Gaur Zaldibarren, Iruñean, Elgoibarren, Zumaian, Urnietan eta Loiun izango dira hitzorduak.
Gaur, iluntzeko 21etan bertso-saioa izango da Zaldibarren, Goierriko Auzo Etxean. Miren Amuriza eta Sustrai Colina jardungo dira kantuan.
Iruñean, Duguna Dantza Taldearen egoitzan, bertso-afaria dago iragarrita iluntzeko 22etarako. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña dira kantatzekoak.
Elgoibarren ere bertso-afaria izango da, San Migelen aitzakian, San Migel auzoko frontoian. 21etan hasiko da afaria eta Anjel Mari Peñagarikanok eta Julio Sotok girotuko dute.
Zumaian ere bertso-afaria izango da Artadi auzoan iluntzeko 21etan Aitor Mendiluze eta Jon Maiarekin.
Urnietan bertso-jaialdia izango da, urtero bezala, Jakutegi plazan, arratsaldeko 16:30etan. Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Iker Zubeldia jardungo dira kantuan. Amaia Agirre izango dute gai-jartzaile.
Iruñean, San Fermin Txikiak direla eta, bertso-poteoa antolatu dute iluntzeko 20etarako. "La viña" tabernatik abiatuta Xabier Silveira, Irati Majuelo eta Eneko Fernandez ariko dira bertsotan.
Azkenik, Loiun ere bertso-jaialdia dago gaurko iragarrita. Iluntzeko 20etan izango da saioa Lauroetako plazan. Igor Elortza, Xabi Paya, Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballesek kantatuko dute Iñaki Beitia "Arbildu" gai-jartzaile dutela.
Bihar ere saio bat baino gehiago antolatu dituzte. Iruran urteroko bertso-jaialdia egingo dute San Migel plazan gaueko 22etan. Miren Amuriza, Aitor Mendiluze, Onintza Enbeita eta Andoni Egañak kantatuko dute. Amaia Agirrek jarriko dizkie gaiak.
Galdakaon Usansoloko jaiak ospatzen ari dira eta plazan bertso-saioa izango da arratsaldeko 16:30etan Jon Maia eta Unai Iturriagarekin.
Mutrikun bertso-afaria antolatu dute San Jeronimo auzoan, iluntzeko 21etatik aurrera. Sebastian Lizaso eta Jon Maiak kantatuko dute.
Plentzian bertso-bazkaria izango da Jai-Alai frontoian eguerdiko 14:30etan. Arkaitz Estiballes eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan.
Uharte-Arakilen "Bat Batean" emanaldi berezia izango da arratsaldeko 17:30etan plazan, Aimar Karrika eta Oskar Estangarekin.
Elosun eguerdiko 13etan izango da saioa, plazan. Iñaki Viñaspre eta Paula Amilburu dira bertan kantatzekoak.
Bukatzeko, Idiazabalen, Urtsuaranen, egun osoz ariko dira Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Zeberio "Zeberio I".
Iganderako ere egitarau zabala dator. Basaurin, eguerdiko 12etan, jaialdia izango da San Migel auzoko Pinceles plazan. Sebastian Lizaso, Jone Uria, Oihana Bartra eta Andoni Egañak kantatuko dute.
Mungian libreko saioa egingo dute eguerdiko 13etan Zumetzagan Beñat Ugartetxeak eta Xabier Amurizak.
Iurretan ere jaiak ospatzen ari dira eta eguerdiko 12:30etan izango da saioa plazan Gorka Lazkano, Eneko Abasolo "Abarkas" eta Erika Lagomarekin.
Idiazabalen egun osoz ariko dira Urtsuaranen Aitor Sarriegi eta Iban Urdangarin.
Zumaian txakolin dastaketa izango da Artadi auzoan eta, eguerdiko 13etan, bertso-saio bat ere iragarri dute. Amets Arzallus eta Anjel Mari Peñagarikano dira bertan kantatzekoak.
Azkenik, Urnietan bertso-saioa izango da goizeko 11etan elizan. Patxi Etxeberria eta Beñat Gaztelumendi ariko dira kantuan.