere eskainiko dituzte aste honetako programan. Orain dela aste batzuk bertso-saio berezia egin zuten Lasarten, bertso-eskolak antolatuta. "Lekuona Hotela" jarri zioten izenburu moduan eta bertsoa eta dantza uztartu zituzten. Hitzetik Hortzerak Andoni Egañak eta Xabier Payak egindako bertsoaldi pare bat eskainiko dituzte.

 Zuri-beltzekoa ere izango da aste honetan. Xalbadorrek pilota jokoari buruz kantatutako bertsoa emango dute.

 Azkeneko aste hauetan denboraldiari errepasoa ematen aritu dira Hitzetik Hortzeran. Aste honetan ere tartea eskainiko diote orain arte emandakoari.

 Datozen asteetan ez da Hitzetik Hortzerarik izango, baina bertsoak bere lekua edukiko du ETBn. Datorren astean eta hurrengoan 2009ko Txapelketa Nagusiko bertsoaldirik onenak emango dituzte. Lehendabizikoan finalaren aurretik kantatutako bertsorik onenak izango dira entzungai eta bigarrenean finalaren laburpena.

 Hirugarren programak ez du txapelketarekin zerikusirik izango. Bertso-Jazz ikuskizunaren azkeneko emanaldia eskainiko dute. Joan zen apirilaren 22an izan zen, Bilboko Kafe Antzokian. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Andoni Egaña aritu ziren bertsotan. Musika jotzen, berriz, honako hauek jardun zuten: Bixente Martinez (gitarra), Hasier Oleaga (bateria), Asier Ituarte (tronboia), Jule Izarra (saxoa) eta Jon Piris (kontrabaxua). Unai Elizasuk jarri zizkien gaiak.

 Hiru programa hauek ETB3n emango dituzte, ostegunez, gaueko 22etan.


 (Argazkia Txintxarri aldizkaritik hartua da)

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra