Taldekako bertsolari txapelketan lau kanporaketa eta finala egingo dituzte; Uxue Alberdik "Bertsolaritza: begirada feminista bat" hitzaldia eskainiko du eta bertso kalejira musikatua eta bertso bazkaria ere antolatu dituzte. Gaztetxoentzat, berriz, trebezia lehiaketa eta bertsopaper lehiaketa antolatu dituzte.
Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolak urtero antolatzen du Martxoan Bertsoa zikloa. Hilabete osoan zehar bertsoari lotutako ekimenak izaten dira herrian. Taldekako txapelketa izango da, beharbada, ekimenik jendetsuena. Aurten lau kanporaketa eta finala antolatu dituzte. Honako hau da egutegia:
MARTXOAREN 8a, OSTIRALA
Gaueko 23etan Motz tabernan
MARTXOAREN 9a, LARUNBATA
18:30etan Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian
MARTXOAREN 15a, OSTIRALA
Gaueko 23etan Fox tabernan
MARTXOAREN 16a, LARUNBATA
Gaueko 23etan Legazpiko Gaztetxean
Finala, berriz, martxoaren 22an jokatuko da, ostiralez, gaueko 23etan Gaztelekun.
Taldekako txapelketaz gain, ordea, beste hainbat saio eta ekimen ere antolatu dituzte. Martxoaren 2an, larunbatez, Uxue Alberdik "Bertsolaritza: begirada feminista bat" hitzaldia eskaini zuen Urretxuko kultur etxean.
Martxoaren 21ean, berriz, ostegunez, "Badator Korrika" bertso kalejira musikatua antolatu dute iluntzeko 19etan. Bertso-eskolako kideak zenbait musikariren laguntzaz ariko dira kalejiran Korrika pasa baino ordu batzuk lehenago.
Apirilaren 13rako bertso-bazkaria antolatu dute Santa Barbaran. Eguerdiko 14etan hasiko da bazkaria eta Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi jardungo dira kantuan. Txartelak aurrez salgai jarriko dituzte.
Horrez gain, ohikoa den moduan, haurrentzat bereziki prestatutako jarduerak ere izango dira. Joan zen igandean eta igande honetan "Ezetz lortu!" umeentzako trebezia lehiaketa umoretsua egingo dute. Igande honetako kanporaketa arratsaldeko 17etan hasiko da. Finala, berriz, martxoaren 24an egingo dute, igandez, ordu berean. Labeaga aretoan izango dira saio hauek.
Bukatzeko, urtero bezala Zumarraga-Urretxuko Eskolarteko Bertso Paper Lehiaketa ere antolatu dute. Aurtengoa 26. edizioa izango da. Sari banaketa ekitaldia ostiral honetan egingo dute, arratsaldeko 15etan, Zelai Arizti Aretoan.