Nafarroako Eskolartekoa 2014-04-08

Mikel Lasarte eta Maddalen Lopez Euskal Herriko Eskolartekora

Pasa den ostiralean jokatu zen Nafarroako Eskolartekoa Iruñean. Mikel Lasartek jantzi zuen txapela eta Maddalen Lopez sailkatu zen bigarren. Beraz, biek abestuko dute ekainaren 21ean Orion jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.
Iruñeako Kalekalde elkartean egin zen pasa den ostiralean Nafarroako Eskolarteko finala. Zortzi bertsolari kantuan baina epaileek zazpi epaitu zituzten. 15-18 urte arteko gazteen saioa izanik, adin horretara iristen ez den Xabat Illarregi gonbidatu zuten kantura zortzikotea osatzeko. Oso saio polita egin zuten gazte leitzarrak eta frexkotasun handia eman zion saioari.

Xabatekin batera Ainara Ieregi, Jokin Pinatxo, Sarai Robles, Joanes Illarregi, Manex Mailharin, Maddale Lopez eta Mikel Lasartek osatu zuten zortzikotea. Urduritasuna  nabari ziren saioa hasi aurretik baina ezinegon horren gainetik jarri zuten kanturako gogoa eta bizi-bizi aritu ziren kantuan denak.

Saio puntuagarria gai bati jarritako bertsoarekin hasi zuten. Gaiak horrela zioen: maitemindurik zaude. Margaritei petaloak kentzen ari zara berak maite zaituen ala ez jakiteko. Seigarren loreak ere ezezkoa esan dizu. Joera izan zezaketen denek dramara jotzeko baina batzuk umoretik ere abestu zuten.

Zortxiko txikiko ofizioan abestu zuten jarraian. Aipagarria Mikel Lasartek eta Xabat Ilarregik osatu zuten bertsoaldia. Euren seniden baten ezkontzara joan diren bi lagunen ahotik abestu zuten, Mikel dotore-dotore jantzita eta Xabat ezer berezirik gabe, eguneroko moduan. Mikel Lasartek bidea ireki eta Xabatek bikain erantzun zion.

Bigarren fasera zein bertsolari sailkatuko ziren jakin aurretik, bertso bana osatu behar izan zuten oinak emanda.

Lau bertsolari sailkatu ziren bigarren fasera: Jokin Pinatxo, Sarai Robles, Maddalen Lopez eta Mikel Lasarte.

Binaka koplaka aritu ziren lehendabizi. Jokin Pinatxok eta Sarai Robles bi aktoreren lekuan jarri zituen gai-jartzaileak, eszena bera behin eta berriz errepikatuz. Lan polita osatu zuen bikoteak.

Eta lan puntuagarriekin amaitzeko kartzelako ariketa: puntu-erantzuna eta gaiari bertso bana. Honela zioen Alaitz Rekondo gai-jartzaileak jarritako puntuak, "ikasle bizitzak du/alferraren fama" eta gaiak "Egun bat pasa da kuadrilakoen whatsappik jaso gabe".  Mikel Lasarte eta Maddalen Lopezek osatu zituzten kartzelako lan onenak.

Amaieran, Mikel Lasartek jantzi zuen txapela eta Maddalen Lopezekin batera izango da kantuan ekainaren 21ean Orion jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu