Gaur bertan saioak izango dira Azkainen, Altzon, Andoainen, Gamiz-Fikan, Zarautzen eta Azpeitian. Bihar Basaurin, Garesen, Lezon, Gabirian, Urruñan, Irunen eta Donostian izango dira hitzorduak eta etzi Donostian, Donapaleun eta Leioan.
Bertso-ekitaldiz betetako asteburua dator. Gaur bertan sei saio daude iragarrita.
Azkainen "Bertso Raklet Gaua" egingo dute gaur, iluntzeko 20etan hasita, Kilika Gaztetxean. Odei Barroso, Xumai Murua eta Amets Arzallus ariko dira kantuan Iban Jobert eta Kentin Lavigneren esanetara.
Altzon Harituz-ek antolatutako Herriartekoaren kanporaketa jokatuko dute Altzo eta Berastegik iluntzeko 21etan Elorri elkartean.
Andoainen "Gabrielen lekua" sentikaria izango da Basteron, iluntzeko 21:30etan. Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak ariko dira bertsotan. Idazle baten irakurtaldiak gidatuko du saioa.
Gamiz-Fikan bertso-afaria izango da taberna zaharrean iluntzeko 21:30etan, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paiarekin.
Zarautzen bertso-desafioa egingo dute Zestoak, Markina-Xemeinek eta Zarautzek iluntzeko 21etan Putzuzulo Amets Fabrikan. Beñat Jauregi, Xabat Galletebeitia, Hodei Iruretagoiena, Aitor Salegi, Aissa Intxausti eta Igor Olabide ariko dira bertsotan.
Azkenik, Azpeitian bertso-saioa izango da gaueko 22:30etan Orkatz tabernan. Julio Soto, Xabier Silveira, Alaia Martin eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" dira bertsotan aritzekoak.
Biharko agenda ere oparo dator. Basaurin, arratsaldeko 18etan saioa izango da Basozelai Gizarte Etxean. Igor Elortza, Unai Iturriaga, Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan Arkaitz Estiballes gai-jartzaile dutela.
Garesen gaita eta bertso-poteoa eta bertso-afaria izango dira Julio Soto eta Uxue Alberdi bertsolariekin. Iluntzeko 21etan hasiko da poteoa eta, ondoren, 22etan izango da afaria.
Lezon urteroko saioa egingo dute iluntzeko 20etan Gezala Auditorioan. Sustrai Colina, Amets Arzallus, Jon Maia eta Alaia Martin ariko dira kantuan Josu Goikoetxeak gidatuta.
Gabirian "Bi bala" ikuskizuna izango da gaueko 22etan Antzerki aretoan. Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga beraiek idatzitako abestiak kantatzen ariko dira, Julen Goikoetxea eta Xabier Etxeberria musikarien laguntzaz.
Urruñan, Ihauteriak direla eta, eskeko saioa egingo dute kantari, trikitilari eta bertsolariek goizeko 8etan hasita. Xumai Murua eta Eneritz Zabaleta ariko dira kantari.
Irunen bertso-afaria izango da iluntzeko 21etan Behobiako Trinkete jatetxean Amets Arzallus eta Andoni Egañarekin.
Azkenik, Igeldon bertso-afaria izango da Txistu jatetxean. Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze ariko dira kantuan.
Etzi, beste hiru saio daude iragarrita. Donostian bertso-gosaria egingo da goizean Barkaiztegi sagardotegian. Sebastian Lizaso, Iñaki Murua eta Millan Telleria dira bertan kantatzekoak.
Donapaleun Libertimendua izango da goizeko 11tan. Ramuntxo Kristi eta Xumai Muruak kantatuko dute.
Azkenik, Leioan "Gabrielen lekua" emanaldi berezia izango da iluntzeko 20etan Kultur Maratila zikloaren baitan.