Azken finalaurrekoaren, Mauleko saioren, kronika Felix Irazustabarrenak idatzia
Maulen hartu du txapelketak azken bultzada final handira iristeko. 244 kilometro daude Barakaldora Mauletik, bertsozaleentzat gertu edo urruti, nondik abiatzen diren. Maulekoek adibidez goizeko 6:30ean hartuko dute autobusa BECera joateko. Bertsoa gertu sentitu ordea eta luze joateko prest. Bertsozalez gainezka egin da gaur Ororena ezker pareta. Guztiona beraz azken finalaurreko gozamena, eta horietako askori eta beste milaka batzuei luze egingo zaigu finalerako hamabost egunak itxaron beharra. Ez dago hain urrun, baina gertuago ohituta gaude, eta honek hartu dun abiadan frenoa jartzea ez da erraza.
Gaur Maulen beraz. Eta bertsolariek gertu eta zenbaitek oso oso gertu izan du Barakaldo edo bertan kantatzeko aukera behintzat. Jakingo duzue, Unai Agirre geratu da finaletik kanpo, puntuz berdinduta finalean kantatuko duen Aitor Sarriegirekin. Tarterik ez eta distantzia handia.
Mugak jartzen duen marratik kanpo geratzen den lehena omen da sailkapenetan posturik tristeena. Unai Agirre geratu da bertan. Baina halako saiok, eta halako txapelketa egin du! Inork ezin esango du ez zuenik finalean egoterik merezi, baina... Gaur ere, asko erakutsi du, hamarreko handi bikain batekin hasi, non Aitorrekin aukeratutako doinua bera zen berezi, eta kartzelako saio onarekin amaitu arte. Aurretik beste bik jorratutako bidea hartu du han, baina ederki josi eta bete ditu bertso hauek. Puntutako saioa ere nabarmenduko nuke, oso ondo ikusi baitut bertan.
Sustrai Colina izan da ordea saioan puntu gehien atera dituena, eta berriro, Murgiakoan bezalaxe oso zentratuta eta bereari ondo eusten ikusi dut, binakako lan guztietan eman du eta bakarkakoan, kartzelakoan, oso lan polita egin du. Aukeratutako bide originala (17 urteko nerabearen paperean) egindako deskripzio ederrak, eta bertsoz bertso emandako garapena egokia. Bikaina lana. Finalean kantuan izango dugu berriro (laugarrena jarraian eta ez da erraza) bi saio on eginda gero. Eta orain arteko finaletan beti gora egin izan duela kontutan hartuta...
Finalean egongo da baita ere Aitor Mendiluze. Hala ere zapore gazi-gozoa eraman du etxera, ze ez du bere eguna izan eta ez dio brillurik atera Mauleko saioari. Oso bertso bakanetan agertu zaigu benetako Mendiluze, agian puntutako saioan. Hala ere hau bada bere “saio txarra”... Mendiluzek ederki lotzen ditu bertso guztiak, hitz egokiak aukeratzen ditu, eta ia beti aurkitzendu erantzuna eta arrazoia. Bi finalaurrekoetan hori guztia erakutsi arren ez da bera bete-betean gustura geratu eta entzuleok ere gehixeago eska genezaiokela uste dugu. BECen izango du aukera.
Jexux Mari Irazuk saio ederra egin du. Ondo hasi eta oso ondo bukatu duela esango nuke. Aurreko saioetan erakutsitako bidetik gogoa erakutsi du, behar bada oso aldapa gora zuen berak borrokatu nahi zuen helburua, baina gaur ere saiatu da eta zein bertsolari txukuna, sendoa den agerian geratu da. Maulen kantatzen zuela kontutan izan da irten da plazara. Aurreko saioren batean izan nuen lagun batekin hizketaldia bertsolariak txapelketan Euskal Herri osoari kantatzeaz gain plazari, lekuari era zor zitzaiola eta batez ere herrialde batekoak bestean kantatzen dutenean erreferentzietan, gaurkotasunean, entzulearengana egokitzeko ahalegin bat eginda joan behar duela. Eta Irazuk gaur egin du hori, gaiak ere hartarako tokatu zaizkio, baina bertara egokituta egon da.
Agin Laburuk bere marka uztera etorri denaren sentsazioa eman dit, bertso gehienetan lehen burutazioa baino harago zerbaiten bila aritu denaren inpresioa. Askotan jo du gora saioan zehar eta beste batzuetan laprast egin du ahalegin horretan. Txaloek eta entzuleen erantzunak erakutsi dute gaur bere bertsokera estimatua dela, publikoarekin komunikatzea lortzen du. Kartzelako bidea ondo aukeratu eta bertso ederrak bota dituela uste dut eta beste ofizioetan (akaso hamarreko txikian bajuxeago) bikain erantzun du.
Saio honetako, eta finalerdietako bertsolari gazteena ere, Jone Uria, saioa egitera etorri da jakinaren gainean bertsotan egin behar zuela finaleko ametsari begira egon nahi bazuen. Eta saiatu da. Ofiziotan oso, oso ondo ikusi dut, behar bada kartzelakoan ez du asmatu (bertsolariaren paperetik hartu du honek ere, eta horiek gustatu zaizkit neri gutxien, agian nere gustuaren araberako kontua da) binakako lanetan ordea primeran ikusi dut. Txapelketa osoan erakutsi du eta gaur berretsi. Goitik beherako bertsolaria da. Horren adibide hamarreko nagusian egin duen lana. Ofiziotan zer egin daitekeen, nolako modeak hartu, bertso eskoletan erakusteko modukoa. Lehenengoan bidea ireki du, bigarrengoan lagunaren bukaerari bere bertso amaierarekin erantzun eta hirugarrenan bertso hastapenean erantzun eta bukaeran arrazoi on batekin ofizioa itxi. Bertsotan askotan eta asko egiten ikusiko dugu gaztea.
Bukatu da beraz final aurretik zegoen guztia. Egun handiena bakarrik geratzen da. Hari begira gaude guztiok, baina hartu distantzia eta beta muga horren inguruan geratutakoari begiratzeko ere.
Ezker paretetik erakustazokara goaz. Hurrengoa, Barakaldon.
Felix Irazustabarrena