Lizardi Saria Zarautzen 2007-09-13
Beñat Gaztelumendi añorgarrak irabazi du aurtengo Lizardi Saria, Oihana Bartra bilbotarraren aurretik. Bertso onenaren saria ere Gaztelumendik berak eraman zuen. Final ona izan zen eta honako sei bertsolarik jokatu zuten finala ostiralean: Gaztelumendi eta Bartraz gain, Aitzol Barandiaran ataundarra, Unai Muñoa Lasartearra, Mizel Mateo bidarraitarra eta Jokin Labaien arrasatearra aritu ziren kantuan. Puntuei dagokionez, Gaztelumendik 377 puntu atera zituen; Bartrak 371,5; Barandiaranek 365; Unai Muñoak 353; Jokin Labaienek 348 eta Mizel Mateok 342. Epaimahian Felix Irazustabarrena, Zigor Leunda, Urtzi Bastarrika eta Josu Garate aritu ziren.
Bertso paperetan berriz, Xabier Azkue Zumaiarrak irabazi zuen Algorri harri gorri lanarekin eta Iñigo Manzisidor Mantxi zarauzatarra gelditu zen bigarren Azken sorgin-muxua sortarekin.
KRONIKA
Beñat Gaztelumendik jantzi du XXXI. Lizardi sariko txapela. Oso saio ona egin zuen Añorgatarrak eta inoizko mailarik onena eman du final honetan. Ez kasualitatez ordea, Beñati antzeman zitzaion lan asko egina dagoela eta bere bertsokera asko landu duela.
Beste bostek ere saio ona egin zuten, Oihana Bartra, Unai Muñoa, Aitzol Barandiaran, Jokin Labayen eta Mizel Mateok, eta hasiera hasieratik gainera. Zortziko handian hiru bikoteak jardun ziren ongi eta horren adibide, hemen Jokin Labayen eta Beñat Gaztelumendik egindako lanaren zati txiki bat. Beñat amak Jokin aita beraien alabaren egunerokoa miatzen harrapatu zuen:
Jokin Labayen:
Hitzegitean ama bezala ipini ohi zait alaba / horixe baitu zure barrua eta zure begirada / ta horregatik zuzen joan naiz bere gogoetetara / hurbildik zaindu beharko dugu zu bezalakoa bada.
Beñat Gaztelumendi:
Konfiantzarik bate gabeko pertsona ote zera zu? / afaltzen jarri ta alabari noiz egin diozu kasu? / Barkatu baina aita bezala nahiko gaizki zabiltz aizu / gertutik zaindu behar horretan urrundu egingo zaizu.
Zortziko txikian ez zuen inork bete betean asmatu, baina ez zen inor erori. Puntuekin ere halatsu gertatu zen, izan ziren dotore erantzundako puntu bakan batzuk, baina batez, hutsik ez egitera joan ziren bertsolariak eta horretan asmatu zuten.
Hamarreko txikian berriz, oso saio politak entzun genituen. Beñat eta Mizelek egindako saioa polita izan zen, beste horrenbeste Jokin Labayen eta Oihana Bartrak egin zutena, baina detaile oso politak utzi zituen saioa Unai Muñoa eta Aitzol Barandiaranek egin zuten. Aitzol kamioilaria izan zen ofizio honetan eta Unai berriz etorkina. Muga zeharkatu aurretiko azken gasolindegian atera da Unai etorkina kamioipetik.
Aitzol Barandiaran:
Espainian gora ta behera jarduna / errepidean pasa ohi degu eguna / zementuan gaineko erdi maitasuna / ez badezu aguro aldeiten laguna / ni izango naiz muga pasako ez duna.
Unai Muñoa:
Kamioian azpian batetik bestera / ez da erreza zure herriko sarrera / eta gogorra handik honako karrera / lagundu ezaidazu pasatzen barrera / ta ni moldatuko naiz hortikan aurrera.
Aitzol Barandiaran:
Alperrik baldin bada zertarako saia / hauxe benetan bideko amaia / asko maitatzen zattut mugako anaia / kobratzen dedanean hau da nere nahia: / pozik ordainduko det gaur zure bidaia.
Unai Muñoa:
Hau betikoa ez al da? Balitu, banitu... / urteekin aukerak zaizkigu gutxitu / nere ametsarekin ez zaitez harritu / nahiz hori esateak dun hainbat meritu / hitzak beti haizeak eramaten ditu.
Baina dudarik gabe, bertsorik onenan kartzelako lanean bota zituzten eta gutxi gehiago, denek asmatu zuten lan horretan. Hau zuten gaia: asko kostatu zaizu atea igaro ala ez erabakitzea, baina azkenean igaro duzu.
Oihana Bartra:
Gurasoekin hainbat mobida euki ditut mila aldiz / eurek hau egin esan ezkero egiten dut alderantziz / baina azkena gehiegi izan da ta nazkatu naute guztiz / maleta egin dut ta nire amak oso serio egin dit hitz / zuk ate hori igaro ezkero ez zaitez itzuli berriz.
Esan didate benga alaba razionala izan zaitez / bizi osoan egon baikara dana ematen ta maitez / hala ta guztiz erabakia aita-ama ez da hain errez / barkatu baina joan behar dut behinik behin denbora batez / nire bidea egin behar dut zuei gustatu ala ez.
Alaba hemen geratu zaitez! Eskatu dit belaunik / ta gero ere esan didate bai bai zaitugu begiko / halan da guztiz erabakia mantendu behar dut tinko / nahiz esan duten joan ezkero joan behar dudala betiko / ederto dakit euren bihotza ez didatela itxiko.
Beñat Gaztelumendi:
Gazteok beti egiten degu senak esaten diguna / baino gaur gauez gogorra egin zait nere koltxoi biguna / azkenerako tokatu baitzait denoi tokatzen zaiguna / inortxo ez det adiskidea, inortxo ez det laguna / baina atea zeharkatu det kopeta daukat iluna / batzuentzako zein gogorra den klaseko lehen eguna.
Oraindik ere oso gazte naiz, bakarrik 14 urte / baino gerria zabala daukat, askok hala dute uste. / Irakasleek klase barruan hala esaten digute: / errukia ta elkartasuna omen direla bertute. / Klasekideek burua gora ta behera mugitzen dute / baino klasetik irtendakoan jipoitu egiten naute.
Ikusirikan zein den eskolan daramadan panorama / erdi lasterka egin det nere etxerako bide dana / psikologoak, hezitzaileak... familian dena drama / ederki dakit nere begiak bustirikan dauzkadana / giltza atean sartu det eta hitzegiteko afana, / besarkatauaz hala esan diot: dena ondo doa ama.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24