Xabier Amurizari elkarrizketa 2017-08-24

Xabier Amuriza: Plazan ere bide urratzaile

Txapelketetan bezala, plazan ere bertsotan egiteko modu berrien bila aritu zen Xabier Amuriza. Bertso jarrietan ere ondare zabala utzi du. Horren inguruan aritu da Andoni Egañarekin.

 2016ko apirilaren 29a. Bertsozale askoren gogoan iltzatuta geratuko den data da. Egun hartan egin zuen Xabier Amurizak bere azkeneko bertso-saioa Altzon, alaba, Miren Amuriza, bertsokide zuela. Aurretik, lau hamarkadatako bertso-ibilbide oparoa osatua zuen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bi txapel jantzita.

 Belaunaldi desberdinetako bertsolarientzat erreferente izan da Xabier Amuriza. Tartean, Andoni Egañarena. Zarauztarrak egindako elkarrizketa mamitsua argitaratzen ari gara, astez aste, Bertsoa.eus-en.

 Betekada izugarriak plazan

 Franco hil ondorengo urteak zurrunbilotsuak izan ziren Euskal Herrian. Halaxe gertatu zen bertsogintzan ere. 1980an Bertsolari Txapelketa Nagusia itzuli zen, plazetan gero eta jende gehiago zebilen... Garai horietan plazaz plaza aritu zen Xabier Amuriza eta horixe du gogoan: betekada sentsazioa. Urteroko saioetan kantatu arren plaza berrietara jauzia ere egin zuen urte horietan. Garai horiek "eztanda" baten moduan bizi izan zituen Xabier Amurizak.

 Librean nahiago

 Jaialdietan askotan aritu arren libreko saioetan aritzen zen Xabier Amuriza gusturen, binakako saioetan bereziki. Hasieran Jon Lopategi eta Jon Azpillagarekin aritu zen bereziki, baina garaiko bertsolari gehienekin kantatu zuen, eta baita ondorengo belaunaldietako bertsolariekin ere.

 Saio integralak

 1989 urte inguruan urtebete isilik egin behar izan zuen Xabier Amurizak, eztarriko arazo batzuk tarteko. Eta plazara itzuli zenerako proposamen berri bat pentsatua zekarren: saio integrala. Gai-jartzaileak ere gaia bertsotan jartzea zen asmoa, baina, onartzen duenez, ez zuen arrakasta handirik izan.

 Gaien inguruko kezka betidanik izan du, eta gogoan du plazan bakarkako gai sakonak egokitzen zitzaizkiola normalean. "Nekatu" egin zela onartzen du, eta batzuetan gaiek ez zutela hainbeste motibatzen.

 Bertso jarrietan bide oparoa egina

 Bertso jarrietan ere bide oparoa osatu zuen Xabier Amurizak. Bere iritziz, bertso idatziak bat-batekoen aurretik joaten dira, eta idatziz egindakoa gero eramaten da bat-batekora. Dena den, bietan aritzeko modua ezberdina dela dio Xabier Amurizak. Idatzizko bertsoetan lehenengo pentsatzen duena ez da bukaera izaten: puntu batek aurrekoa gainditzea izaten da helburua, garapen bat egotea, baina oreka bati eutsita.

 Musikariekin ere aritua

 Musikariekin ere saio bat baino gehiago egina da Xabier Amuriza. Josu Zabalarekin, Anje Duhalderekin... Tartean, herriz herri bertso jarriak musikatuta bira bat egin zuten Euskal Herrian barrena. Herri bakoitzeko kontuetan oinarrituta jarri zituen bertsoak, eta ondoren "400 herri, 1000 bertso berri" bilduman jaso zituen guztiak.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra