Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia 2018-03-10

Lehendakaritza-talde berria du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak

Lehendakaritza-talde berria du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak
Iñaki Muruak eta Xabier Gaztelumendik karguak utzita, Arrate Illaro, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoa izango dira Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak. Lehendik zuzendaritzan daudenei batuko zaie zortzikotea.

Gaur izan da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Iruñeko Kondestablearen Jauregian eta han gauzatu da lehendakaritza-aldaketa. Hamarkada pasako ibilbidea eginda, gaur utzi dute kargua Iñaki Murua lehendakariak eta Xabier Gaztelumendi idazkariak. 2002an hasi zen Xabier Gaztelumendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldean borondatezko lanean, eta Iñaki Murua sorreratik aritu bada ere, 2005ean hartu zuen lehendakari kargua Imanol Lazkanoren eskutik.

Zortzi lagunez osatutako taldeak hartu du Iñaki Murua eta Xabier Gaztelumendiren lekukoa: Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoarekin batera, lehendik ere zuzendaritza kide ziren Arrate Illaro eta Beñat Gaztelumendi izango dira talde berrian. Bertsozale Elkartearen esanetan,"bertsolaritzaren egungo aniztasunarekin bat etorri eta ikuspegi ugariko lehendakaritza modua eskaini asmoz, talde arduran erantzungo zaio aurrerantzean orain arte Iñaki Muruak eta Xabier Gaztelumendik betetako funtzioei. Hala, elkartean ohikoa den elkarlan eta ardurak banatzeko dinamikan, beste urrats bat da honakoa".

Talde hau egungo zuzendaritzara batuko da eta sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariarekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera gidatuko dute Bertsozale Elkartea.

2018ko udazkenean aurrera begirako gogoeta

Lehendakaritza-aldaketa gauzatzeaz gain, 2017ko memoria eta balantze ekonomikoa eta 2018ko egitasmoa eta aurrekontua zehaztu dira batzarrean. "2018an ildo beretik jarraituko dugu: bertsolaritza plazan izango da eta ohikoak ditugun egitasmoak gauzatuko ditugu. Kanpoan eragiten ari garen bitartean, garapen osasuntsu baterako beharrezkoa den tartea hartuko dugu barrura begiratu eta norabideaz hausnartzeko" azaldu dute gaurko agerraldian.

2006an 2018 arteko ibilbidea zehaztu zen moduan, aurtengo udazkenean barne gogoeta estrategikoa egingo da Bertsozale Elkartearen etorkizunerako ildoak adosteko.

 

Zuzendaritza-talde osoa

Hauek dira Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen zuzendaritza-taldeko kideak:

- Lehendakaritza-taldea (borondatezkoak): Arrate Illaro, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoa.

- Lurraldeetako elkarteetako lehendakariak (borondatezkoak): Alaitz Rekondo (Nafarroako Bertsozale Elkartea), Asier Ibaigarriaga (Bizkaiko Bertsozale Elkartea), Ekaitz Elorriaga (Arabako Bertsozale Elkartea), Saroi Jauregi (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea) eta Xumai Murua (Bertsularien Lagunak elkartea).

- Sailetako arduradunak (borondatezkoak): Beñat Gaztelumendi (Ikerkuntza), Jone Uria (Sustapena) eta Oihana Iguaran (Transmisioa).

- Eragileak (soldatapekoak): Marta Agirrezabala (Lankuko zuzendaria), Estibalitz Esteibar (Komunikazio ardurduna) eta Aritz Zerain (Koordinatzaile nagusia).

 (Argazkiak: Alberto Elosegi/XDZ)

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri