Lizardi Sariketa 2014-09-09

Plaza ederra bertsolari gazteentzat

Euren bidea egiten ari diren bertsolari gazteentzat garrantzitsuak dira bertso-sariketak. Jendaurrean abesteko eta egiten dakitena erakusteko aukera bikaina da eurentzat. Ostiralean jokatu zen Lizardi Sariketa da horietako bat. Hemen dituzue ikusgai hango bertsoaldi onenak.
38. aldiz antolatu dute aurten bertsolari gazteen Lizardi Sariketa. Bi kanporaketetan Amaia Iturriotz, Imanol Irazustabarrena, Jon Gurrutxaga, Ane Labaka, Arnaitz Lasarte eta Aratz Igartzabal sailkatu ziren ostiraleko finalera.

Bertsolari gazteak dira eta plaza ederrak dira beraientzat bertso-sariketak. Ez dituzte aukera asko izaten jendaurrean abesteko eta Lizardi moduko sariketak "eskaparate" oso onak dira. Eta seikote gazteak ondo aprobetxatu zuen Zarauzko bertso-plaza, eurek gozatuz bertsozaleei gozaraziz.

Modelo aretoa leporaino beteta, hasieratik nabaritu zen publikoa bertso-gosez zetorrela. Gogoz jo zuten txalo sei bertsolariak oholtzara igo zirenean eta saio osoan zehar eskertu zuten bertsolarien ahalegina.

Zotziko handian ondo aritu ziren seirak baina saioaren lehen zatiko ofizio onena zortziko txikian osatu zuten Ane Labaka eta Arnaitz Lasartek. Felix Zubiak jarritako gaiak honela zioen: Bikotea dira Arnaitz eta Ane. Arnaitzek gaur eraman du lehenengo aldiz Ane etxera gurasoak ezagutzera. Afaltzen hasi dira baina Anek ez du ezer  jaten.

Ane Labakak haragirik ez zuela jaten esan zuen eta honela jarraitu zuen Arnaitzek:

Arnaitz Lasarte (azken bi puntuak):
...
ezautu nahi badezu
famili osoa
ama konbentzitzea
da lehen pausoa

Ane Labaka (azken bi puntuak):
...
hizketan hasi eta
irripar bat kitto
lehenago ez zenitun
asko ekarriko


Arnaitz Lasarte (azken bi puntuak):
....
nahiz bi platerek sortu
arazo sakona
etxe hontan postrea
izaten da ona

Ane Labaka (azken bi puntuak):
...
nahi badezu postrea
probau dezakegu
eta gero musean
egingo al degu?


Bertsoaldi horretako Arnaitzen hirugarren bertsoak irabazi zuen bertso onenaren saria. Zortziko txiki honek ekarri zuen soka eta ederra izan zen Arnaitz Lasartek bertsoaldi horretan oinarrituta egin zuen bakarkako lana. Gaiak honela zioen: Esnatu zarenean oraindik hor jarraitzen du

Arnaitz Lasarte (azken bi puntuak):
...
orain hementxe daukat (Ane) ondoan
ta ni pozik begiratzen
nere amaren tripaki onek
ez dute inoiz "failatzen"


Arnaitz Lasarte (azken bi puntuak):
...
Ane ta biok giñan pareja
pareja onena adi
lehenengo aldiz gailendu nintzen
musian nere attari

Arnaitz Lasarte (azken bi puntuak):
...
hamarrak dira ta esnatuko
zaigu neska berehala
seguru nago biyar gauian
berriz etorriko dala

Bakarkako lanetan ohikoa ez den umorea erabili zuen Arnaitzek eta eskertu zuten hori entzuleek, gogoz jo zuten txalo.

Puntu-erantzunetan fin aritu ziren denak baina aipagarriena agian Imanol Irazustabarrenaren lana. Lehen puntua erantzutean ez zuela gidabaimenik esan zuen eta bigarren puntuan honakoa galdetu zionean, "Zenbat puntu dituzu / gidabaimenean?" denon ahotan irripartxoa irten zen Imanolen erantzunaren zain. Eta bikaina erantzuna:

Felix Zubia:
Zenbat puntu dituzu
gidabaimenean?

Imanol Irazustabarrena:
guztiak ateratzen
dedan egunean
baina oinez ibili
nahi det bitartean
horrela mantentzen naiz
ni sasoi onean

Bakarka gaia emanda hiruna bertso osatu behar izan zituzten kartzelako lanean. Honela zioen gaiak: Esnatu zarenean oraindik hor jarraitzen du

Ordurarte oso ondo aritu zen Ane Labaka seiko motzeko ariketan erori zela aitortu zigun eta horrek eragin ziola kartzelako ariketan. Trabatuta ibili arren lan ona egin zuen:

Ane Labaka (azken bi puntuak):
...
gaur sentitzen det amets guztiak
ez direla saldu doan
nere ametsetan agertzen zena
oraintxe baitet ondoan

Ane Labaka (azken bi puntuak):
...
eta gaur argi ikus dezaket
lehenago zena iluna
edozertako gai sentitzen naiz
hasi dedila eguna

Ane Labaka (azken bi puntuak):
...
ahaztu ditzadan nere beldurrak
mila inseguridade
lotarako gai izan nahi nuke
zu ondoan izan gabe

Amaia Iturriotzek beste ikuspuntu batetik kantatu zion gaiari. Bera minbiziarekin ospitalean, bere ohearen ondoan dagoen amari abestu zizkion hiru bertso:

Amaia Iturriotz (azken puntua):
....
ama aulkian dagoela
bere begiez ikusi nahi du
berriz esnatu naizela


Amaia Iturriotz (azken puntua):
....
zenbat bizi ta bizipen
zuk erakutsi didazu halere
esna ametsak egiten

Amaia Iturriotz (azken puntua):
...
ta zaintzen nauzu gustura
ama sekula sendatzen banaiz
zuregatik izango da

Saioa amaituta, Ane Labakak jantzi zuen  txapela eta Arnaitz Lasartek, bertso onenarenaz gain, bigarren sailkatuaren saria ere eraman zuen etxera. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri