Maddi Sarasua eta Paul Iruretagoiena Eskolarteko txapeldunak
Maddi Sarasua Itsasuko bertsolari gazteak irabazi du Eskolartekoa helduen mailan, eta Paul Iruretagoiena ataundarrak jantzi zuen umeen mailako txapela. Eskolartekoa Agurainen izan zen, goiz eta arratsalde.
Maddi Sarasua Itsasuko bertsolari gazteak irabazi du Eskolartekoa helduen mailan, eta Paul Iruretagoiena ataundarrak jantzi zuen umeen mailako txapela. Aguraingo Harresi Aretoa ian zen Euskal Herriko XXIV. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala: Goizean, umeen txanda izan zen: Oier Iñurreta (Gasteiz), Unai Etxenausia (Aramaio), Iker Larizgoitia (Mungia), Txaber Altube (Abadiño), Paul Iruretagoiena (Ataun), Maddi Etxebarria (Larraul), Nahia Sasko (Lekuine), Kerman Diaz (Urruña), Idoia Iriart (Aiherra), Ellande Dunate (Aiherra), Joanes Ilarregi (Leitza), eta Beñat Altzelai (Leitza). Naroa Sasietaren gidaritzapean hainbat lan osatu behar izan zituzten gaztetxoek. Lehen fasean bertsolari guztiek gai baten inguruan hasierako bertsoa, lau oinak emanda 8ko txikian bertso bana eta binaka ofiziotako gaian bina bertso 8ko txikian osatu behar izan zituzten. Lan horietan puntuaziorik altuena lorturiko sei bertsolariak, azken fasera pasa ziren: Txaber Altube, Maddi Etxeberria, Paul Iruretagoiena, Kerman Diaz, Beñat Altzelai eta Nahia Sasko. Txapeldun Paul Iruretagoiena gelditu zen eta bigarren Txaber Altube abadinoarra.
Arratsaldean 14-18 urteko helduen txanda izan zen. Aretoa beteago eta taula gainean hamar bertsolari: Paula Amilburu (Aramaio), Iñaki Tena (Gasteiz), Nerea Ibarzabal (Markina), Malen Amenabar (Larrabetzu), Jokin Bergara (Eibar), Gemma Urteaga (Beasain), Maddi Sarasua (Itsasu), Aitor Servier (Azkaine), Mikel Lasarte (Barañain) eta Maddalen Lopez (Nafarroa). Hauek osatu beharreko lan puntuagarriak honakoak: binaka ofizioka bina bertso 8ko handian eta hiruna zortziko txikian. Bi lan horietan puntuaziorik altuena lortutako sei bertsolariek kartzelako lana osatu zuten; puntuari erantzuna eta gaia emanda bina bertso gehienez bost puntuko neurrian. Lan guztia amaitu ondoren Maddi Sarasua izan zen txapeldun eta Gemma Urteaga txapeldunorde.
Lehen fasean, Maddi Sarasua eta Nerea Ibarzabal ederki ibili ziren zortziko nagusian, eta baita Malen Amenabar eta Paula Amilburu ere. Malen Paula presoaren amaren paperean sartu behar izan zen, medikuak bidaia egitea galarazi dion amaren larruan. Sentimenduz beteriko bertso ederrak bota zituzten bai batak eta bai besteak. Zortziko txikian ere gauza ez zen oso ezberdina izan, Paula Amilburuk eta Gemma Urteagak eginiko saioak entzulegoaren barreak eta txalo zaparra ederrak ateratzea lortu zuen. Lehen faseko lan puntuagarriarekin amaituta honako bertsolariek pasa zuten galbahea: Malen Amenabarrek, Paula Amilburuk, Jokin Bergarak, Nerea Ibarzabalek, Gemma Urteagak eta Maddi Sarasuak. Ofizioetan erakutsiriko maila pixka bat jeitsi bazuten ere bertsolariek, ale ederrak entzuteko parada ere izan zen. Aipatzekoa Jokin Bergara eibartarrak gaia emanda egin zuen lana. Amaren urtebetzea ahaztu zitzaiola eta barkamen eske joan zitzaionean bota zizkion bi bertsoek entzulegoaren txalo zaparrada ederra jaso zuten. Hala ere ezin aipatu gabe utzi txapeldunak eta txapeldunordeak eginiko lana. Bai Maddik eta baita Gemmak ere bertso bikainak eskeini zizkieten amari. Honekin eman zitzaion bukaera 2012ko Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketari. Gaztetxoen txapela Atauna eraman zuen Paul Iruretagoienak eta helduena bigarren aldiz jarraian Itsasu aldera Maddi Sarasuak.