Martxoaren 13an Gasteizen elkartu ziren Kakiturri eta Txingudiko bertso-eskoletako kideak. Hemen duzue Felipe Zelaietaren kronika.
Martxoaren 13an Gasteizen elkartu ziren Kakiturri eta Txingudiko bertso-eskoletako kideak. Hemen duzue Felipe Zelaietaren kronika:
Giro ederrean joan zen Txingudiko eta Kakiturrikoen arteko bertso trukaketa aurreko igandean.
Juaristik prestatutako bazkari goxoaren ondoren bertso saio polita entzuteko irrikan egon ziren hurbildu ziren 18 bertsozaleak. Jarritako expektatibak bete ziren ez dakigu, baina txalorik ez zen falta izan, ez horixe!
Saioko onena gai-jartzailea izan zela esaten denean dardarka batean hasten gara jeneralean, baina Xabi López de Santiagok, bertsolari eta trikitilari bikainak, ederki asmatu zuen lan horretan ere. Gai umoretsu eta serioagoak bestelako ariketa bereziekin tartekatu zituen.
Aitor Errazkinek bizikleta estatika bat oparitu zion Otamendi bere bikotekideari bere urtebetetzean. “Etxetik irten gabe ibiliko zera” bota zion Aitorrek eta Asierrek “beloa oparitzea soilik falta zaizu” . Ofizio bizi eta polita burutu zuten.
Abel Zabalari eta Felipe Zelaietari Siriako eta Nigeriako bi errefuxiatu izatea egokitu zitzaien. Europarako bidean elkartu eta maitemindu ondoren, Abeli sartzen utzi zioten errefuxiatu politikoa zelako eta Felipe etorkin ekonomikoari, ordea, ez. Abelek “ez dakit bertan geratu edo zurekin joan” eta Felipek “diru pixka bat egindakoan etorri bisitan”
Jon Maiaren bidea jarraituz, emandako kanta zatiarekin bertsoa osatu behar izan zuen bertsolari bakoitzak. Iñigo Ugartek ez zen oker ibili “ Ridikulua denok e(g)in dugu edozein herriko jaixetan” esan zuenean.
Ariketa honetan entzun zen gerora hainbat zeresan eta malko isuraraziko dituen bertsoa. Asier Otamendi, urrezko solteroaren ahotan:
Orain bost urte nik eman nion gure munduari jira
ta oroimenak nire buruan borborka etortzen dira.
Maitale bat det Ameriketan, onartu behar det di-da
baina Gasteiz hau kostaldetik at nolatan daukagun, tira!
irudimenean beti egoten naiz itsasoari begira.
Iñigo Ugarteren bertso bat, poto nabari batekin, Youtuben fenomeno birala bihurtzen ari da. Gaur Iñigok Xabi Riko bere laguna barrezka ikusi du bideoa beste lagunei pasatzen ari zela. Iñigo haserre, “Horrelako lagunak eduki ezkero” eta Rikok “ireki ezazue potoak punto org”
Bakarka bikain aritu ziren Asier Martxoak 3ko monolitoari begira eta Iñigo ikusezin bihurtzeko makina asmatu zuena.
Felipek, Otegiren paperean, Urkulluk, ETAren biktima baten senideak eta preso baten anaiaren galderei erantzun behar izan zien.
Bukaera aldera Xabi gai-jartzaileak trikitia hartu eta Egun da Santimamiña doinuan koplaka jarri zituen bertsolariak entzuleak aipatzeko agindua eman ondoren. Han agertu ziren Patxi oiartzuar egoskorra; Joseje burugogorra; entzule printzesak, lo zegoen Uxue txikia tarteko; goxua eta krema katalana, Jordi eta Amaia goxo elkartuz; Rikardo, Arabako Txirrita; Patxi koordinatzaile bikaina; Garikoitz paparazzia, Karmele psikologoa....
Agurren tartean Rikardok ez zuen aukera galdu gonbidatuei pegatinak eskatzeko.
Egunari ginda jartzeko Basarriren “Nork egin du gure galde”, Bilintxen “Hobe sartzea soldadu”, Txirritaren “Ni esposatzian” eta Beittoren “Nire testamentua” bertso sortak kantatu genituen.
Agurrean norbaitek esan zuen gaurkoa ez genuela erraz ahaztuko. Gora Txingudi, gora Iruneder eta gora Bertsotruk!