Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariaren mendeurrenean hainbat ekitaldi antolatu dituzte, apireltik azarora. hitzaldiak eta bertso saioak egingo dira. Azaroa iristean etorriko dira ekitaldi garrantzitsuenak: Basarriri buruzko erakusketa zabalduko da, Euskaltzaindiak osoko bilkura egingo du Zarautzen, “Basarritik Azken Portura” jaialdia egingo da Aritzbatalde kiroldegian eta “Arantzazu” poema sinfonikoa eskainiko du Zarautz Abesbatzak.
Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariaren mendeurrenean hainbat ekitaldi antolatu dituzte, apireltik azarora. Zarauzko Udala eta Motxian Bertso eskolaren ekimena da, eta hainbat erakunderen lankidetza du: Bertsozale Elkartea, Foru Aldundia, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta Zarautz Abesbatza.
EkitaldiakApirilean hasi eta azaroa bitartean burutuko da egitaraua. Besteak beste, hitzaldiak eta bertso saioak egingo dira. Apirilean, Pello Esnalek eta Nikolas Zendoiak hitzaldi bana emango dute:
Basarriren kontalaritza lana eta
Basarriren kazetaritza lana. Uztailean, Basarriren omenezko kontzertua eskainiko du Zarauzko Abesbatzak. Abuztuan, Azken Portu auzoko jaietan, plaka jarriko dute Basarri bizi izan zen
Azken Portu etxean. Urrian,
Basarri eta bertsogintza hitzaldia emango du Andoni Egañak. Basarriri buruzko erakusketa ere jarriko dute udazkenean.
Aurkezpenean izan dira: Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzia; Garazi Lopez de Etxezarreta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Andoni Sagarna, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria; Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria; Jose Mª Arrazola, Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordea; Motxian Bertso Eskolako Iñigo Manzisidor, Mantxi; Zarautz Abesbatzako ordezkariak ere bertan izan dira baita Basarriren familia ere Xabier eta Begoña Eizmendi seme-alabak bait Olatz Esnal Eizmendi biloba.
Basarri: bertsolari, idazle eta kazetariIñaki Eizmendi Manterola, Basarri, Errezilgo Granada baserrian jaio zen, 1913ko azaroaren 27an; baina zazpi urte zituenez gero Zarautzen bizi izan zen, familia osoa herri honetara bildu zen-eta bizitzera, Azken Portu tabernan. Hil ere Zarautzen hil zen, 1999ko azaroaren 3an, laurogeitasei urte betetzear zegoela.
Basarri ez zen izan bertsolari bakarrik. Idazle eta kazetari izan zen ofizioz, Euskal Herriko egunkarietan inork aipatu gabe eta bazterturik zegoen hainbat herri-kirol, herrietako-jai, bertso-jaialdi eta gertakariren berri jaso zuen. Baina, beste guztien gainetik, bat-bateko bertsolaria zen Basarri eta bertsolari haundia, gainera.
Uztapide eta Enbeitarekin batera, bertsolaritzaren lekukorik garrantzitsuena izan zen Espainiako Gerra Zizbilaren ondoko urteetan. Urte haietan bertso idatzien beherakada nabarmena zenean, horietako asko idatzi eta argitaratu zuen garaiko aldizkarietan.
Aldizkarietan argitaratutako bertsoekin hiru bertso-bilduma kaleratu zituen: Basarri'ren bertso-sorta (1950), Kantari nator (1960) eta Laugarren Txinpartak (1966). Bestalde, bertsoz moldaturiko Atano III, bere bizitza bertsotan biografia ere egin zuen (1949). Euskal Herriko Bertsolari-txapelketa Nagusia bitan irabazi zuen (1935, 1960).