Gaur "Xalbador, bat-bateko mirakulua" izango da Tolosan eta bertso-saioa Durangon. Bihar Elgoibar, Tolosa, Donostia, Idiazabal, Lesaka, Larrabetzu eta Villabonan izango dira saioak eta igandean Zizur Txikian.
Eguraldi txarra iragarrita badago ere bertso-saio bat baino gehiago daude asteburu honetarako iragarrita, gehienak aterpean izango badira ere. Gaur "Xalbador, bat-bateko mirakulua" emanaldi berezia eskainiko du Xabier Amurizak Tolosako Galtzaundi elkartean afalostean.
Durangon, berriz, jai giroan dabiltza, eta urteroko bertso-saioa egingo dute San Agustin kulturgunean gaueko 22:30etan hasita. Unai Iturriaga gai-jartzaile dela, honako bertsolari hauek kantatuko dute bertan:
Igor Elortza
Miren Amuriza
Maialen Lujanbio
Jon Maia
Biharko ere saio bat baino gehiago ageri da agendan. Elgoibarren "Nafarroa arragoa" bertso-kantu afaria antolatu dute Gaztetxean. Uxue Alberdi eta Ander Lizarralde Jimeno jardungo dira kantuan.
Tolosan bi bertso-afari egingo dituzte. Alde batetik, Iurre elkartean, Julio Soto, Jon Maia eta Andoni Egaña dira aritzekoak. Zerkausian, berriz, beste hirukote bat deitu dute kantura: Amets Arzallus, Alaia Martin eta Iker Zubeldia.
Donostian, Kresala elkartean, bertso-bazkaria iragarri dute Amaia Agirre eta Jokin Urangarekin.
Idiazabalen, berriz, "Katillukadak" haurrentzako emanaldi berezia izango da Guraso Elkartean, arratsaldeko 17etan hasita.
Lesakan Lesaka eta Sakanaren arteko bertso-desafioa deitu dute biharko. Arrano elkartean izango da saioa, 17etan, eta honako bertsolari hauek kantatuko dute Alaitz Rekondo gai-jartzaile dutela:
Josu Sanjurjo
Eneko Lazkoz
Xabier Silveira
Josema Leitza
Ioar Tainta
Joseba Andoni Beltza
Larrabetzun bertso-poteoa izango da arratsaldeko 18:30etan herriko tabernetan zehar. Eneko Abasolo "Abarkas", Unai Iturriaga eta Ibon Ajuria jardungo dira bertsotan.
Azkenik, Villabonako Amasa auzoko Uxotoki elkartean bertso-afaria egingo dute iluntzeko 21etan hasita. Amaia Agirre, Mikel Artola eta Adur Gorostidi dira bertan kantatzekoak.
Igandean Nafarroa Oinez ospatuko da Zizur Txikian. 5B gunean bertso-saioa egingo dute eguerdiko 12:30etan.