Bertsolamintza: "Inertziak erantzi, garena jantzi" 2011-03-01

45 lagun inguru elkartu ziren lehenengo jardunaldian

Eric Dicharry, Andoni Egaña eta Amaia Vazquez aritu ziren hizlari lanetan. Ondoren, bertso-afari esperimentala egin zuten Anjel Mari Peñagarikano, Miren Amuriza, Maialen Lujanbio eta Sebastian Lizasok.

 Joan zen larunbatean hasi zen Bertsolamintzaren aurtengo edizioa, Saran. Inertziak izango dira aurtengo gai nagusia. Izenburua, berriz, honako hau: "Inertziak erantzi, garena jantzi". Saran 45 bat lagun elkartu ziren hitzaldiak jarraitzeko.

 Eric Dicharry: "Bertsolaritza eta Umorea"

 Eric Dicharryk bertsolaritza eta umorearen arteko harremana ikertu du. Larunbatean azaldu zuenez, Euskal Herrian umorea egiteko bada zailtasunik: Hego eta Ipar Euskal Herrian erreferentzia ezberdinak erabiltzen dira, eta umorea erreferentzietatik etortzen da. Garai batean bertsolariak entzutera joaten zen jendea irri egitera ere joaten omen zen.

 Baina, zer da umorea? Eric Dicharryk azaldu zuenez umorea disposizio bat da, jarrera bat, eta ertsonarekin du zerikusia. Jarduera bat ere bada, ordea: bestearekiko jarrera eta interpretazio bat. Entzuleak, lehenengo, esandakoa ulertu egin behar du eta, ondoren, onartu, hori egin ezean ez baitago umorerik. Bertsolari eta entzule bakoitzak dauka bere umorea.

 "Umorea" hitza bera anbiguoa omen da, interpretazio bat, bigarren pausu bat eskatzen baitu. Kontzienteki egindako zerbait da, komikotasuna baino sakonagoa. Bertsolari komikoak ere egon izan dira, eta Mattin hartu zuen adibidetzat. Bere ezaugarri fisikoei barre egiten zekien, autotrufara joz. Bazekien bere ezaugarri fisikoak nola kudeatu. Eta bertsolari umoretsuak ere badaude.

 Testia eta ingurua, pertsona eta gizartea, lotuta daude Eric Dicharryren iritziz. Gizartean indarrean dagoen moralak finkatzen du zertaz egin daitekeen barre eta zertaz ez.

 Gaurko bertsolarien eta lehengoen umorea ez omen da berdina. Gaurkoek zorrotz, bizi, argi... egiten omen dute umorea. Hau erakusteko 2008ko Iparraldeko Bertsolari Txapelketako bi bideo erakutsi zituen.

 Inertziak aipatzen hasita, estereotipoak aukera bat gehiago dira irria sortzeko, baina ez dira aukera bakarra. Bertsolariek erreferenteak sortu ere egin ditzakete, ez soilik daudenak erabili. Kontestuak ere badu bere garrantzia, ordea.

 
 Andoni Egaña: "Nola gainditzen dira inertzia ideologikoak? Zenbateraino obligatzen dute?"

 Ideologia mundu ikuskera konpartitu bat da. Bertsotan lau taldek hartzen dute parte, batez ere: giarteak, bertsozalegoak, bertsolariak eta gai-jartzaileak. Denak daude elkarri lotuta. Bertsolaritzaren ezaugarria da jendaurrekotasuna, beti komunikatu nahi izatea. Lehen inertzia da publikoak bat-batean uler dezala kantatzen dena. Hori apurtzeko bide bat da probokazioa, baina oin laburrak dauzka. Norberetik kantatzea da beste bidea, baina publikoaren bataz bestekoaren ustez parekoa ez bada ez du arrakasta komunikatiborik lortuko. Esentzia eta komunikazioaren arteko lehia dago. Andoni Egañak Maialen Lujanbio jartzen du salbuespen moduan, bietan bat egitea lortu baitu.

 Bertsozalegoa gizartea baino irekiagoa delakoan dago Andoni Egaña, eta horrek egin duela posible Maialen Lujanbio publikoarengana iristea, kultura konpartitu bat dagoelako hor. Bertsolaria kearen bila ibili ohi da sua sortzeko; publikoa nola piztu asmatu nahian aritzen da. Bertsolariak ez du politikoki zuzenaren mende jarri behar, ateraldiak eguneroko ogi dira beretzat. Jendearekikoa egiteari ez zaio ihes egiten. Baina, barruan, denok dauzkagu gure inkoherentziak. Ideologia inkoherentzia horiek kudeatzeko modua izango litzateke.

 Inertziak garaian garaian aldatuz joan direla dio Andoni Egañak. 60ko hamarkadan Euskal Herrian inertzia asko zeuden: nortasun-nahia agertzen hasten da, gizonek kantatzen dute, fededunak dira, benetakoaren alde egiten dute, lana estimatzen dute... 1962an Donostian honako bakarkako gai hau jarri zioten Lazkao-Txikiri: "Amerikako sukaldeetan gizonak aritzen omen dira platerak garbitzen". Eta inertzia horiei jarraituz kantatu zuen Lazkao-Txikik. Dena den, garai guztietan dago inertziak apurtzeko prest dagoen norbait. Uztapideri garai hartan bertsolarien santua aukeratzeko eskatu zioten. Eta berak, garaiko joerak aipatuz, ez zuen erlijioarekin lotutako inor aukeratu, Pedro Mari Otaño, baizik.

 Gaur egungo inertziak zein dira, ordea? Nortasun berezi nahia, euskarak duen egoera ez dela nahikoa aldarrikatzea, emakumeak gero eta presentzia handiagoa dauka bizitza publikoan, fedearen galera... Baina, inertziak apurtzeagatik apurtu behar dira? Bertsolari eta gai-jartzaile batzuk joan daitezke gizartea baino apur bat aurrerago, baina bidea batera egin bearra dago.

 Ideologia politikoaz ere hitz egin zuen Andoni Egañak. "Gatazka" hitza berria dela azaldu duen. Lazkao Txikik, bere garaian, "Espainia" deitzen zion Hego Euskal Herriari ere. 70eko hamarkadan Lopategi eta Azpillagak arrakasta handia izan zuten beren ideologia politikoari lotuta seguru asko; baina ordutik gertaera politikoak oso azkarrak izan dira, bertsolaria galduta sentitzeraino ia. Abertzaletasunean ere etena gertatu da. Dena den, arazo politikoa ez da gehien agertzen gogorren dagoenean. 1981ean gertaera ugari izan ziren Hego Euskal Herrian, eta Andoni Egañak susmoa du ez zitzaiela gehiegi kantatu. Litekeena da bertsoa molde estu eta zailegia izatea gertaera horiei erantzuna emateko.

 Gaur egun kamarak ere iritsi dira bertsolaritzara, eta horrek propaganda-tresna ere bilakatzen du bertsolaria. Dena den, beti egon izan da bertsolaria erdigunean.


 Amaia Vazquez: "Inprobisazioaren gozamena: oholtzako bertsolaria nola askatu proiekzioetatik eta unean unekoa gozatu"

 Amaia Vazquez psikologoak emozioen gaia aztertu zuen Sarako hitzaldian. Bertsolariak ikusi eta entzunda publikoari emozioa iristen zaiola azaldu zuen, bertsolaria arrazoitik aritzen den arren. Bertsolariak gauza kontrolaezin asko dauzka bere inguruan: espazioa, publikoa, gaia... Hori bat-batean dauka kudeatu beharra. Horren aurrean, bertsolariak sentitzen duen lehenengo emozioa beldurra izaten da, eta hori kudeatu behar du alde kognitiboan (arrazoian) eragin ez diezaion. Une batean segurtasunarekin egiten du topo, eta hortik aurrera hasiko da bertsolaria gozatzen. Dena den, Amaia Vazquez ziur dago bertsolariek beste emozio batzuekin ere kantatu behar izaten dutela, haserrearekin adibidez. Gainera, bertsolarien giroa "ghetto" bat delakoan dago; bertsolariek elkarren ezagutza handia daukate, eta hori kudeatu beharra dago.

 Descartesek esandakoen aurka, psikologoek beste lelo bat daukate: "sentitzenm dut, beraz banaiz, eta gero pentsatzen dut". Emozioa menderaezina da. Oinarrizko 4 emozio daude: plazerra, beldurra, tristura eta agresibitatea. Emozioak ez dira berez ez onak eta ez txarrak, beharrezkoak dira. Poza eta plazerra estali egiten ditugu, hala ere, eta tristuraren bila aritzen gara. Agresibitatea ere beharrezkoa da, gure espazioak konkistatzen laguntzen digulako. Hori kudeatzen ikastea da kontua.

 Sentimendu eta emozioak bereizi egin behar dira. Agresibitatea inbidia edo amorru sentimendu bilaka daiteke, adibidez. Emozioak gorputza eta burua agerian jartzen ditu. Gorputzean sentitzen dugu eta alde kognitiboak hori kudeatu egiten du. Oholtzara, normalean, bertsolariak uzkur agertzen direla irizten du Amaia Vazquezek.

 Emozioari izena jartzea omen da lehenengo urratsa gero hori zeharkatu ahal izateko. Plazerrerako eta pozik bizitzeko programatuta gaude jaiotzen garen unetik. Gustatzen ez zaigun emozio bat sumatzean horren kontra egiten dugu borroka, baina hori ez da bidea. Emozioak ezkutatu egiten ditugu, ahuleziarik ez erakusteko. Gizonezkoek kastrazio handiagoa jasan dute zentzu honetan.

 Amaia Vazquezek, bere hitzaldia bukatzeko, emozioei sexua eta generoa kendu behar zaizkiela aldarrikatu zuen. Adimen emozionala garatu beharra dago, emozioak kudeatzen jakiteko. Gainera, enpatiaz ere jokatu behar dugu, beste pertsona urrun sentitu gabe.


 Hitzaldiak bukatu ondoren, bertso-afari esperimentala egin zuten, arratsaldean zehar landutako gaiak aproban jartzeko. 100 bat lagun elkartu ziren bertan. Andoni Egañak eta Amaia Vazquezek prestatu zuten saioa, eta honako bertsolari hauek aritu ziren bertan kantuan:

 Sebastian Lizaso
 Maialen Lujanbio
 Anjel Mari Peñagarikano
 Miren Amuriza

 Ariketa bereziak proposatu zizkieten bertsolariei, eta ariketa batzuen ondoren bertsolariek egindako lanaren analisia egin zuten Andoni Egañak eta Amaia Vazquezek. Publikoa gustura geratu zen saioarekin, eta antolatzaileak ere bai.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri