Hitzetik Hortzera 2018-01-26
Azken urteotan ospe handia lortu du "Glaukoma" musika-taldeak. Reggaea jotzeko elkartu arren, Raparen doinuak ere txertatu dituzte beren abestietan. Aste honetako Hitzetik Hortzeran taldeko kantaria eta letragilea izango da gonbidatu moduan: Juantxo Arakama.
Musika eta hitza Juantxo Arakamaren ahotan
Tolosarra da Juantxo Arakama, eta azken urteotan bertso-saio askotara joateko aukerarik izan ez arren, gertutik ezagutzen du bertsolaritza. Musikan egin duen ibilbidea ezagutzeaz gain, Tolosari buruz ere ariko da aste honetako programan.
Gertuko ahaideak dira bertsoa eta rapa gainera, hitzak pisu handia hartzen baitu bietan. Bien arteko antzekotasunez eta ezberdintasunez ariko da Juantxo Arakama, eta kantuan entzuteko aukera ere izango da.
"Ataria"-ren alde Tolosan
Eta Juantxo Arakamaren laguntzaz joango da programa aste honetako bertso-saio nagusira. Azken urteotan tradizio handiko saioa bihurtu da urtez urte Tolosan "Ataria" hedabidearen alde egiten dena. Aurtengoan ere lepo bete da Leidor Antzokia, eta giro beroaren babesean saio ederra osatu zuten Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Agin Laburuk, Beñat Iguaranek, Amets Arzallusek eta Aitor Mendiluzek.
Umorea nagusi
Amaia Agirre aritu zen gai-jartzaile moduan eta, ohi duen gisan, ederki uztartu zituen umorea eta gaurkotasunezko gaiak. Esate baterako, autoeskola batean gidabaimena atera nahian ariko dira Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Beñat Iguaran; baztertutako jostailuen larrutik ariko dira Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Beñat Iguaran eta Agin Laburu eta aita-semeen paperetik jardungo dira Agin Laburu eta Beñat Iguaran. Beñat Iguaranek berak bertsoaldi umoretsua osatuko du Andoni Egañaren laguntzaz. Beñat Iguaranen aita eta Andoni Egaña Zarauzko Lizardi sarian kantuan aritu ziren 1982an, eta 26 urte igaro ondoren semea desafioka etorriko zaio Andoni Egañari.
Bakarkako bertsoaldi eder bat entzuteko aukera ere izango da. Gauean, parrandan, leku deserosoan jarriko du Andoni Egaña Amaia Agirre gai-jartzaileak, eta zazpi puntuko neurrian, ederki borobilduko du umore kutsuko bertsoaldia zarauztarrak entzuleen gozamenerako.
Sindikatuak, geografia eta suteak Getarian
Aste honetan, ordea, Tolosako bertsoaldiez gain bestelako aleekin gozatzeko aukera ere izango da. Urtarrilaren 14an saio ederra izan zen Getarian, eta hango hiru bertsoaldi berreskuratuko ditu Hitzetik Hortzerak. Hasteko, Sustrai Colina eta Igor Elortza bertsolarien sindikatu bat sortzeko lanetan jarriko ditu Uxue Alberdik. Ariketa berezia jarriko dio Amets Arzallusi ere, bertsotarako dagoen molderik zailenetako batean jarriko baitu kantuan Euskal Herriko maparen gainean: bederatziko txikian. Geografia eta teknika erakustaldi aparta emango du hendaiarrak. Eta, azkenik, kartzelako lanean jardungo da Maialen Lujanbio. Baina ez edozein kartzelako lanetan. Azkeneko urteotako joerari buelta emanaz, gai itxi bat jarriko du Uxue Alberdik. Hendaiarra ederki aterako da atakatik.
Igande bazkalostean ikusgai
Astero bezala, igande bazkalostean izango da hitzordua, 15:00etan, ETB1en. Eta interneten ere eskueran izango da programa http://www.eitb.tv/eu/ atarian.
Basarri Saria irabazi duen sorta da 2025-07-11
Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16
Atzo zendu zen Kuban 64 urte zituela 2025-06-13
Gaur aurkeztu dute Bilbon 2025-06-10