Bertso Korrika 2013-03-01

Adierazpenak: Edurne Brouard, Beñat Vidal eta Iñaki Murua

Beñat Vidal. Algortako Bertsolari Eskolako kidea,
             AEK-ko Mintzapraktika arduraduna,
             eta Bertsozale Elkarteko kidea.

Bertso Korrika, AEK-k Bertsozale Elkarteak eta bertso-eskolek elkarlanean egindako ekimena da. 25 herrik hartuko duten bertso zirkuitua da eta herriok zirkuituak elkar-lotuko dituen moduan, herrian herriko euskaltegia eta bertso-eskolaren arteko lotura eta elkarlana sendotzea ere bilatzen dugu.

Helburua argia da: euskara ikasleak lehen aldiz bertso saio bat entzutera erakartzea eta ahal dela saioarekin gozatzea, etorkizunean bertso-zaletu daitezen. Euskara ikasten ari direnentzat neurrira egindako bertso saioak izango dira. Askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da, horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten.

Horretarako, bertso saioan zer topatuko duten, aurrez euskaltegian landuko dute. Bertso saioan gai-jartzaile izango dena euskara ikasleekin elkartuko da eta “bertso-saio didaktiko” bat egingo dute: saioaren berri emango die, bertsolariak aurkeztu, saioan egingo dituzten ariketa motak azaldu, bertsoa baten sorkuntza prozesua azaldu... eta ondoren ikasleek gai-jartzailearen laguntzaz saiorako ariketa edo gai batzuk prestatuko dituzte.
Horrela, bertso saiora doazenerako aurre-ezagutza horiek izango dituzte eta errazagoa izango zaie bertsoak ulertzea eta, ondorioz, bertso saioarekin gozatzea.  

Tokiko euskaltegien laguntzaz, herrietako bertso-eskolek antolatu dituzte saioak. Horrela, plaza askorik ez daukaten herriko bertsolari gazteek aukera izango dute bertsolari ezagunekin edo arituagoak direnekin jarduteko.

Euskal Herri osoan zehar izango dira saioak. Zerrenda luzea da, baina adibide moduan aipatuko ditugu... (hainbat herri zerrendatu ditu prentsaurrekoan).



Edurne Brouard.  AEK-ko Korrika Arduraduna.

Zer ematen dio bertsolaritzak euskalduntzeari?

Honezkero denok jakingo duzuen moduan, “Eman euskara elkarri” leloa zabalduko du 18. Korrikak. “Elkarri” berba horrek aukera asko eman digu elkarlanean jarduteko Euskal Herriko hainbat eta hainbat eragilerekin, baina gaur Bertsozale Elkartearekin daukagunari esker gaude hemen, elkarlan horrek eman duen bigarren egitasmoa aurkezteko, hain zuzen. Izan ere, bertsolaritza gure herriaren kultur adierazpideetako bat izanik, beste gauza askoren artean, Bertso-Korrika zirkuitua primeran egokitzen zaio Korrika Kulturalaren filosofiari, Korrika Kulturala AEKren euskal kulturarekiko konpromisoaren emaitza delako, euskal kultura bultzatzea eta euskara gizartearen esparru guztietara eramatea beti izan direlako AEKren helburu.

Zer ematen dion bertsolaritzak euskalduntzeari? Bada, asko! Xabier Amurizak ederto definitu zuen bertsolaritza, hitza neurriz eta errimaz kantatzea zela esan zuenean. Bertsoa, gainera, komunikazio ekintza ere bada, eta hori guztia euskaraz egiten dute gure bertsolariek. Euskaltegietan, berriz, hitza dugu euskara irakasteko lan tresna nagusi, ikasleak euskaraz komunikatzeko gai izan daitezen. Eta jakin badakigu, ondo ikasteko, ez dagoela disfrutatuz ikastea bezalakorik. Bertsolaritzak, hortaz, hitzaren jolasa den heinean, ekarpen polita egiten die ikasleei euren euskara maila hobetzeko, hitzarekin jolastuz egin dezaketelako aurrera. Bertsolaritzaren izaera ludikoa erabil dezakete gozatuz ikasteko: hitzak bilatu eta neurtuz, esaldien barruko hitzen ordena aldatuz errimak lortzeko, kantatu eta elkarri erantzunez... Lehenengo, sorkuntza; ondoren, mintzamena eta ulermena. Komunikazioa finean, euskaraz eta jolastuz. Bertsotan egitea, gainera, motibaziorako urrats garrantzitsua ere izan daiteke, ikasleak horrelakoetan konturatzen direlako askotan uste baino gehiago dakitela. Bertsolaritza askorentzat izan da euskarari gehiago lotzeko motiboa; beraz, aukera hori zabaldu nahi diegu ikasleei ere, bertsozale bihurtuta, euskarara are gehiago hurbil daitezen.

Bestalde, ikasleei euskarazko espazio bat ere eskaintzen die bertsolaritzak, beren herrian edo inguruan euskaraz jarduteko gune bat. Bertso saioa euskal hiztunekin elkartzeko lekua da eurentzat, eta bertsolaritza, haiekin konpartitzeko gai edota zaletasuna. Askotan esaten digute ikasleek euskaltegian euskara ikasi bai, baina gero ez daukatela ikasitakoa erabiltzeko toki edo lagunik. Beraz, AEKn oso pozik hartu dugu Bertso-Korrika ekimena. Alde batetik, hainbat lekutan ikasleek sumatzen duten hutsune hori betetzera datorrelako; eta, bestetik, Korrika 18 girotzen lagunduko duelako egingo den 25 herrietan.

Beraz, eskerrik asko Bertsozale Elkarteari, Bertsozale Elkarteko lehendakariari, eta Euskal Herriko Bertso eskola eta bertsolari guzti-guztiei. Amaitzeko, badakizue aurten Korrika Baionan amaituko dela, ezta? ba, Baionan amaitu zen azken Korrikaren omendua Bertsozale Elkartea izan zen, eta bere lema, mundu bat euskarara bildu. Hamar urte geroago, duda izpirik gabe,  bertsolaritzak mundu oso bat euskarara biltzen lagundu duela esan ahal dugu.


Iñaki Murua. Bertsozale Elkarteko lehendakaria.

Bertsozale Elkartean oso pozik gaude AEK-rekin azken urteotan hasi dugun elkarlanarekin, eta egiten ari garen bidearekin.

Elkarlanean antolatzen hasi ginen lehen ekimena Bideokopla Lehiaketa da, eta parte hartze handia lortu izan da orain arte; iaz euskara ikasten ari diren 18 taldek aurkeztu zituzten beren sortak lehiaketara.

Elkarlaneko gure bigarren ekimena aurkezten ari gara gaur, Bertso Korrika, eta herriz herri hartu duen indarrarekin, eta bereziki bertso-eskolek eta euskaltegiek ekimena bere egiteko eman duten pausoagatik pozik gaude oso: 25 herritan bertako bertso-eskolak eta euskaltegiak, euskara ikasleentzat saio berezi bat antolatzeko iniziatiba hartzea, eta saio horietan 100 bertsolarik parte hartzea (plazaz plaza dabiltzan bertsolariak eta herri bertsolariak uztartuz), ederra da oso, Bertsozale Elkartearentzat ere.

Bertsozale Elkarteak zergatik eman nahi du pausoa euskalduntze mugimendurantz? Edo zer du bertsolaritzari emateko, euskalduntze mugimenduak? Bada, gauza asko.

Azken hamarkadotan, bertsozaleak, eta bertsolari onak ere eman dizkigu euskalduntze mugimenduak. Bertsolaritza munduan asko dira (eta aurpegi ezagun zaizkigu), etxetik euskara jaso gabe bertsolaritzarainoko bidea egin dutenak: ikastoletatik zein euskaltegietatik hasi eta bertso-eskoletaraino, zein plazaraino iritsi direnak. Eta bertsolaritza aberastu dutenak.

Bestetik, euskalduntze mugimenduak bertsolaritza euskal komunitatearen ertzetara zabaltzeko aukera ere ematen digu; alegia, bertsolaritza euskara ikasten ari direnengana edo euskarara sartzeko pausoa ematen ari direnengana zabaltzeko aukera. Bertsolaritza ez dadin izan soilik euskal hiztun osoek bizi duten kultur jardun bat, euskara berreskuratzeko ahaleginean ari diren hiztunei ere gozagarri zaien kultur jarduna baizik.  Euskara ikasten ari direnak ere bertsozalegoaren parte izatea lortzen badugu, bertsolaritzarentzat pauso handia emango dugu.

Bertsotan egiten denok ikasi genezakeela esan zuen orain 40 urte Xabier Amurizak; bere garaiko ikusmoldea errotik irauliz frogatu zuten, bertsoak egin ahal izatea ez dela jaiotzaz gutxi batzuen eskutan zegoen pribilegioa. Orain, bertsoekin gozatu ere denok egin genezakeela jabetzeko garaian gaude. Euskal hiztun osoak soilik ez, euskara ikasten ari denak ere gozatu dezakeela bertsoarekin, eta gozatu dezakeela hitzaren kirolarekin..
 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri