BERTSO JARRIAK ARGIAN / Estitxu Eizagirre 2009-06-02

"90 urtez bertsotan dator notizia"

Argia Astekaria da gaur egunean bertsolartiza jorratzen duen mediorik zaharrena. Argiak 90 urte bete ditu aurten eta Estitxu Eizagirrek artikulua idatzi du bertso jarriek medio horretan izan duten presentzia eta bilakaeraren gainean. Bertso jarri horien antologia bat larunbateko jaialdian entzungo da Donostiako Victoria Eugenian, Eñaut Agirrek kantatuta.
Argia Astekaria da gaur egunean bertsolaritza jorratzen duen komunikabiderik zaharrena. Argiak 90 urte bete ditu aurten eta Estitxu Eizagirrek artikulua idatzi du bertso jarriek medio horretan izan duten presentzia eta bilakaeren gainean. Artikulua jatorrizko bertsioan

"Lehen zenbakitik (1919) gaur arte inprimatu dira bertso jarriak Argian, etenak eten. Ehunka izenak erreparatuz gero, tartean sorpresa batzuk hartuko dituzu. Porrusalda historiko honetatik edan nahi baduzu, zatoz ekainaren 6an, 20:00etan Victoria Eugenian egingo den bertso saio berezira. Besteak beste, Eñaut Agirrek bertso jarrien hautaketa kantatuko baitu, Imanol Kamio eta Aitor Atxegaren musikak indartua.

Lehen zenbakian (1919) bertan argitaratu zituen lehen hitz neurtuak Argiak. Errenteritar Erramunek Jesusi jarritako koplak eta Urtsuya kaputxinoak Jesus haurtxoari jarritako koplak, hain zuzen. Bostgarren zenbakian argitaratu ziren lehen bertsoak.
1960ko hamarkada: Bordatxoaren ondotik

Basarriren asteroko “Nere bordatxotik” orrian, sarri jartzen zuen “danetik nasian” azpiatala, eta bertan gai askori bertso bana jartzen zion: idi demari, kamiotako jende galtzeari, Iruntxiberri eta Irazu korrikalarien arteko apustuari... 1965ean, Basarriren ondoan Hernaniko Ereñozu bailarako luistar baten bertso jarriak argitaratu ziren: Donostian jokatutako Aizkora Txapelketa gaitzat hartuta, Polipasori eskainiak. Handik hilabetera, maiatzean, hasiko ziren gainerako jartzaileak beren kasa bertsoak bidaltzen, horrela bertso jarriek ia asteroko maiztasunari ekinez. 1966ko urtarrilean Basarrik idazten duenez: “Zaletasun aundia ari bazterretan sortzen. Astero astero bertso saill bat azaltzeak asko edertzen du gure astekaria”. 1968an gainezka behar zuen Basarriren kaxoiak: “Bertso-jartzalleeri adierazi nai geniekena auxe da: bertso erruz artzen degula batetik eta bestetik. Txandaren zai egon bearra dagola. Eztitezela samindu, beraz, berandutxo argitaratzen baditugu”.

Garai hartan gehien idatzi zuten jartzaileak: Gillermo Albizu, Manuel Matxain, Jesus Lete “Ibaiertz”, Inozentzio Olea, Xanti Zabala “Lexo” eta Luis Errezola “Tximela”. Beste izen batzuk: Teodoro Mujika, Sebastian Salaberria, Uxola, Zendoia, Xanti Iparragirre, Eleuterio Tapia, Luis Jauregi Jautarkol, Migel Arozamena, Joxe Luis Gorrotxategi...

Hasierako jartzaile batzuek, gainera, urte luzez eutsi zioten langintzari: Manuel Matxain (Aiete 1916-1999) abilidoso hutsa zen: “Tokan, boletan eta bertsotan 200 kopa irabaziak dauzka” zioen Argian 1968an egindako elkarrizketa batek. Bertsoak jarri zituen 1965etik 1977ra arte. Ibaiertzek 1965etik 1976ra arte, Luis Errezola “Tximela”k 1969etik 1980ra arte eta Xanti Zabala “Lexo”k 1965etik 1985era arte.

Emakumezkoen lehen sinadura 1969an topatu dugu, eta ez zen aipamenik gabe pasa: “Adunako neskatxa batek, bersoak antolatu ditu, Iraola’tar Malen dezute. Zeruko Argiak tokirik ezin ukatu ain borondate onez datorren neskatxa bertso-jartzalle bati”. Elizberritze lanei jarritako bertsoak ziren bereak.

Kristau zintzoen eran idatzitakoak dira bertso gehienak, eta etxeko gaiak nagusi: perretxikoak, etxeko arkumea, erretako baserria, utzitako jaiotetxeari, nere astotxoari, babarrun jan baten kronika... Maitasun deklarazioak eta zorigaitzeko ibilerak ere lotsagabe ageri dira. Eta kirol gertakariak ere bai: aizkora txapelketa, sega apustuak, Ondarribi ta Pedreñari, futbolari, Urtaini, Atano X.ari... Hamarkadan aurrera egin ahala, ordea, gaurkotasuneko gaiek pisua hartu zuten.

Basarrik ongi-etorria egiten zien lehen aldiz sorta bidaltzen zutenei, eta zuzenketak egin ere bai, Zumarragako honi adibidez: “Esango dizugun ontantxe jarri bear dezu arreta pixkat. Goierri guziko akatsa da, baña errez zuzendu ditekena. Banakako itzak eta ugalmeenkoak berezten saiatu; ‘singularra’ ta ‘plurala’ ondo erabiltzen”. Aurreko honek, behintzat, argitaratzeko suertea izan zuen: “Dan daneri sarrera ematerik eztago. Danak ezpaitira bertsolari, norberak ala pentsatuarren. Gure eskura etortzen diran bertso guziak eztira argitaratzeko modukoak. Baldarrak ere ugari samar baitatoz”. Sorta asko jarritako Gillermo Albizuk Basarriren lan hau asko estimatu du: Argitaratzen eta idazkera zuzentzen asko lagundu omen zien bere belaunaldikoei.
1970eko hamarkada: Ahuldu, aldatu, asaldatu

1975ean “gure leihatilatik” atalaren barruan argitaratu ziren bertsoak. Baina aurreko beroaldiaren ostean, sailen maiztasuna eta sinaduren aniztasuna apaldu ziren, eta egun pilotak hartu zuen gaien monopolioa: Gipuzkoako Pilota Federazioak, “Euskaltzaindiaren ardurapean” bertsopaper sariketako antolatu zuen, eta bertako baldintza ziren, batetik, pilotari buruzko bertsoak izatea eta bestetik aldizkariren batean argitaratuak izatea.

1976an formatoa aldatu zuen Zeruko Argiak eta azken aurreko orria hartu zuen bertsolaritzak, bi astez behin, albistez eta bertso jarriz osatuta. Urte hartan astekariak bertsoak egiteko gaia jarri zuen: maitasuna. Bitxikeria gisa, Imanol Lazkanok “ezkontzera doanari” jarri zizkion bertsoak, aurten “banaketaren modari” jarritakoen kontraste, garaian garaiko. Xalbadorrek ere jarri zituen bertsoak, hil zen urte horretan. Xalbadorri berari jarritako bertsoak etorriko ziren hurrengo urtean. Maitasunaz gainera gaurkotasuneko gaiei jarri zizkieten bertsoak: gasolina, Arias-en hitzaldia, presoak etxera, euskara erabilera, hildako hiru mendizaleri...

Urte hartan uzta emankorrena Matxain, Florian Oyarbide eta Elorri-Arantza izenez sinatzen zuen Rufino Iraolarena izan zen. Baita ere jarri zituzten bertsoak J. C. Arrosagarayk, Xanti Zabala “Lexo”k, Balendin Enbeitak, Andoni Sarriegik eta Mendiburuk, besteak beste.

Urte hartatik aurrera bertsoek uneko egoera sozial eta politiko gordinari gehiago erreparatuko zioten: 1977an jarri zitzaizkion euskara batuari, borroka armatuari, euskaldunen arteko batasunari, alderdi politiko gehiegi izateari, gudaritzari... Xabier Amuriza, Xanti Zabala eta Pello Esnalen sinadurak agertzen dira, aurretik aipatuez gain.
1980ko hamarkada: Desafiotik etenera

Julian Ezeiza “Aterpe”k Hernaniko taldearen izenean usurbildarrei bidalitako desafioarekin hasi zuen hamarkada Argiak. Bi herrien arteko norgehiagoka eskatzen zuten bertso sorta horren bidez. “Saizartarrak” izenean jaso zuten usurbildarren erantzuna, oldarkorra. Sua itzaltzeko asmoz erantzun zieten, berriro hernaniarrek.

1980an gehien idatzi zutenak Itxaro Borda, Joxe Mari Iturralde, Pello Esnal, Rufino Iraola eta Xanti Zabala “Lexo” dira. Ez ziren bromatarako gaiak: Egin-en eskela jartzeagatik epaitu nahi zuten Mario Onaindiari, mikeleteei, gartzelako lagunari, Iparraldean hildako bi borrokalari gazteei, Joxe Erramon Ansa gazte erailari... Everest igo berri zuen Martin Zabaletak bertso jarriz jaso zituen zorionak, baita txapela jantzi berri zen Xabier Amurizak ere, Joxe Mari Iturralde eta Xanti Zabala “Lexo”ren eskutik. Txapelketa horretan epaimahaiko zen Jesus Mari Etxezarreta Izazpik bertsotan egin zuen saio haren kronika, Amurizak bertsolaritzari egingo zion ekarria iragarriz.

1985ean Argiak bertso-paper lehiaketa antolatu zuen, “bertsolaritza idatzia sendotzen laguntzeko asmoz”. Gaia libre zen, eta jasotako lanen artetik batzuk argitaratu ziren bertsoen orrian. Besteak beste, Andolin Eguzkitzarenak. Balendin Enbeitak eta Itxaro Bordak idatzi zituzten urte hartan bertso gehien, eta beste sinaduren artean nabarmentzen dira Jokin Arregi (Venezuelatik), Mikel Taberna, Joxe Mari Arrieta, Beltza Hernaniko presoa... Preso eta hildako gudarien gaien ondoan, xelebrekeriei jarritako sail asko argitaratu ziren: mus partida bati, oporrei, txakur baten larrutik... Baina Itxaro Bordarenak beti ziren badaezpadakoak.

1989an, Argiako sail eta edukien antolaketa berriarekin batera, eten zen bertso jarrien soka. Argitaratu zen azken saila Xenpelar Bertso Eskolarena da, bere inguruko karretera eta trafikoaren kritika eginaz, gaur sinatzeko modukoak.
2006tik urte askotarako!

2006an ekin genion berriro bertso jarriak argitaratzeari. Enkarguzkoak dira oraingo hauek, Imanol Lazkano da lehengo ohiturari eutsiz, egin ahala bidaltzen dituen bakarra, gure deiaren zain egon gabe. Iritzi sailaren barruan, hiru urtean 35 egileren bertsoak kantatu ahal izan dituzu (www.argia.com-en dituzu denak). Hona denboraldi batez kolaboratzaile finkoak izan direnak: Xebastian Lizaso, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Xabier Paya, Xabier Silveira, Nerea Elustondo, Jon Maia, Jokin Sorozabal, Aitor Sarriegi, Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Unai Agirre eta Alaitz Sarasola.

Argiako lehen bertsoa:


Lurra goldatzen ari da
nekazari gaixoa
ta izerdiz ta negar-malkoz
lurra bustitzen dijoa.
Bai-dauka illun arpegia,
illunago gogoa.
Gogor sartu diote-ta
biotzean aiztoa.

Jauregitar Koldobika, 1919
V. zenbakia

Goseari


Kafesnea gosaltzen
eskasik kazua,
eguardian gogorra
beti garbantzua.
Apaltzeko tilixta
platera gozua...
pozikan jango nuke
zakur sarnosua.

“Tximela”k 1937an jarri, 1967an argitaratuak

Illargirako asmotan


Errusiarrak eta
Amerikanuak,
aruntza dijoazenak
gogor ta sanuak.
Probatu nai dituzte
ango platanuak,
ezpazaizkate oker
irteten planuak.

Segundo Kalonje, 1968

Gasolinak igon du


Akerraren adarrak
izarretan gora
gasolinak igon du
nik ez dakit nora.
Berriro ez badator
lau hankako moda
kotxea bizkarrean
hartu beharko da.

Etxano, 1976


1980ko Txapelketaz


Garai batean bertsolaritza
tabernetan zen ezarri,
baina gerora antzerki eta
plazara zuten ekarri.
Lan hontan aski saia zirenak
Uztapide ta Basarri.
Ta oraingoak haize berri bat
dakarkigula igarri,
ikastetxe ta goi-mailarako
bidean diguten jarri.

Jesus Mari Etxezarreta “Izazpi”, txapelketa horretako epailea


Urtarrilaren 1eko haserreaz!


Nola oiloen inguru hortan
beroki dauden xitoak,
Euskarak hala, kultura mailan,
baditu bere mitoak:
poetak eta bertsolariak
dira barnean itoak,
Euskal Herriko “argi” ederrak
ditugu arras pitoak!

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri