Uda ikastaroak 2019-08-27
Euskal kulturaren zaletasuna sustatzeko zenbait gako mahaigaineratu ziren joan den astean Miramar Jauregian. Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izenburuko bi eguneko eskola antolatu berri du Mintzola Ahozko Lantegiak UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Lehen egunean euskal kulturgintzaren argazki orokorraren gainekoak eskaini zituzten Josu Amezagak eta Iratxe Retolazak, kontsumoari eta transmisioari lotuta, eta, ondoren, kultur sorkuntzaren prozesuari buruzko zenbait ekarpen ekarrita, bertsozaletasunaren argazkia eskaini zuen Harkaitz Zubirik.
Bigarren egunean, aldiz, bertsolaritzak rocka limurtu zuenekoa, 90eko hamarkadan bertsotan hasi zen belaunaldi gaztea, bertsolaritzan emakumeek duten presentzia eta hiztun berriena izan ziren solasgai. Alberto Irazu, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe elkartu ziren gai horiek aletzeko.
Euskal kulturari so
Josu Amezagak euskal kulturaren kontsumoan jarri zuen begia. Ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko euskal kulturaren plan baten beharra azpimarratzen du berak: "erakundeek errepideak jartzen dituzte, motorea gizarteko norbanakoek dute; baina ezin da jendearen gainean ardura guztia jarri. Eskaerari erantzun ez ezik, eskaintza handitu ere egin behar da, eta, alde horretatik erakundeek jarrera proaktiboagoa beharko lukete. Ez da bakarrik errepideak jartzera mugatu behar”.
Iratxe Retolaza ere bat dator ideia horrekin, euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan aritzerakoan: “Bezeroak ez du nahi hori horren aitzakian, ez da kontuan hartzen hartzaileak ere eraiki egiten direla. Kultur agenda osatzea da politika hedatuena egun, eta programazio horiek osatzeko koordinazioa eta gizarteratze ekimenak falta dira". Bestalde, besteak beste, kultur sortzaileen arteko esperientzia kolektiboak eta diziplinartekotasuna ere bultzatu behar direla azaldu du Retolazak Kultur sorkuntzaren transmisioa: ajeak eta erronkak hitzaldian, "kultur eragileen arteko sinergiak sortu eta kultur komunitatea trinkotzeko".
Harkaitz Zubirik kultur sorkuntza arrakastatsua izateko gakoetako zenbait aipatu zituen eta bertsolaritzan jarri zizkigun ikusgai: "kultur sorkuntza funtsean da existitzen diren osagaiak hartu, jabetu, birkonbinatu, zerbait ekoitzi eta ekoizpen horrekin jendea liluratzen saiatzea eta horretan norbanakoak garrantzia handia dauka. Interakzio-negoziazio bat dago bertsotan ekoizlearen eta hartzailearen artean, eta horrek ekoizpena bera aberasten du. Espazio anitz eta berdinzalea garatu da hori gertatzeko”.
Bertsolaritzaren artikulazioak
Alberto Irazuk Rocka Puntua bere lanaren zenbait ideia aletu zituen. Bi parabola izan ditu hari bere saiakeran: "Zer gertatu da bertsolaritzan 70 hamarkadatik hona, atzerritik zetozen doinuak kondenatzetik, bapatekoan erabiltzeraino? Nola sartu da bertsoa rock munduan?". Euskara rockean sartzeak ahalbidetu du, halaber, bertsolaritza rockean sartzea: "Euskal rockaren hastapenetik egon da bertsolaritza hor. Zenbaitetan modu naturalean, transgresioaren bidetik beste zenbaitetan. Iraultza Negu Gorriak taldeak ekarri zuen, Public Enemyk mainstreamera eramandako rapa eta 1986ko Txapelketa Nagusiaren nahasketa formulatu zuenean: bertso-hop".
Rockaren eragina ere bazuen belaunaldi gaztea oholtzaratu zen bestelako imajinario bat zuen bertsolarien artera 90eko hamarkadan; horren inguruan aritu zen Jon Maia: "Bertso eskolek demokratizatu egin zuten bertsolaritza; edozein motatako euskaldunei bertsolari izateko aukera eman zitzaien. Euskarazko marrazki bizidunen seme-alabak ginen gu; Supermanen pelikulak ikusten genituenak edota Pablo Milanes entzun... oholtzan topatzen genituen eta zubi lana egin zuten bertsolarietako askoren unibertso imajinarioa gertuago zegoen Txirritarenetik guretik baino, nahiz eta urteen aldea txikiagoa izan".
Oihana Iguaran bertsolaritzan emakumeak izan duen presentziaz aritu zen. Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoak azaleratu dituen datuak aipatu zituen: "Edalontziaren %20 beteten ari da (emakume bertsolariekin), baina itogin bat daukagu; 18 urterekin gertatzen den arrakala bertso eskoletan. Zergatik jarraitzen da? Zergatik uzten da? Espazioa eraiki, berdiseinatu eta itogin hori nola aztertu ikusi behar da". Urteotan bertso munduan egin diren ekarpenak ere aipatu zituen, besteak beste, Bertsozale Elkarteak martxan jarritako Ahalduntze bertso eskola.
Bertso munduan hiztun berriek duten legimizazioaren inguruan eta diskurtsoetan duten presentzia aztertzen ari da Miren Artetxe: "Miresmen puntutik ikusten da hiztun berria bertsotan; baina badu ifrentzu bat, nolabait hizkuntzarekiko izandako harreman hori gatazkatsuagoa edo horren naturala izan ez dela pentsatzera daramana". Gizartean bestela den arren, bertso mundua oraindik ere euskaldun zaharren mundua dela ondorioztatu du Artetxek, baina "aukera ikaragarri bat" ere baduela nabarmendu du: "Benetako bertsolaria mutante bat da plazan; diskurtsoak eta praktika aldatu ahala, definizioak eta kanonak aldatuko lirateke, eta horrek sarbidea erraztuko lieke beste hiztun kategoriakoei".
Komentatutako bertso saio feminista
Bigarren egunean, arratsaldez, bertso saioa izan zen Miren Amurizaren eta Nerea Ibarzabalen eskutik, Maite Berriozabalek gidatuta. Miramar Jauregi ondoko arbolape batean elkartu ziren ikastaroko ikasleak eta bestelako zaleak, eta saioaren amaieran bertsolariekin beraien iritziak partekatzeko aukera izan zuten.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24