Aitor Mendiluze (Berria) 2007-12-18

"Uste dut nere dohaietako bat dela erregulartasun dezentean aritzea"

Estitxu Eizagirreren analisia: Bakoitzak bere txapelduna

Beñat zamalloa

Donostia

Bertsolaritzari emana pasatzen du eguna Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975), bertsotan ez bada, ikastetxeetan ahozkotasuna erakusten. Faboritoen artean ekin zion Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, eta Gipuzkoakoa bigarrenez eskuratu zuen. Biharamunean, eguna prentsarekin «topera» eman zuen. Saioari dagokionez, «lasai eta asentatzen hasita». «Sentsazio polita» utzi dio txapelak.

Plazaz plaza zabiltzan bertsolaria izanda, zer lortu duzu txapelarekin?

Uste dut lorpena kanpora begira beharrean barrura begira izan dela. Jendeak ezagutzen gaitu, garenak gara, eta kanpora begira zer lortu dezakegun edo zenbat fama emango digun horrek baino gehiago, konfirmazio bat da: banabil plazan eta nabilen horrek zerbaiterako balio du, jende bati gutxienez gustatu egiten zaio edo eskertzen du. Sentsazioa hori izan da behintzat.

Saioaren aurretik egindako adierazpenetan, helburua jendearengana heltzea zela aipatu zenuen. Helburua lortu zenuen?

Eroso sentitzen nintzen oholtzan; eroso sentitzen nintzen ni eta eroso sentitzen ginen denok, uste dut. Nahiko giro polita zegoen. Ez nuke esango koadrila giro zegoenik, baina bai talde sentsazio bat, denok batera aurrera aterako dugulako sentsazioa. Alde horretatik, nire burua egoera onean aurkitzen nuen, bertsotarako gogoarekin. Ariketa bat bukatzen nuenean ea hurrengoan zer zetorren pentsatzen nuen; aldi berean, baita besteek zer egiten duten ere. Egiteko eta besteena gozatzeko gogoarekin egon nintzen.

Erosotasuna izan daiteke finaletara ohituta egoteagatik?

Finaletara ez da inor ohitzen eta, gainera, ez nuke ohitu nahi. Bakoitza da desberdina, berezia. Beti da une desberdin bat, eta norbera ez dago beti ere berdin. Eroso sentitzea nire bertsokeragatik eta bertsolaritzako nire mementoagatik. Azkenaldian, gustura nabil plazan, eroso nabil, eta nire buruarekin konfiantza daukat. Uste dut horrek eragin handiagoa duela. Izan ere, azken finala duela bi urte izan zen, eta bi urtetan gauzak asko aldatzen dira, gehiago da egiten duzun lan horrekin nola zoazen.

Nola ikusi zenuen zeure burua finalean?

Ariketa guztietan sentitu nintzen gustura, nahiz eta jakin batzuetan beste batzuetan baino hobeto ari nintzela. Erraz, erlaxatuta aritu nintzen, eta agian horregatik ez nuen beste batzuetan hainbeste findu. Puntu erantzunean motzegi izan zelako sentsazioarekin gelditu nintzen: bi puntu jarri, nahiko gustura erantzun nituen, eta beste hiru bat egingo nituzkeela pentsatu nuen.

Buruz burukora arteko ariketak amaituta, aurrera egiteko aukera zenuela iruditu zitzaizun?

Ez neukan garbi. Aukera izan nezakeela iruditzen zitzaidan, baina beste bostek bazutela ere bai. Gainera, oholtzatik ez da garbi edukitzen. Ari zara, baina ez dituzu zureak ondo neurtzen, besteenak entzun eta epaitu ere ez.

Aurrera egingo zuten bi bertsolariak zein izango ziren ez zen oso argi, seinale ona da hori?

Ez balitz horrelako berdintasunik egon, ez zuen inongo graziarik izango. Gauzak berdinduta joateak pronostikoak zabaltzen ditu, ez du hain markatuta uzten nork irabaz lezakeen buruz burukoa hasterako, eta ekartzen du bertso bakoitzak beste pisu bat, beste dimentsio bat hartzea.

Oro har, saioa nolakoa iruditu zitzaizun?

Saioa zoragarri. Giro aldetik, lekua, jendearen jarrera... Dena zoragarri.

Txapelketako saioa eta plazako saioa bereizi egiten dira; bateragarriak ez direlako?

Zenbaitek ez du bateragarri ikusten. Nik, aldiz, uste dut, igandeko finalak horixe erakutsi zuela, bertsotan txapelketan egin daitekeela bertso saio bat bezala planteatuta eta ez beste gauza arraro bat bezala. Era askotako bertsozaleak daude, batzuk oso plazakoak, beste batzuk teknikari gehiago lotuak, baina nahiko jaialdi moduko saioa izan zen. Edukietan oinarritu zela gehiago. Azken finean bertsotan egin behar da.

