Gaur Bilbon, Ezkio-Itsason eta Legazpin izango dira saioak; bihar Hondarribian, Bilbon, Gorritin, Arrasaten, Ibarran, Narbarten eta Zestoan eta etzi Bilbon eta Zegaman.
Bertso-saio ugariko asteburua dator. Gaurko hiru saio daude iragarrita. Bilbon, egunero bezala, eguerdiko 13etan izango da saioa, Santiago plazan. Gaur, ordea, bi bertsolari libreko lanean ariko dira: Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña.
Ezkio-Itsason bertso-afaria egingo dute iluntzeko 21etan. Oihane Perea eta Andoni Egaña dira kantatzekoak.
Legazpin ere bertso-afaria izango da iluntzean.
Bihar beste zazpi saio izango dira. Hondarribian, Santiago kalean urteroko saioa egingo dute iluntzeko 20etan. Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Alaia Martin jardungo dira bertsotan Karlos Aizpurua gai-jartzaile dutela.
Bilbon eguneroko saioa egingo dute 13etan Santiago plazan Igor Elortzak, Sustrai Colinak, Jon Maiak eta Anjel Mari Peñagarikanok.
Gorritin ere festetako saioa izango da iluntzeko 19etan. Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan Julio Sotoren esanetara.
Arrasaten gaueko 22etan Uxue Alberdi, Amets Arzallus eta Andoni Egaña dira kantatzekoak.
Ibarran iluntzeko 19etan izango da bertso-saioa Emeterio Arrese parkean. Unai Iturriaga, Anjel Mari Peñagarikano, Amaia Agirre eta Beñat Gaztelumendi jardungo dira bertsotan.
Narbarten zikiro jatea egingo dute eguerdiko 14etan eta hiru bertsolari ariko dira bazkaria girotzen: Manolo Arozena, Iñaki Aleman eta Bittor Elizagoien.
Azkenik, Zestoan bertso-bazkaria eta "Bi Bala" ikuskizuna izango dituzte eguerdiko 14etan. Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaran ariko dira bertso-sortak kantatzen.
Azkenik, etzi beste bi saio izango dira. Bilbon jaietako azkeneko saioa egingo dute 13etan Santiago plazan. Julio Soto, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Jone Uriak kantatuko dute.
Zegaman, berriz, jaietako libreko saioa izango dute egun osoz Anjel Mari Peñagarikanok eta Andoni Egañak. Eguerdiko 13etan hasiko dira kantuan, ondoren bertso-bazkaria egingo dute eta iluntzeko 18etan egingo dute azkeneko bertsoaldia.