Sariketa atzo goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan. Bertan egon ziren Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna, Onintze Ituño BBKren ordezkaria eta Xabat Galletebeitia bertsolaria, Bizkaiko txapeldunordea. Eurek eman zituzten aurtengo sariketari buruzko xehetasunak.

Saioz saio, finalera arte
BBK Sariketak aurreko urteetako egitura berbera edukiko du. Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero, eta azkenik, finala. Hurrengoa izango da egutegia:
- Otsailak 27: 1. Kanporaketa, Igorreko Arratia institutuan, 11:30ean. Arratia-Durangaldea
- Martxoak 1: 2. Kanporaketa, Zallako Zine antzokian, 10:00etan. Busturialdea-Enkarterri
- Martxoak 5: 3. Kanporaketa, Deustuko Bidarte kultur gunean, 10:30ean. Hego Uribe-Uribe Butroe
- Martxoak 6: 4. Kanporaketa, Markina-Xemeingo kultur aretoan, 10:45eran. Lea-Artibai-Uribe Kosta
- Martxoak 12: 1. Finalaurrekoa, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan, 12:00etan. 1. eta 2. kanporaketetako irabazleak.
- Martxoak 13: 2. Finalaurrekoa, Sopelako Ander Deuna ikastolan, 9:30ean. 3. eta 4. kanporaketetako irabazleak.
- Martxoak 22: Finala, Bilboko BBK Salan, 19:00etan. 1. eta 2. finalaurrekoetako irabazleak.
Entzuleak ere, adin berekoak
Saio gehienak ikastetxeetan egiten dira, eta ikusleak, kasu denetan, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Dena dela, saioak irekiak dira, eta gura duena hurreratu daiteke. Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Finala BBK Salan izango da martxoaren 22an.
