Bertsolamintza: "Inertziak erantzi, garena jantzi" 2011-03-03

25 bat pertsona elkartu ziren Gasteizen

Fredi Paia eta Oier Araolaza aritu ziren hizlari lanetan. Txapelketa izan zen eguneko gai nagusia, eta txapelketak sormenean dituen ondorioak. Bukaeran entzuleek ere parte hartu zuten eztabaidan.
 Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza sailak Bertsolamintza jardunaldiak antolatu ditu aurten ere. "Inertziak erantzi, garena jantzi" da aurtengoaren izenburua, eta inertziak izango dira jardunaldien gai zentrala.

 Larunbatean hasi zen Bertsolamintza, Saran, eta asteartean bigarren jardunaldia izan zuen Gasteizen. 25 bat lagun elkartu ziren Amaia zentroan, eta publikoak, parte hartzeko gogotsu, galdera ugari egin zituen bukaeran. Fredi Paia eta Oier Araolaza aritu ziren hizlari lanetan.

 
 Oier Araolaza: "Txapelketaren kontra"

 Izenburu esanguratsua zeukan Oier Araolazaren hitzaldiak. Dantza mundutik heldu da, eta kultur-txapelketekiko kritikoa da eibartarra. Dena den, bere hitzaldia txapelketaren alde onak aipatuz hasi zuen, bere ustez balantza batean jarri behar baitira alde onak eta txarrak. Azaldu zuenez txapelketak teknika garatzera behartzen du bertsolaria. Gainera, gizarte mediatiko batean bizi garenez, oihartzun handia dauka, eta tranpolin funtzioa ere betetzen du. Zaila da hori beste formatu batean aurkitzea, ondo antolatuz gero tranpolin hori eraginkorra baita. Azkenik, pizgarri funtzioa ere betetzen du txapelketak, beste hainbat jarduera dinamizatzen baititu.

 Ezaugarri positibo horiez asko hitz egiten delakoan dago eibartarra, eta bere hitzaldian ezaugarri negatiboak ere nabarmentzea nahi zuela azaldu zuen. Dena den, bere helburua ez omen da txapelketak bertan behera uztea, argudio negatibo horiek aintzat hartzea baizik. Izan ere, txapelketak maiz disfuntzio batzuk sortzen baititu, aurreikusten ez direnak.

 Batetik, txapelketa bat antolatzea zilegi dela erabakitzen den unean sistema bat onartzen da, eta baita adierazpen artistikoak ere ordena hierarkiko batean antola daitezkeela ere. Adibide moduan, hiru artelan puntuatu eta hierarkizatu egin zituen Oier Araolazak. Hau etengabe egiten da gizartean, "egunkariak saltzeko" bere iritziz, baina jakin egin behar da jolas bat besterik ez dela. Alfonso Sastreri jarraiki, alternatiba bat plazaratuko luke berak: uko egiten die txapelketei, baina ez sariak emateari; zerbait errekonozitzeari, alegia, inoren gainetik jarri gabe.

 Txapelketa bat sortzen den unetik "ondo" absolutu bat badagoela onartzen da, kontestu guztietarako balio duena. Judith Monterok Argia astekariko elkarriketa batean azaldu zuen teknika soilik helburu izatea ez dela bidea. Oier Araolazak azaldu zuenez, "ndo" da komunikazioa eta sorkuntza funtzionarazten dituena; sorkuntzan bide berriak irekitzeko balio duena.

 Bestetik, txapelketak berak erabakitzen du zer den "ondo" dagoena; eredu bilakatzen da sektore osorako. Txapelketan teknikak hartu ohi du lehentasuna, hierarkizatzeko errazena baita. Komunikazioa eta sorkuntza ezberdinak dira.

 Azkenik, eta honi lotuta, txapelketak ereduak sortu, hedatu eta ezartzeko makinak dira eibartarraren iritziz.

 Dantza mundutik datorrenez, dantzari lotutako adibideak ipini zituen bere ideiak ilustratzeko; bi bideo hain zuzen ere. Batetik bestera 80 urteko tartea zegoen. Lehenengoan, mende hasieran egindako txapelketa bat erakusten zen, eta dantzariaren helburu nagusia zerbait komunikatzea zela ikusten zen. Bigarrenean eredu gimnastiko baten garaipena ikusten zen.


 Fredi Paia: "Zelan eragiten dio txapelketak sormenari? Epaileak kalitate ziurtagiri?"

 Fredi Paiak ere txapelketak aipatuz ekin zion bere hitzaldiari. Azaldu zuenez, historikoki bertsolariak lehiatzeko erabili izan duen modua desafioa izan da. Lehenengo datuak 1801eko Villabonako desafiokoak direla azaldu zuen. Bertsolaria bera zen antolatzaile, herri kirolen filosofiari lotuta. Iraupen luzeko probak izaten ziren. Villabonako desafioan 4000 entzule elkartu omen ziren. Bertsolari bakoitzak bere oholtza zeukan, eta baita bere epailea ere. 2 ordu inguruz aritu omen ziren bertsotan. Desafio gehienak berdinketan bukatzen omen ziren, eta desafioa puskatzeko modu berezia zeukaten: bestearen bertso gehien gogoratzen zituena ateratzen zen garaile, bakoitzaren erantzuteko gaitasunaren froga moduan. Gaur egun, Euskal Herriko finalean bertsolari bakoitzak 25 bertso kantatzen ditu. Garai hartako epaileak gizartearen aurrean autoritatea zuten pertsonak izan ohi ziren, eta epaia ere bertsotan ematen zuten.

 Gaur egungo txapelketa eredua XX mendeko 3. hamarkadan sortu zela azaldu zuen algortarrak. EAJ, Euskaltzaindia eta ELiza egon ziren atzean, "Aitzol" buru zela. Bertsolariei koplakari deitzen zitzaien garai hartan, eta beren "egiaren zabalpenerako" sortu omen zituzten txapelketak. Hau da, txapelketak ekitaldi-politiko bilakatu zirela esan zuen Fredi Paiak.

 Bere iritziz, 1980an Txapelketa bertsolarien gainetik gailendu zen. Talka bat izan zen bertsolarien eta Euskaltzaindiaren artean, eta garai hartan plazan gehien zebiltzan bertsolarietako batzuk uko egin zioten txapelketara joateari: Imanol Lazkanok, Jon Lopategik, Lazkao-Txikik, Lasartek... Hala ere, Euskaltzaindiak aurrera egin zuen, eta 16 bertsolari baino gehiagok eman zuten izena. Bertso gutxitara jokatzen dira txapelketak, ikusgarritasuna emateko, eta horrek antsietatea sortzen du eta idatzizko baliabideetara jotzen du bertsolariak. Garai hartan bertso-jartzaile ezaguna zen Amuriza nagusitu zen txapelketan. Azken puntu zabalak erabili zituen, kargatuak, hori baitzen estrategia egokiena txapelketarako. Fredi Paiaren iritziz Amurizaren bertsokerak apurtu egin zuen aurreko tradizioarekin.

 Gaur egun bertsolarien desplazera sortu delakoan dago. Bakarkako gai zabalen aurrean, bertsolariek bertso-bideratzaile bat eta "kontrabandoko sortak" darabiltzatelakoan dago.

 Askotan bertsolaria "galduta" sentitzen delakoan dago, puntuak soilik ikusten baititu. Horren aurrean epaile kualifikatuen alde egin zuen, ondorengo iruzkin batekin bertsolariari irakatsiko diotenak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri