Eusko Ikaskuntza 2019 2019-10-17
Bertsolaritzan erreferentea eta berritzailea
"Xabier Amuriza ( Amorebieta-Etxano 1941) bertsolaritzak azken urteotan izan duen loraldiaren protagonista izan da, tradiziotik modernitatea jauzia emanez" nabarmendu du Eusko Ikaskuntzak. Amurizak ahozkotasunean egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzeko bidean berebiziko garrantzia izan du. Horrez gain, bertsolaritzaren mugimenduaren alde egindako lana ere aitortu diote: batetik, bertso eskolak bultzatzen egindako ahalegina, eta bestetik, bertsolarien lana elikatzeko sortutako ekoizpen guztiak.
Irabazlearen hautaketan hiritarrek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute. Sariak euskal kulturarekiko ekarpena eta konpromiso adierazgarria, baita balore unibertsala ere, eta bere lanaren dibulgazioa kontuan edukitzen du.
Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980an eta 1982an. 1980ko txapelketan, berritasun handia ekarri zion bertsogintzari. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordu artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: estrofa eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso desberdinak. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen. Bera da urte haietako bertso-eskolen eragile eta irakasle nagusia ere. 90eko hamarkadan, plazarik plazako ibilia utzi, eta bestelako formatu batzuk lantzeko ahalegina egin zuen (gai-emailerik gabeko saioak bultzatu zituen).
Xabier Amuriza ekoizle emankorra da, bertsoaz gain beste jenero asko landu dituena. Bertsoa plazaratu eta bertsolaritza hedatzeko era asko frogatu ditu, eta askotan aitzindari izan da: herriz herri bertso jarrien emanaldia (1978-1981), Larehun herri, mila bertso berri argitalpenaren oinarri izango zena; saio integrala bezala bataiatua (1996?-1998?); Xalbador bat-bateko mirakulua (1999); Lazkao-txiki bat-bateko sorgina (1999)....
Bertsolaritzari iraultza ekarri zion 1981-1982an bere trilojiarekin (Hitzaren kirol nazionala. 1981; Hiztegi errimatua. 1981; Zu ere bertsolari. 1982): "berezkoa"ren mitoa hautsi zuen, bertsoa eskuragarri bihurtu zuen "zu ere bertsolari" esanaz eta bertsoaren barruak azaleratuz. Bertsolaritzaren aro berria erakarri zuela esan ohi da. 1980ko hamarkadako helduen bertso-eskola mugimenduaren sortzaile eta eragile nagusitzat har daiteke. Bat-batean txapelduna (1980 , 1982), bertso-jartzaile maisua, bertsoaren barne egitura ordura arte beste inork ez bezala aztertu eta agertu dituena, bertsolari eta bertsozale askoren eredu ... Bertsolaritza modernoak izan duen figura nabarmenetakoena, erraustezina, ezpairik gabe.
Argitaratutako liburuak
Bertsolaritzaren historia. 1996
Bizkaiko Bertsogintza I. Izengabeak. 1995
Bizkaiko bertsogintza II. Izendunak. 1996
Emea (nobela)
Enaz banaz. 1999 (autobiografia/saiakera)
Hil ala bizi. 1973 (nobela) ("Larraun" ezizenez argitaratua, isilpean)
Hitzaren kirol nazionala. 1981 (azterlana)
Hiztegi errimatua. 1981 (azterlana)
Laurehun herri; mila bertso berri. 1982 (bertso-jarrien liburua)
Menditik mundura . 1977
Oromenderrieta. (nobela)
Zu ere bertsolari. 1982 (azterlana)
Argitaratutako grabazioak
Anje Duhalde Amurizaren kantari. IZ
Bizkaiko kopla zaharrak
Gogor (1969)
Herriko plazan. IZ
Lazkao Txiki bat-bateko sorgina
Menditik mundura. IZ
Xalbador bat-bateko mirakulua
(Erredakzioa)
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-20
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05