Agurainen jokatu da finala 2010-06-19

Maiana Irigoien baionarra Eskolarteko txapeldun eta Maialen Akizu urretxuarra umetan

Maiana Irigoien bainonarrak irabazi du Eskolarteko txapelketan eta Amaia Iturrioz urretxuarra gelditu da bigarren. Umetan, Maialen Akizu urretxuarra gelditu da txapeldun eta Aitor Bizkarra abadiñoarra bigarren. 250 entzule inguru bildu dira.

Maiana Irigoien bainonarrak irabazi du Eskolarteko txapelketan eta Amaia Iturrioz urretxuarra gelditu da bigarren. Umetan, Maialen Akizu urretxuarra gelditu da txapeldun eta Aitor Bizkarra abadiñoarra bigarren. 250 entzule inguru bildu dira.

Euskal Herriko Ikastolak Elkarteak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin lankidetzan antolatutako Euskal Herriko XXII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa goizeko 11etan hasi zen. Eguraldi lainotuarekin batera, zazpi herrialdeetako ordezkariak puntual azaldu ziren Aguraingo Harresi aretoko hitzordura.

T
xikietan, ale bikain ugari
Naroa Sasieta gai-jartzaile aguraindarrak ongietorria eman ondoren bertaratuei, lehenbiziko zazpiek honako gaia emanda osatu behar izan zuten lehen agurra: “Gaur zu lehen aldiz entzutera etorri diren lagunei kanta iezaiezu bertso bat.”. Aitor Servier azkaindarrak honela kantatu zuen gaia entzun eta gutxira: “Eskertu nahiko nuke entzulea bera/ eta etorri dena ni animatzera,/ zuen beharra daukat ta asko gainera”. Bigarren zazpikoteari gai hau jarri zioten: “Oholtzatik begira jarri eta zure gurasoak ikusten dituzu nerbioak airean, nerbioak zainetan. Lasaitu itzazu bertso batekin”. Talde hau motelxeago aritu bazen ere, Maialen Akizuk honela erantzun zion gaiari, bizkor-bizkor: “Jarri lasai ta ez zaizte egon horren larri, horren grabe, bertsolaritzak ez du zentzurik batere gozatu gabe”.

Lau oinak emanda, azpimarratzekoak izan ziren animalia kontuak. Izan ere, bertso hau kantatu zuen Aitor Bizkarra abadiñotarrak: “Herrian jarri dute alkate berria/ eta suntsitu digu osorik herria./ Nola nire etxea dugun baserria/ nahiago nuke alkate/ kortako txerria.” Eta, esan bezala, animalien ildotik segitu zuen Aratz Igartzabalek, bigarren zazpikotearen hasieran: “Gure ikuilun hantxe beltz-beltza zezena, harek Margarita du noski bere izena feri guztietako zezenik onena zahartzen ari dela horixe da pena”.

Azkenik ofizioka jarduteko unea heldu zitzaien 14 parte hartzaileei. Johaiñe Sarrailletek eta Aitor Bizkarrak gela bereko anaien paperetik zuten; Johaiñek jarritako bertsolarien argazkiak berehala kendu zituen Bizkarrak: “Egaña ta Iturriaga orain hemen eta han,/ nik askoz nahiago dut Victoria Beckham”. Aitor Servier eta Maialen Akizu ere fin aritu ziren; Maialenek lehenengoz galdu zuen pilota-partida bat Aitorren aurka, eta honela amaitu zuen ofizioa neskato urretxuarrak: “Nahita bota det gora, nahita jo det txapa,/ orain zure zaleak ezin ba aparta;/ hurrena emango dizut nik egur galanta,/ bestela oso gaizki ohituko zera ta”. Txaber Altube eta Maddalen Lopez ere ondo aritu ziren, elkarri erantzuten.