Anjel Mari Peñagarikanok txapelketak bertsolaritzaren egoeraren ispilu edo espejismo den galdetu zuen. Erantzunik baduzu?

Garbi daukat egoeraren argazki polit bat dela; ez du egoera islatzen, baina islatzen duena egoeraren zati bada. Ez dut uste inongo gezurrik edo espejismorik dagoenik. Iruditzen zait hor dagoena erreala dela. Azken finean, jende asko dago honen atzetik, betiko zaleek hor jarraitzen dute, bertsolariak maila altuan dabiltzala eta, batez ere, lan oso handia dagoela horren atzean, askotan ikusten ez dena. Lan hori bere fruituak ematera iristen da.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Nire burua noranahiko bezala definitzen dut. Gustatzen zaizkit afariak eta gustatzen zaizkit jaialdiak, gustatzen zaizkit koplak eta habanerak. Gainera, tartekatzea gustatzen zait. Ez dakit gaitasunez hala naizen, baina jarreraz behintzat noranahikoa naiz. Uste dut nire dohainetako bat badela, erregulartasun dezentean aritzea.

Zein dira bertsotarako gaiak osatzeko erabili ohi dituzun iturriak?

Saioa, gaia, egoera edo lekua dira gaiak janzteko erabili ohi ditudan bideak. Gero, hitzak edota ideiak leku guztietatik hartzen ditut: irratitik, musika entzutetik, aiton-amonekin izaten ditudan elkarrizketetatik. Leku guztietatik ikasten da, eta, gainera ona da leku guztietatik harrapatzen joatea.

Egungo bertsolariak hobeak direla esan ohi da. Horrela da?

Nik ez dakit hobeak diren. Lehengo batean, Durangoko Azokan, batek esaten zidan 60ko hamarkadaz gero, bertsolaritza goitik behera zihoala, jada ez dela Uztapide eta horrelakorik. Esango nuke osoagoak direla, teknikoki bai, eta edukietan ere bai. Beste gauza bat da eduki batzuetan eta lan maila batzuetan ez dutela parekatzerik haiekin, haiek gurekin ez daukaten bezala. Hala ere, ez naiz konparaketa zalea. Garai bakoitzak du bere bertsogintza, zenbaitetan, iruditzen zait bertsogintza garaiaren aurretik ere ibili dela. Baina ez nioke erreparatuko lehengoak eta oraingoak parekatzeari. Zer ziren hobeak lehengo kotxeak edo oraingoak? Zertarako den arabera. Bizi garen garaian aritzen gara, eta horren arabera neurtu behar da.

Bertsotan hasi zinenetik asko aldatu da bertsolaritza?

Entzulea asko gaztetu da. Plazak aniztu dira edo behintzat gehiago zabaldu dira. Saioetan bertsolari hasi berrien eta ibilien arteko desberdintasunik ere ez da izaten gaietan. Agian, orain, erosoagoa da plazara doanarentzat bertsotan aritzea.

Zer eragin izan du zuengan bertso eskolak?

Denean eragin du. Guk bertsotan hor ikasi genuen, hortik abiatu ginen, hor ari gara eta hor transmititzen dugu dakiguna. Ez da bakarrik bertsogintza, da ilusio bat, da gauzak egiteko modu bat, kultura ulertzeko modu bat.

Bertso irakasle izateak trebatzen laguntzeko balio dizu?

Ez pentsa. Ez dauka zerikusi handirik gelan lantzen dugunak gero plazan egin behar dugunarekin; gauza bera da, baina ez da gauza bera. Era berean, nekerako bidea ere eman lezake, bertsoarekin egun osoan, astero, egunero-egunero ibilita nekatu ere egin lezake. Gauza bakoitza bereizten jakin behar dela iruditzen zait.

Haurrekin aritzen zaren aldetik, nola ikusten duzu etorkizuna?

Ikusten dut gazte asko dagoela hor, gehiago izan daitezkeela eta pixka bat horretan lana egiten ari dela. Etorkizuna, itxaropentsu.

Etorkizunari begira, bertsolaritzan proiekturik baduzu?

Oraingoz bertsotan aritzea inportanteena. Eta gero, bertsolaritza erakusten jarraitzea, gaztetxoekin kontaktuan. Horiek biak egiten asmatuko banu, ez litzateke gutxi.

Gabonetan plaza dezente izan ohi da. Plaza asko espero dituzu?

Kasu honetan, txapelketa amaiera da, eta txapelketak beti ekartzen du horrelako putzaldi bat. Bai, plaza dezente. Urritik oporrak amaitu arte dezente ditut.


Estitxu Eizagirre - Analisia
Bakoitzak bere txapelduna

Eltzea bete-beteta zegoen eta sutan jartzea lortu zuten, behin baino gehiagotan, bertsolariek. Bertsoa, artea, puntuatu ezin daitekeenez, txapelketa oinarrian absurdua dela sinesten dugunontzat, justizia egin zen igandean Illunben: entzule bakoitzak bere txapeldunak hautatu zituen, epaileen puntuaketak puntuaketa. Zortzi bertsolari, bakoitza era batekoa, eta bakoitzak erabat berean egiten asmatu zuen, saioko uneren batean. Bertsolariek transmititu zutena giro hori izan zen, ez txapelaren bilako lehia itsua, bakoitzak esateko zuena ateratzeko ahalegina baizik. Eta publikoa horrekin geratu zen: halakok botatako ateraldia, besteak biribildutako arrazoia, honen umorea eta bestearen kantakera... Buruz burukorako, entzule adina konbinazio espero ziren, ikusi besterik ez da bertsolariek elkarren artean zuten puntu tarte estua. Horregatik, Zubeldia ez zen izan azkena, ez Agirre azken aurrena, ez Irazu boskarrena, ez Maia laugarrena... bertsolari bakoitzak bere publikoa du, postuak postu.

Beñat Gaztelumendik txapelketako piztia dela erakutsi zuen, ez zezen-plazako txahala. Entzuleen aurrean hazi egiten dena, primeran dakiena zein diren bere kartak eta nola errematatu jokaldiak. Erromako koliseoan, Goliaten aurreko David, entzuleen bihotzera harri txintxarrak bota zituena. Zorion sentituenak.

Mendiluze txapeldun zen katedrarentzat, txapelketa hasi aurretik ere. Baina joan eta egin egin zuen, behar zen lekuan eta behar zen garaian. Zorionak zuri.

Publikoaren balio eskala eta epaileena ez daudela erabat sintonian ikusi dut gaur, internetez bertsolari bakoitzak lan bakoitzean ateratako puntuaketa ikustean. Arreta piztu dit, esaterako, bakarkako gaian Iker Zubeldiaren bertsoek jaso izanak puntu gutxien. Hurrengo urtean ere publikoak oroituko duen saioa egin zuen. «Nirekin ezkondu nahi duena igo dadila oholtzara» horrekin publikoa probokatu zuen, erabat koherentea eta umoretsua zen istorioa lotu zuen, pertsonaia bizidun bat sortuz. Plazan erabat estimatuak lirateke hiru bertso horiek, baina ez, txapelketan puntuatuko bada sakon itxurako tonua eman behar zaio, hizkera intelektual finean. Nago hortik kanpoko estiloak ez direla behar bezala baloratzen. Beñat Gaztelumendi izan zen bakarkakoan jendea hunkitu zuen beste bat, eta gutxien puntuatu zen bigarren lana izan zen. Aldiz, Jon Martini eman zizkioten beste inori baino askoz puntu gehiago: estimatzekoa da neurri edo forma aldetik ekarpen polita egin izana, eta berau egiteko erakutsi zuen ausardia, baina edukiz ez zuen puntutan besteengandik hainbeste nabarmentzekorik egin. Zaila izango da epaileentzat, bat-batean ekarpen berri bat ebaluatzea. Bukatzeko, Mendiluzeren bakarkakoa izan zen Martinen ondoren puntu gehien jaso zituena, baina publikoaren zati bat minduta sentitu zen, emakume ligoiez eman zuen irudiarekin.

Entzuleek bezala, uste dut txapelketak sari gehiago banatu behar lituzkeela. Bakarkako onenari, txikiko artistari, bertso onenari... Eta ez dut uste bat-batean dena ebaluatzen duen nota bat jartzea denik epaitzeko sistemarik egokiena. Epaile bat egon behar luke errima eta neurrien zuzentasuna bakarrik ebaluatuko dituena. Baina besteren bat diskurtsoaren koherentzia, sinesgarritasuna aztertuko duena, beste bat hizkuntzaren egokitasuna, eta abar. Ia ezinezkoa dela uste dut hainbeste faktore bi segundoan ebaluatu, eta errima kaxkar batek osotasunean duen karga erabakitzea. Horrela, formak osotasunean ehuneko zenbateko balioa duen ere zehaztu behar litzateke, eta edukiak zenbat. Baina edukitan inork ez du eskua sartu nahi. Entzuleak eskuratu edo ez, ordea, bertsolari bakoitzaren diskurtsoan datza. Horra, epaileen eta entzuleen balio eskalen arteko diferentzia nagusia.
 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra