Gipuzkoako Txapelketa 2011-12-18

Aitor Sarriegi txapeldun

Aitor Sarriegi txapeldun
Beñat Gaztelumendirekin buruz burukoa jokatu ondoren, Aitor Sarriegik jantzi du txapela.

Aitor Sarriegik jantzi zuen atzo Gipuzkoako Txapelketako txapela 1051 punturekin eta Beñat Gaztelumendi  geratu zen bigarren 1045 puntu terdirekin; Alaia Martin hirugarren 594 punturekin, Iñaki Apalategi laugarren 590 punturekin, Agin Rezola bosgarren 588 puntu terdirekin, Jexux Mari Irazu seigarren 578 punturekin, Jon Martin zazpigarren 577 puntu terdirekin eta Unai Agirre zortzigarren 572 punturekin.

9200 bertsozale elkartu ziren atzo Donostiako Illunben. Giro bikaina izan zen festak iraun zituen bost orduetan. Arratsaldeko lau terdietan hasi zen jaia Elkano Browning Cream musika-taldearekin eta ordu laurden bat beranduago bertsolarien txanda iritsi zen.

Inaxio Usarralde eta Itziar Etxezarretan aritu ziren aurkezpen eta gai-emaile lanetan. Ohiko moduan, hasierako agurren ondoren hasi zen saio puntuagarria. Atzo sei puntuko motzean osatu zituzten lehen bertsoak eta ondoren, Inaxio eta Itziarek jarritako puntuei erantzun zieten bertsolariek. Bakarkako lanen aurretik, zortziko handian eta zortziko txikian bertsoaldi bana osatu zuten bertsolariek.

Bakarkakoetan, aipatzekoak Aitor Sarriegi, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi eta Jon Martinen lanak.

Horrela, ordurarte bertsolariek bildutako puntuen arabera, Aitor Sarriegi eta Beñat Gaztelumendi pasa ziren buruz burukora.

Ederra izan zen buruz burukoa. Lehendabizi, hamarreko txikian hiruna bertso osatzeko Euskal Herritik Ameriketara joandako bi lagunen lekuan jarri zituen gai-emaileak eta puntuka gai-librean aritu ziren gero; elkarri adarra joz nahikoa algara eragin zuten bertsozaleen artean.

Kartzelakoan, bi lan izan zituzten: "muxua" hitzari bederatzi puntuko bertsoa sortzea; eta jarraian, ikusentzunezko baten bidez aurkeztutako gaiarekin hiruna bertso osatzea. Ikusentzunezkoak, ETA erakundeak borroka armatua uzteko erabakia iradokitzen zuen.

Azkenan, Aitor Sarriegiri jantzi zion txapela Laxaro Azkunek.

SAILKAPENA:

1.AITOR SARRIEGI 1051puntu

2.BEÑAT GAZTELUMENDI  1045.5puntu

3.ALAIA MARTIN  594puntu

4.IÑAKI APALATEGI  590puntu

5.AGIN REZOLA  588.5puntu

6.JEXUX MARI IRAZU  578puntu

7.JON MARTIN 577.5puntu

8. UNAI AGIRRE 572puntu

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri