BTN13. Bosgarren kanporaketa Legazpin 2013-10-17

Finalaurrekoen mugari begira?

Legazpiko saiorako ordu gutxi falta direla hitz egin dugu han abestuko duten bertsolariekin; Jokin Uranga, Oihana Batra, Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Lizaso, Iñigo Manzisidor "Mantxi" eta Igor Elortzarekin.
Sartu gara txapelketaren azken txanpan. Lau saio pasa dira eta Legazpin kantatuko duen seikoteak, gehiago gutxiago, ezagutzen du orain arte gertatutakoa. Orain artekoek nola kantatu duten, non dagoen (non jartzen duen) sailkapen marra. Bakoitza bere kalkuluak ateratzen hasia da.

Iñigo Mantzizidor “Mantxi”-k esaterako egin ditu bereak “Bai, nahi gabe ere begiratu egiten da zenbat beharko nituzkeen, baina bueno hori ahaztu behar da eta bertsotan egin” Eta horretan Mantxi kezkatuta dago “Oso, oso urduri nago. Beti egoten naiz baina aurten bereziki. Zenbait arrazoiengatik ez dugu nahi adina preparatzeko denbora izan edo, eta sentsazio horrekin nago. Pasa edo ez pasa baino gehiago, zer emango dudan oholtzan”

Kezkatuta baino gehiago,  preokupatzeari utzi eta okupatzeko irrikitan dago Ainhoa Agirreazaldegi  “Oholtzara igotzeko gogoz nago. Eta bertan bada… alde teknikoari baino edukiari gehiago begiratu nahi nioke. Esan nahi dudanari zukua atera. Hori desioa, gero ahal dena egingo dugu”

Aurreko saioen jarraipena egin du Jokin Urangak, eta buruan omen du denok kokatzen saiatzen garen sailkapen marra hori “Bueno langa psikologikoa da. Hori ahaztu eta norberari begira kantatzera joan behar dugu. Besteena eginda dago. Ni gogotsu nago. Egon naiz beste saioetan eta txapelketan sartuta sentitzen naiz” Helburuetan Jokinek ere ez du oso urrutira begiratzen “Legazpiko saioak kezkatzen nau. Hori pasaz gero, pentsatuko dut hurrengoan”

Beste azpeitiarrak, Beñat Lizasok, lehen Txapelketa Nagusia izango du hau,eta horrek ematen dio buruhausteren bat “ Lasai nago, baina kezka punttu batekin. Hau Euskal Herriko txapelketa da, hemen kunplitu egin beharra dago. Kunplitze horrek kezkatzen nau eta era berean gogoa ematen dit zerbait egiteko” Helburuak ere ez ditu jartzen Beñatek “Nahiko sari bada neretzat hemen kantatzea. Orain hemen merezita nagoela erakutsi beharko dut”

Oihana Bartrak kantatu zuen duela lau urte, eta batez ere sailkapeneko kontuak kendu nahi ditu burutik “ Ez dut sailkatzea helburuetan sartzen. Kontziente naiz non geratu naitekeen. Nik saio on bat egin nahi nuke. Txapelketak dakarkien sentsazio txar hori kendu, ea ez dugun lar sufritzen, eta jendearen gustagarri izango den zer edo zer utzi. Horrek gero saria ekartzen badu perfektu”

Txapelketan esperientzi gehien duena da Igor Elortza. Seigarren edizioa izango du hau eta badaki zer datorkion “ Ekiteko prest nago. Ondo. Lan pixka bat egin dugu, eta gaitasunez eta gogoz ikusten dut nire burua. Ea gozamena eskaintzeko bidea topatzen dugun” Sailkatzeari ere begiratzen dio noski “ Kanporaketen helburua beti da aurrera egitea, baina norberetzat eta zaleentzat zerbait uztea da inportantea, eta gero gerokoak”

Dagoeneko betekada ziurtatuta dago Urbeltz pilotalekuan. Han, 17:30etatik aurrera ikusiko da bertsolarien  benetako tenplea.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa