82 urte zituen 2009-04-01

Joxe Lizaso hil da

Uztapide eta Basarriren belaunaldiarekin kantatua, Lazkano eta Agirrekin Azpeitiko hirukoteko kidea. Sebastian Lizasoren aita eta Beñat Lizasoren aitona zen. Hileta gaur da, 19:30etan, Azpeitian

Joxe Lizaso Rusoa hil da. Joxe Lizaso gazterik hasi zen bertsotan eta azken urteak arte ibili da plazan. 82 urte zituen eta aldakatik oearatu berri zegoen baina jada etxera joana.  "Kolpea izan da, eta buelta eman behar. Mokorretik martxoaren 12an egin zioten ebakuntza. Eguerdian ondo zegoen, broman jardun da. Siestara joan denean, hiru arnasaldi hartu eta han gelditu da. Jaio nintzen ezkero ezagutu nuen aita bertsolari. Azken bi urteetan plazan kantatzeari utzita zegoen, baina lagunartean aritzen zen". Adierazi dio Xebastian Lizasok Uztarriari.Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria Xebastianek berak esanda jakin du berria. "Xebastianek berak esan dit. Orain egun gutxi bisitatu nuen, ospitalean. Oso tenple oneko gizona zegoen; harritu egin nau, albisteak. Hark zeukan gatza, garra, txispa, itzalita ikustea, gogorra egiten zait. Hark zeukan nerbioa… Hori bukatu dela sinestea… " adierazi dio Azpeitiako agerkari digitalari. 

1927an jaio zen Azpeitian, Enparan kalean. Igande arratsaldeetako festa giroan hasi zen bertsotan. 17-18 urterekin egin zuen bere lehenengo saioa, Gaintxurizketan. Txapel, Bixko, Zepai eta Loidisaletxerekin aritu zen bertsotan hasieran. Ondoren, Lazkao Txiki, Xalbador eta Joxe Agirrerekin ibili zen. Azken hogei urtean belaunaldi gazteekin aritu zen bertsotan, Azken urteotan plazako lanak utzi samar zituen, baina oraindik ere aritzen zen bertsotan. Azkartasuna eta erantzuna ziren bere dohaiak.

 1957an Landeta taberna hartu zuen Juli Iraola emaztearekin batera, eta 1969ra arte eduki zuten. Jendeak "Landetako Unibertsitatea" deitzen zion taberna hari. Afalostean bertso giroa izaten zen bertan.

 Bertsoaz gain, zinegintzan ere sartu-irten bat egin zuen Joxe Lizasok: "Urte Ilunak" filmean aitonaren papera bete zuen.

 Xebastian Lizasoren aita eta Beñat Lizasoren aitona zen Joxe. Hirurek bertso saio bat baino gehiago egin izan dituzte azken urteetan. Xebastianek aitari eskaini zion 1986an irabazi zuen Euskal Herriko bertsolari txapela.

Hileta elizkizuna, gaur (osteguna) izango da, 19:30etan, Soreasuko San Sebastian parrokian.

Joxe Lizasori Argiak 2003an egindako elkarrizketa

 Joxe Lizasok kantatutako zenbait bertso irakurtzeko egin klik hemen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri