"Helburua ez da bertsolariak ateratzea, bertsozaletasuna bultzatzea baizik"
Xabier Azpillaga eta Eneritz Artetxe buru-belarri dabiltza Erniarraitz Bertsozale Elkartean. Azpeitian, Errezilen eta Azkoitian indarra hartzen ari direlakoan daude.
"Erniarraitz Bertsozale Elkartearen sorrera Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren inguruan izan zen. Orduan Azpeitian hiru talde sortu ziren eta hiru talde haiek ateratzeko talde dezente bat elkartu zen. Txapelketaren ondoren Laxaro Azkune, Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi, Loidisaletxe eta abarrek pentsatu zuten dinamika horrekin segi eta Azpeitia, Azkoitia eta Errezil inguru honetan ezin ote zen bertsoaren inguruan talde bat sortu eta indar pixka bat hartu. Hortik sortu zen Erniarraitz Bertsozale Elkartea". Halaxe azaltzen du Xabier Azpillagak sorrera. Dena den, Bertsozale Elkartearen "muina" bertso-eskola dela zehazten du, "eta hortik aurrera bertsolaritzaren inguruan mugitzen den guztia".
Orain dela hamar bat urte sartu zen Eneritz Artetxe ere. Bere iritziz helduen bertso-eskoletan egiten da lanik handiena. Gaur egun bi talde dauzkate. "Hortik aparte, hezkuntzan ere lan polita egiten ari garela esango nuke. Hortik kanpo, inguruan antolatzen diren bertso-ekintza guztietan egoten gara antolatzen edo laguntzen edo ahal dena egiten". "Urtetik urtera dago jende berria"
Baina, nolako herriak dira Azpeitia, Azkoitia eta Errezil? Xabier Azpillagaren hitzetan, "Azpeitia, Azkoitia eta Errezil hiru herri oso euskaldun dira, eta oso bertsozaleak ere badirela esango nuke. Azpeitiren kasuan gauza jakina da; hor daude Landetako unibertsitatea eta horiek den. Errezil ere oso herri bertsozalea izan da eta bertsolari ezagunak ere badira eta izan dira. Azkoitian akaso gutxiago baina nik esango nuke bertsozaletasuna badagoela". Bat dator Eneritz Artetxe ere: "Azkoitian bertsozaletasuna badago. Oso partehartzailea ez den herri bat da, baina goizeko lauretatik aurrera edozein hasten da bertsotan eta hori ez bada bertsozaletasuna, ea zer den". Jende hori bertso-eskoletara erakartzen saiatu dira, "plazan kantatzeko jartzen ez bazen ere behintzat bertsoen inguruan jolas pixka bat egin eta astero elkartu eta talde baten barruan gozatzeko". Hala, talde anitzak osatzea lortu dute, "hasi jubilatzeko puntuan dagoenetik eta 14-15 urtera artekoetara", Eneritz Artetxeren hitzetan.
Gaur egun haurren hiru talde dauzkate Azpeitian eta beste hiru Azkoitian. Eta Azpetian bertan helduen bi talde ere badaude. Orain beste talde bat ere osatu da, Eneritz Artetxeren arabera: "Azken 4-5 urteotan Azkoitian lortu duguna da helduen bertso-eskola bat astero-astero elkartzen dena. Gaur egun ere astero 4 lagun elkartzen gara seguru. Hori azken urteotako lorpen bat izan da".
Horrez gain, hainbat ekintza antolatzen ditu Erniarraitzek. Xabier Azpillagak azaldu ditu: "Ikasturtearen hasiera irailaren azkenean edo urriaren aurrenean izaten da eta egutegia jarri xamar izaten dugu. Santo Tomasen inguruan Azpeitian Txapelen Omenezko saioa egiten da urtero; gero, urte batean izaten da Bertso-Parranda. Hori ere urriaren azkenean hasi eta abenduaren azkenean finala izaten dela. Eta beste bi urtez behin Erniarraitz gazteen sariketa izaten da garai honetan. Hemen lau saio antolatzen dira: hiru kanporaketa eta finala. Azkoitian maiatza inguruan Udaberriko saioa antolatzen dugu. Azkoitian hasi-berriago gara eta jende kopuruz gehiago kostatzen zaigu, baina ari gara indartzen." Horrez gain, asteburu-pasa ere antolatzen dute Lasturrera 12-16 urte arteko gaztetxoekin. Eneritz Artetxek eman du azalpena: "Astero-astero bertan elkartu eta ikusten genuen hutsune bat bazegoela, elkar ezagutzeko aukera eman behar zitzaielako. Aurten hirugarrena izango da eta aurreko biak ondo joan dira, ez dakit umeek edo guk, nork pasatzen duen hobeto baina tira. Balorazio oso positiboa egiten dugu."
Bertsozaletasuna helmuga
Erniarraitz Bertsozale Elkartearne helburu nagusia bertsozaletasuna bultzatzea dela azaldu du Xabier Azpillagak: "Noski, tartean daude bertsolariak ere, baina baita gai-jartzen ariko direnak ere, epaitzen ariko direnak, antolatzen, gaiak prestatzen, oholtza jartzen, kartelak jartzen... Hasieratik eduki dugu hori argi, eta hemen denok elkartu behar dugu."
Filosofia horri jarraika, herrian oso barneratua dagoela uste du Eneritz Artetxek: "Bertsoarekin zerikusia daukan edozer antolatzeko beti deitzen digute, erreferentzialtasun bat lortu dugu".
Hemendik aurrera, egindako bidean sakontzea izango da helburu Eneritzen iritziz: "Bertso-eskolak dira azpimarratzeko modukoa orain arte, eta hori izango da aurrerantzean ere helduleku: lanean jarraitzea gazteekin eta helduekin, bertsolari berriei aukerak ematea...". Xabier Azpillaga ere bat dator: "Bertsoaren inguruan jolas egin nahi duen edonori aukera eskaini nahi diogu".