Ofizioak amaituta, epaimahaiaren erabakiz, bigarren atalera bertsolari hauek pasatu ziren: Peru Abarrategi arabarra, Maialen Akizu eta Aratz Igartzabal gipuzkoarrak, Txaber Altube eta Aitor Bizkarra bizkaitarrak, eta Aitor Servier azkaindarra. Atal honetan bertsolariek hitza emanda bertso bat osatu behar izan zuten lehenbizi.  Ariketa honetako alerik ederrena Maialen Akizuk bota zuen: “Brontzea eta zilarra baino askozaz ere gorago,/ zenbat bizitza eta zenbat lur mineral batek akabo;/ mundu guztia urrean bila erotu beharren dago,/ maitasunak bai balio dula urreak baino gehiago”.

Azkenik, zortziko nagusiko ofiziotan jardun zuten sei umeek. Txaber Altube semeak denbora luzea igaro ondoren sakelako telefono bat eskatzen, Aitor Bizkarra aitak bere mugikor zaharra eman zion. Honela amaitu zuen aitak lehen bertsoa: “Orain zertara zatoz negarrez? Ez kontatu zure penak!/ Jakin mobil zaharrak dira dauden mobilik eta onenak”. Semeak honela erantzun zion, goitik behera: “Telefono honek ematen du Harriketarren berria/ ta gainera erdi herdoilduta bere kolore gorria./ Isildu zaitez, hau zer da aita, amildegiko harria?/ Nik ez nizuke pena eman behar, zu zara penagarria”. Partaideen agurrak entzun eta lehen bien izenak iragarri ondoren, saioa ordu bat eta erdietan amaitu zen.

Arratsaldean, ez hain bizi
Biharamuneko Araba Euskaraz jaialdirako prest zegoen Aguraingo ikastolak gogo biziz hartu zituen bertsolari eta bertsozaleak. Bertan bazkaldu ondoren, arratsaldeko saioa 15.30 jota hasi zen. Euskal Herriko zaleen txaloak eta arabarren danbor hotsak bero hartu zituzten 15-18 urte bitartekoek 12 agurrak, aurten ez baitzen Zuberoako ordezkaririk izan. Saioak izan zuen une gogoangarriren bat edo beste, baina, oro har, bizitasun falta sumatu zen ariketa guztietan.

Agurrak entzun ondoren, saio puntuagarriari hasiera eman zion Naroa Sasietak. Kasualitatez, Amaia eta Mikel Iturriotz urretxuarrak neba-arreba paperean jarri zituzten, lau ardo botila edaten ari ziren gurasoekin afaltzen. Honela amaitu zuen ofizioa Amaiak: “…nik nahiago det jun kaleetan barrena/ pixka bat oker bueltauko gera hori litzake onena:/ umeek beti egiten dute aurren ikusten dutena”. Zortziko txikian saioak hobera egin zuen, nabarmen bizituz. Mikel Iturriotz eta Txomin Elosegi hazpandarra ikaskide rolean jarri zituzten, Txominek frantses eskola partikularrak eman ziezazkion urretxuarrari. Honela bota zuen bigarren bertsoa Elosegik: “Baina gu frantsesera orain hurbil gaiten/ hizkuntza hori ezin baitut burutik ken/ maite zaitut frantsesez erraiten da ‘je t’aime’”. Arratsaldeko saio txalotuena Maiana Irigoienek eta Ainhoa Comasek osatu zuten. Gai hauxe jarri zieten: “Ahizpak zarete. Ainhoak egunero Txapelketa Nagusiko DVDa ikusten du; Maiana dagoeneko nazkatuta dago”. Maianaren lehen bertsoaren bukaerak honela zioen: “Baina entzun Ainhoa hau da aski zaila,/
ez duzu inoiz ukanen Maialenen maila”. Ainhoak bete-betean erantzun zion, bere bigarren bertsoan: “Lehen esan duzuna nik diot kontrakoa,/ Lujanbiok izan nahi du ni bezalakoa”.

Bigarren fasera sei bertsolari hauek igaro ziren: Ainhoa Comas arabarra, Txomin Elosegi eta Maiana Irigoien lapurtarrak, Nerea Ibarzabal markinarra, Amaia Iturriotz gipuzkoarra eta Mattin Luku baxenafarra. Bertsolari guztiek puntu bati erantzun eta gai bati bi bertso kantatu behar izan zizkieten. Hau zen gaia: “Goizeko ordu biak dira eta parrandan zaude lagunekin. Sakelako telefonoari begiratu eta gurasoek zazpi aldiz deitu dizutela ikusi duzu”. Txomin Elosegik gogoeta planteatu zuen lehen bertsoan: “Ta mugikorra atera dut ta gurasoen mezuak hainbat:/ ‘gu inkiet gira, jatxun nigarrez, Txomin zu sartu etxerat…’/ Noiz ulertuko dute gurasoek ez naizela geiho haur bat?”. Nerea Ibarzabalek, ordea, umoretik jo zuen: “Dei dezatela gauean zehar, noizean behinka, tarteka,/ nire Orangeko erantzulea oso jatorra da eta”. Mattin Lukuren lehen bertsoak ere amaiera bikain hau zekarren: “Galdera bat dut buru barnean, erantzuna ez da errez,/ ene adina zuten garaia ahantzi ote dutenetz”.

Saio puntuagarria amaitu eta azken agurren ostean, Naroa Sasietak Juanjo Respaldizari deitu zion sari banaketari ekiteko. Respaldizak partaide eta erakunde babesleen ordezkariak oholtzara deitu eta sari banaketa bideratu zuen.

Esan beharra dago partaide guztiek, Agurainen jasotako oroigarriez gain, sari berezi bat jasoko dutela: txikiek egun bateko ibilaldi bat egingo dute elkarrekin; gazteek, aldiz, astebeteko irteera bat izango dute sari.

Sari banaketan erakunde hauek parte hartu zuten: Euskal Herriko Ikastolak Elkartea,  Aguraingo udala, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartea, eta Manex Agirre eta Maialen Lujanbio bertsolariak. Horienaz gain, txapelketak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntza izan du.

Hauek izan ziren partaide guztiak:

Txikien maila: 14 urte artekoak

1-    Peru Abarrategi (Aramaio, 1997)
2-    Maddalen Arrausi (Gasteiz, 1997)
3-    Txaber Altube (Abadiño, 1998)
4-    Aitor Bizkarra (Abadiño, 1996)
5-    Maialen Akizu (Urretxu, 1996)
6-    Aratz Igartzabal (Gabiria, 1996)
7-    Aitor Servier (Azkaine, 1997)
8-    Lur Renteria (Baiona, 1996)
9-    Jon Irazabal (Ainhiza-Monjolos, 1997)
10-    Itxaro Dunate (Aiherra, 1997)
11-    Johaiñe Sarraillet ( Lakarri, 1997)
12-    Ibai Thornari (Zalgize, 1997)
13-    Maddalen Lopez (Lesaka, 1997)
14-    Mikel Lasarte (Barañain, 1996)
   
Handien maila: 15 - 18 urte bitartekoak

1-    Xabi Igoa (Aramaio, 1992)
2-    Ainhoa Comas (Amurrio, 1994)
3-    Peio Ormazabal (Arrigorriaga, 1992)
4-    Nerea Ibarzabal (Markina, 1994)
5-    Amaia Iturriotz (Urretxu, 1993)
6-    Mikel Iturriotz (Urretxu, 1995)
7-    Maiana Irigoien (Baiona, 1992)
8-    Txomin Elosegi (Hazparne, 1992)
9-    Mattin Luku (Donibane Garazi, 1992)
10-    Bixente Hirigarai (Baigorri, 1992)
11-    Ioar Tainta (Lesaka, 1992)
12-    Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugaire, 1994)

Epai-mahaian:
-    Ekaitz Elorriaga (Araba)
-    Gorka Intxaurbe (Bizkaia)
-    Bakarne Urreaga (Gipuzkoa)
-    Eneko Bidegain (Lapurdi)
-    Beñat Soulé (Nafarroa Beherea)
-    Nerea Bruño (Nafarroa)

-  Epai-mahaiko idazkari-lanetan: Maiteder Sasieta
- Gai-jartzaile: Naroa Sasieta

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri