Alaia Martinen elkarrizketa 2014-05-15

"Txapelketek eman gehiago egiten dute kendu baino"

2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan lehenengo fasean kanpoan geratu ondoren, 2011ko finalako plazarako ateak zabaldu zizkiolakoan dago. Bertsolari Txapelketa Nagusitik zapore "gozoa" gehiago badu ere, hobetzeko gauza "dezente" ikusi ditu.
 Alaia Martinek ibilbide oparoa osatu du txapelketetan. "Nik esker ona besterik ez daukat. Nik daukat 2007ko Gipuzkoako Txapelketako oroitzapena, kalera joan nintzela lehenengoan eta lau urte itxaron behar horrekin kezka txikiren bat izan nuen baina saio txiki batzuk baneuzkan eta pasa zitzaidan. 2011n zortea izan nuen. Urte hartan finalera iristeak bai animoz eta bai plazei dagokienean asko lagundu zidan. Zortea izan nuen eta nik uste zorte hori luzatu zitzaidala behintzat pare bat urte. Txapelketa pasata ere pentsatzen nuen "hilabete honetan saioak dauzkat, hurrengoan ere bai baina gero ez dakit zer pasako den". Eta orain ere, Euskal Herrikoa pasa da eta egon naiteke nahiko pozik. Nolabaiteko arnasa hartu dut horrekin eta gustura nago horrek laguntzen didalako plazak edukitzen baina konturatzen naiz horrek ez duela inolako garantiarik ematen eta zorterik izan ezean edo plazan merezi duen zerbait egin ezean hori bukatu daitekeela. Txapelketek ematen dute baina ez dute lekua eternoki ematen. Lekuaren bilaketa hori egunerokoan egin behar da plazaz plaza eta txapelketak dira oso aitzakia ona bertsotan hobetzeko eta bertsotan hobetutako hori erakusteko edo hori ere ez, batzuetan gertatzen baita".

 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa "mugarri" bat izan zelakoan dago: "Maiatzeko fasetik hasi nintzen eta zortzi hilabeteko txapelketa bat izan zen. 2011n garbi neukan finalaurrekoetara iritsi nahi nuela ilusio handia egiten baitzidan noizbait Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeak. Oso txapelketa luzea izan zen eta behin helburu hori beteta gustura geratu nintzen. Finalarena ez nuen espero inola; egun hura gogoratzen dut hiru urteko ume batek bezala eta orain are karino gehiago diot, uste baitut plazarako atea final hark ireki zidala neurri handi batean. Eskaparate edo eskailera bat izan zen".

 "Itsutzeak norbera estutu besterik ez du egiten"

 Dena den, txapelketak "erlatibizatu" egin behar direla uste du: "Txapelketek lagundu behintzat egiten dute: eman gehiago egiten dute kendu baino. Badaude bertsolari batzuk izugarrizko maila eta karisma daukatenak eta txapelketan huts egin edo ez egin jendeak ederki daki bertsolari horien gaitasunen berri, eta perfilaren arabera eragin handia izan dezake. Oso lutua dago norberak ematen dion pisuarekin. Txapelketara hil edo bizi joaten bazara horri buelta ematea zailagoa izan daiteke. Nik erlatibizatu pixka bat egin dut, beldurra neukalako jakinda Gipuzkoako Txapelketan zorte handia izan nuela ondorengo txapelketetan normalena zela hainbesteko zorterik ez izatea. Indargunea jartzen saiatu nintzen nire esku dauden gauzetan: nire jarreran, nire errimak, nire ideiak... Hortik aurrera itsutzeak norbera estutu besterik ez du egiten".

 Joan zen urteko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen, baina oraindik digestioa "egin gabe" daukala dio: "Sentsazioa daukat aspaldi bukatu zela, kolpez bukatu zela... Hiru saiotan kantatu nuen. Lehenengoan ustez oso lasai joan nintzen, oso erlatibizatuta, baina laino batean egon izanaren sentsazioa daukat, nire lekua oholtzan aurkitu gabe. Gainerakoan sentsazio hori daukat. Ariketa batzuk oso gustura egin izanaren sentsazioa daukat, eta baita ere firmatuko ez nukeen saio pare bat ere badago. Orokorrean gozoa geratu zait, eta egin dudanaren inguruan, baleko txapelketa egin dudalakoan nago baina hobetzeko gauza dezente ikusi ditut".

 Dena den, txapelketa bat bukatu orduko inguratzen da bestea eta datorren urteko Gipuzkoako Txapelketari begira jarri da jada: "Orain dela gutxi agertu zitzaidan ideia hori burura. Asmoa da Euskal Herriko Txapelketan hobetzeko ikusi ditudan horiek lantzea, plazan ere kontzientzia handiagoz ari naizenak aplikatzen, eta betiko lanketa teknikoa egingo dut. Gogoarekin nago mimoz prestatzeko eta gauzak ahalik eta ondoen egiteko".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri