Joan zen abuztuaren 13an festetako saioa egin zuten Aitor Mendiluzek, Jone Uriak, Eneko Lazkozek eta Unai Agirrek. Zinema bete egin zuten bertsozaleek eta goi mailako saioaz gozatu ahal izan zuten.
Uda garaian eguzkipean egin ohi dira saio gehienak. Leitzan ere jaietako saioa plazan egiteko ohitura izan ohi dute. Baina joan zen abuztuaren 13an barrurako giro hobea zegoenez, zinemara aldatu zuten bertso-saioa. Arratsaldeko 18:30ean atera ziren lau bertsolariak oholtzara:
Leitzako bertso-eskolako kideek prestatu zituzten gaiak, eta saioa goi mailakoa atera zen hasiera-hasieratik. Lehendabizi, lau bertsolariak 50 000 eurorekin zer egingo luketen pentsatzen jarri zituzten, Leitzako Udalak egindako ekimena gogoan hartuta.
Ondoren iritsi ziren ofiziotako saioak, eta bizi bizi joan ziren lehendabiziko biak. Eneko Lazkozek neska bati etxera lagundu zion Leitzako festetan. Balkoira kantuan ari zitzaiola, neskaren aita, Jone Uria, alegia, atera zen balkoira. Umorez aritu ziren elkarri erantzunez, eta saio eder eta bizia osatu zuten.
Bizia izan zen Unai Agirre eta Aitor Mendiluzeren ofiziotako lana ere. Sagardoa probatzen hasi ziren biak eta ederki nabaritu zen gaia ezagutzen zutela, zehatz, umorez eta luze aritu baitziren biak, erritmo-erakustaldi bat emanaz zortziko txikian.
Ondoren Unai Agirre mendiku paperean jarri zuten. Leitzako jaietan atzeko hirurak igaro ziren bere kontsultatik: bakoitzak bere arazoa azaldu ondoren, erremedioa eman behar zien Unai Agirrek. Ederki aritu ziren lau bertsolariak.
Serioago jarri zen saioa ondoren. Aitor Mendiluzek palestinar baten larrutik kantatu zuen, bakarka. Zortzi puntuko neurrian ausartu zen, "Martxa baten lehen notak" doinuan, eta ale dotoreak utzi zituen.
Beste hirurak elkarri puntuak jartzen aritu ziren jarraian, ofiziotako lanetara itzuli aurretik.
"8 Apellidos Vascos" filmaren grabaketaren zati bat Leitzan izan zen, eta aurten turista ugari jaso dituzte motibo horregatik. Unai Agirre andaluziarra ere halaxe joan da Leitzara, baina jaietako lehenengo gauean ligatu eta Jone Uriaren aldamenean esnatu da. Saio polita josi zuten, elkarri erantzunez.
Etxarri-Aranatzen orain dela hilabete gutxi batzuk galdeketa prozesu bat egin zuten. Eneko Lazkoz bertakoa izaki, horri buruz galdetu zioten. Ondo erantzun zuen etxarriarrak, hamarreko handian hiru bertso botata.
Saioa azkeneko txanpan sartu zen, eta umorerako eman zuten hortik aurrerako gaiek. Hasteko, kopletan aritu ziren. Bertsolariek WhatsApp talde bat daukate, baina, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa badatorrela eta, jJone Uria ez dute taldean sartu. Aitzakiak jartzen aritu ziren beste hirurak.
Jarraian, Leitzan ohikoa den ariketa batean jarri zituzten lau bertsolariak: herriko hitzen esanahiak asmatzen. Aitor Mendiluzek berea asmatu bazuen ere, urrutiago ibili ziren beste hiru bertsolariak, entzuleen gozamenerako.
Puntuka aritu ondoren, agur banarekin bukatu zuten saioa.