"Beste larogei urtian" liburua eta DVDa 2012-01-17
Mende laurden baten testigantza
Aurten Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 25 urte betetzen dituela eta liburua idatzi du Alberto Barandiaranek, urteotan lanean aritu direnak elkarrizketatuta. Liburua osatzeko DVD eta guzti kaleratuko da. Iñaki Muruak azaldu duenez, "umiltasunetik" bada ere Bertsozale Elkartea "harro" dago egindako bideaz.
Aurten 25 urte beteko ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. 1985. urte inguruan, txapelketa antolatzeko Euskaltzaindiarekin izandako ezin-ulertuak tarteko, bertsolariek txapelketa beraien kasa antolatzea erabaki zuten, zenbait bertsozaleren laguntzarekin. Halaxe egin zen 1986ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, finala Belodromoan izan zuena. Horren ondoren, ordea, elkarlanean jarraitzea erabaki zuten, eta orduan hasitako bidea 2012. urtean iritsiko da mende laurdenera. Hori dela eta, liburua eta DVDa kaleratu dituzte aurten. Gaur izan da aurkezpena, Villabonan Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak duen egoitzan.
25 urteotako ibilbidearen testigantza
Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, azaldu duenez, euskalgintzaren inguruan lanean ari den edozeinentzako "testigantza" biltzea izan da helburua. "Bide guztia ez da laua eta xamurra izan", adierazi du. Hala, gogora ekarri ditu hasieran izandako zailtasunak. Nola orduan lehendakari zen Imanol Lazkanok behin "goitik ez dator euririk eta..." kantatzen zuen orduan. Hala ere, orain atzera begira jarriz gero "umiltasunetik harro" sentitzen dela dio egindako bidearekin. Horregatik erabaki zuten liburua kaleratzea, eta bere iritziz, bildutakoak badauka mamirik eta adibide ugari ere bai.
Egurrezko aulki hutsak dira liburuaren eta DVDaren azaleko irudiak. Azaldu duenez aulkiak sinbolo garrantzitsua dira bertsolaritzan, eta etorkizunean ere aulkiak edukiz betetzen jarraitu beharko dute bertsolariek. Alberto Barandiaranek, liburuko idazleak, aulkiaren sinboloak bi esanahi izan ditzakeela adierazi du. "Aulkia da bertsolariaren itxaronaldi urduria, baina baita bertsozaleek jartzeko eta kentzeko egiten duten lana ere".
Iñaki Muruak hasieratik lanean aritu zirenak aipatu ditu, eta liburua eta DVDa haiei eskerrak emateko baliagarriak direla esan du. "Ez diogu hesirik inori eta ezeri jarri, eta iritzi kontrajarriak bildu ditugu. Irensten erraza da, eta hausnartu beharrekoa".
25 urteotako lana "autokonfiantzazko" eta "autoantolaketazko" ariketa bat izan da Bertsozale Elkartearentzat, bertsolaritza tradizio moderno bilaka zedin. Gaur egun, 500 bazkiderekin hasi zen elkarte hark 2 300 dauzka, eta soldatapeko 69 langile ere bai. Transmisioko proiektua, gainera, 20 000 ikaslerengana iristen da gaur egun.
9 atal eta 6 elkarrizketa luzeko liburua
Alberto Barandiaran idazleak hasieran kezka izan zuela azaldu du, ea asmatuko ote zuen "horren elkarte mamitsuaren" materiala nola errenditu liburu bakarrera. Guztira 35 elkarrizketa egin ditu, eta horiek antolatzen eta irakurketa erakargarri bat lortzen egin du ahaleginik handiena. Liburu "korala" dela dio, "ahots asko daude eta nortasun handikoak". Atalak kronologikoki sailkatuta daude: "Elkartea baino lehen" atalean 1984 baino lehen bertsolaritzak bizi zuen egoera agertzen da, zalantzaz betea. "Elkartea sortzen" delakoan 1986ko Bertsolari Txapelketaren antolaketa azaltzen da. "Elkartea egiten" dator ondoren, txapelketaren ondoren izandako eztabaidak eta jasotako kritikak biltzen dituena. "Administrazioa eta herri mugimendua, aurrez aurre" da hirugarren kapituluaren izenburua, eta administrazioarekin izandako gatazkak biltzeaz gain bertsolaritzaren "boom"-a eta Hitzetik Hortzera programaren ingurukoak agertzen dira bertan. "Bertso-eskolen belaunaldia" bertso-eskolei eskeinia dago bereziki, eta Almen, Santutxu, Durango eta Gipuzkoako zenbait bertso-eskola dira bertan gehien aipatzen direnak. "Teorizazio garaiak" da, idazlearen iritzi, liburuko pasarte interesgarrienetako bat. Bertan 1997 eta 2003 urteen arteko garaia jasotzen da bereziki: Añotako gogoetetatik abiatuta nola helburura heltzeko bideak lantzen hasi ziren, nola antolatu zen 2003ko Kulturartekoa... 2003 eta 2006 urteen arteko garaiari "sendotze garaiak" izenburua dagokio liburuan, eta garai horretan herrialdeetako antolamenduak hartu zuen garrantziarik handiena. Gainera, garai honi dagokio Belodromotik BECerako jauzia ere, horrek ekarritako guztiarekin. "Eztabaidak etorkizunari begira" izeneko atalean etorkizunera begira Bertsozal Elkartean dauden kezkak aletzen eta azaltzen dira. "Etorkizuna pentsatzen" atalak ematen dio amaiera liburuari.
Atal hauekin batera, beste sei elkarrizketa luze ekarri ditu Alberto Barandiaranek liburura, daukaten garrantziagatik. Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, Iñaki Murua, Ainhoa Agirreazaldegi, Arantza Mariskal eta Aritz Zeraini egindako elkarrizketak biltzen dira bertan. Gainera, liburuan 80 bat argazki daude ikusgai.
Alberto Barandiaranen iritziz ez da liburu erraza izan, "Elkartea ez delako erraza. Ahots guztiak hemen sarzeko ahalegina egin dut. Pista asko daude hemen, zertzelada asko, ulertzeko zergatik bertsolari batzuek erabaki zuten haien sormen indibidual hori kultur proiektu baten esku uztea. Hori ez da ohikoa ingurura begiratuz gero, eta horretan asmatu zuten".
Ordubeteko DVDa
Liburuarekin batera, ordubete inguruko DVDarekin osatu dute bilduma. Oinarrizko gidoia Alberto Barandiaranek idatzi du, eta Lankuko lantaldeak egin ditu grabaketa, muntaketa eta editaje lanak. Lau hizkuntzetan -frantsesa, gaztelera, ingelesa eta euskara- irakur daiteke azpitituluetan. Hau guztia osatzeko Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren diru laguntza jaso du Bertsozale Elkarteak.
Liburua eta DVDa 30 eurotan jarriko dira salgai (21 bazkideentzat), Lankura deituta (0033 943 260 755) edo www.lanku.com webgunearen bidez. Herrialdeetako Elkarteen bidez ere lortu ahal izango da, eta urtarrilaren 28ko Bertso Egunean mahai batean jarriko da salgai.