BTN13. OIONEN AZKEN KANPORAKETA 2013-10-27

Errioxan, modu desberdineko ardoak

Errioxan, modu desberdineko ardoak
Arabako Errioxatik, Oiondik. Felix Irazustabarrenaren kronika
Txapelketako lehen faseko azken tragoxka, ardoarena edo, Arabako Errioxan izatea pentsatu zuen Elkarteak. Araban, Euskal Herrian, ohiko ez diren bertsoplazak ere betetzen joatea. Eta halaxe gertatu da. Plaza ederra betea eta antolakuntza arrakastatsua Oionen.

Txandrio Bertso Eskola dago Oionen. Txandrio hitzak aldrebeskeria, nahasmendua, desordena esan nahi omen du. Bada, gaurkoan ez diete izenari izana eman. Arabar petoak lanean jarri eta besozabal hartu gaitu Oionek. Aparkalekuak zaintzen, sarrerak, jarlekuak... dena kontrolatuta zuten Txandriokoek.

Eta barruan giro ederra. Maite Berriozabal aurkezleak bertsolarien izenak aipatu ahala txaloak eta oihuak nabarmentzen joan dira. Batez ere gazteena, Maddi Sarasua, eta bertakoa, Arabarra, den Manex Agirre aipatutakoan.

Gero saioan zehar momentu bakanetan bakarrik egin du gora. Bertso gogoangarriak entzun ditugu baina saioa ez da piztu eta pizten ez denak zaila du lehertzea.

Lehen faseko azken saioa genuen Oiongoa eta horrek txapelketa kutsu gehiago ematen zion. Bukaeran jakingo genuen sailkapena eta finalerdien osaketa. Horregitik edo, saioa txukuna joan den arren momentuetako intentsitatea falta izan zaio.
Momentu bat nabarmentzekotan, juxtu gidoian ez zegoen zerbait gertatu denean izan da. Maddi Sarasua eta Manex Agirre, hamarreko txikian ari zirelarik, Maddi nahastu egin da ofizioz. Manexek (ondo) bideratu du berriro gaia eta Maddik buelta eman dio aurrekoari entzuleen onarpena lortuz. Orduantxe lehertu da behar bada pilotalekua.

Kuriosoa gerora bi azken sailkatuak izan direnak sortu dutela momentutxo hori eta biek antzeko ibilbidea egin dutela saioan zehar. Gorabeheratsua.

Manex Agirre, ia etxekoa Araban kantatzen zuelako, bertso ale ederrak uzteko gai izan da, eta zenbaitetan (8ko handia, puntu erantzunak) lekua bilatu ezinik. Zortziko txikian elkarrizketa osatuz oso txukun, eta bertsoaldi osoena aipatutako hamarreko txikikoa.

Maddi  Sarasua ere gorabeheratsu bezala jarri dugu, eta adibide gisa puntu erantzunak. Ederrak lehena eta hirugarrena eta behera egin du bigarrenean. Bertsoren baten trabatuta edo... baina irrifar batekin lasaitzen gintuen denok. Berak aitortu digu, festara etorri dela eta zinez irudi hori eman duela. Ahaztu gabe guztiaren atzean bertsolari bat badela. Hori ere erakutsi baitu.

Beste lapurtarra Eneritz Zabaleta izan da ofiziotan neri gehien gustatu zaidana. Zortziko handian, txikian zein hamarrekoan elkarrizketara  lotuz, erantzunez eta arrazoiak bilatuz. Egia da puntuak erantzuten ez duela batere asmatu eta kartzelako gaian zuzen bakarrik aritu dela. Baina esandakoa, binakakoetan oso ondo.

Iratxe Ibarra beti ezagutu dugu bertsolari oso txukun eta erregular moduan eta gaur ere bai. Denen gainetik nabarmendu da puntuak erantzuten, eta ondo ibili da gainerakoetan. Brillo gehixeago, gorakako kolpe bat edo beste falta izan du horietan. Orokorrean, besteek bezala, ez du tarte haundirik topatu umorea egiteko.

Miren Amuriza ere antzeko egoeran aurkitu da. Giltzurruna salgai, ama alzehimerrarekin... Eta bertsotan ondo aritu bada ere, ez du  lekua topatu ofizio horietan. Behetik gora egin du saioan zehar, eta kartzelakoa izango zuen lan osoena. Azken urteotan erakutsi duen bertsotarako maila behar bezala azaldu gabe utziko du txapelketa.

Etxahun Lekue da Oiongo saiotik txapelketa honetan bertsotan jarraituko duen bakarra. Saio erregular batek eman dio horretarako aukera. Bertsolari dotorea da Etxahun, eta bertso guztiak osatzen ditu pieza txukun moduan. Istorio konplikatu samarra asmatu du kartzelakoan.  Ondoen hamarreko txikian aritu da, Eneritz Zabaletarekin. Askotan nabarmendu izan da puntuak erantzuten eta gaur juxtu horretan asmatu du gutxien. Izango du gauzak hobetzen joateko aukera

Osatu dira finalaurrekoak (orri hauetan izango da horren berri) Datorren aste buruan atseden hartuko du asteak eta buruak. Hurrengoan Gernikara goaz azaroaren 9an.


Felix Irazustabarrena