Ostiral gauean izango da finala, Mutrikuko Gaztetxean 2009-06-10

Erabakita daude Plazatik Gaztetxera sariketako finalistak

Hodei Iruretagoiena, Ander Elortegi, Ekhi Erremundegi, Egoitz Alkorta, Unai Gaztelumendi eta Beñat Iguaran sailkatu dira. Deban jokatu zen azkeneko kanporaketa, joan zen ostiralean. Ekhi Erremundegik eta Beñat Iguaranek jokatu zuten buruz burukoa, eta Ekhi Erremundegi nagusitu zen. Berak lortu zuen zuzeneko txartela, baina lortutako puntuei esker, Beñat Iguaran ere finalean izango da.
 Joan zen ostiralean jokatu zen Plazatik Gaztetxera sariketako azkeneko kanporaketa, Debako Gaztetxean. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:

 Ekhi Erremundegi
 Mikel Artola
 Beñat Iguaran
 Maddi Gallastegi
 Xabat Galletebeitia
 Enaitz Alustiza

 Beñat Iguaranek lortu zuen puntuaziorik altuena, baina publikoak Ekhi Erremundegi aukeratu zuen. Bien artean, buruz buru, 10eko txikian ofizioka aritu ziren, eta Ekhi Erremundegi sailkatu zen zuzenean finalera.

 Bi gai-jartzailek gidatu zuten bertsolarien jarduna. Honako hau da antolatzaileek saioari buruz egindako kronika:

 "Mota guztietakoak izan dira agurrak, Bergaratik datorren Enaitzek arpoia eta bainujantzia ekarri ditu, Mikel Artolak beste azterketa bat bezala ikusi du txapelketa azterketa garaian baitago.  

 Hasi da lehen ariketa, 8na bertso zortziko handian. Beñat eta Mikel hasi dira, Mikel ez da oso gustura aritu eta nabari zaio. Beñatek ordea bertso politak landu ditu. Saioko unerik dibertigarrienak, Enaitz eta Mikelek eman dizkigute 8 txikian. Enaitz Sex shopera sartzen den pertsona da eta  Mikel bertako langilea. Ekhi Erremundegik, Beñatekin batera egindako saioan, publikoan ageri diren skin estetikako gazteak lagun hartu ditu bertsotan gaztetxeko atea zaintzearen defentsan. (publikoa bereganatu du Ekhik).

 Bakarkako lanean gaiak oso desberdinak izan dira eta nahiko ariketa ona egin dute orokorrean. Aipatzekoak izan dira Xabatek botatakoak 8 hilabete mesanotxean zegoen liburuaren paperean jarri dutenean. Beñatek, lehen aldiz bozkatu behar duen gaztearen paperean ere lan txukuna egin du. Ekhik ordea Endoiako zentroan dauden gazteen arazoa guztion arazo dela adierazi digu, bi bertso hunkigarri esker.Enaitzek umore puntua jarri du, gaiak ere honetarako eman zezakeelako. Lehen lan eguna, nola joan ote zaion galdetu diote Enaitz atez ateko inkestatzaileari. Honek umoretik jo eta hainbat irribarre aterarazi dizkie bertaratutakoei."

 Gauzak horrela, honako bertsolari hauek kantatuko dute Plazatik Gaztetxerako finalean:

 Hodei Iruretagoiena
 Ander Elortegi
 Ekhi Erremundegi
 Egoitz Alkorta
 Unai Gaztelumendi
 Beñat Iguaran

 Ostiral honetan izango da finala, Mutrikuko Gaztetxean. Gaueko 21etan hasiko da afaria eta saioa, berriz, gaueko 22:30etan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri