Agur Luzia! 2020-03-22

Luzia Goñi bertsolaria hil da

Ehunka bertso idatzien egile izan zen, baina bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ez zuen plaza publikoan jarduteko ia aukerarik izan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak 2017an egin zion aitortza, urte hartako Txapelketan txapela jartzeko aukera emanez. 91 urte zituela hil da, bertso uzta oparoa utzita.

91 urte zituela hil da Luzia Goñi Olias (Aizarotz, 1928). Etxetik jaso ez arren, gaztetatik sentitu zuen bertsolaritzarekiko grina eta afizioa. Berak kontatzen zuenez, 16 urterekin Errenteriako Retegi tabernan hasi zen lanean, eta hara maiz joaten ziren bertsolariak entzunda (batez ere, Manuel Olaizola Uztapide eta Jose Joakin Mitxelena zituen gogoan) zaletu zen. Ogibidez sukaldari aritu zen luzaroan, eta talogile ere ibili zen, plazaz plaza.

50 urte bete aurretik alargundu zen, eta orduan hasi zen bertso idatziak sortzen, denetarikoak: gai sozialak landu zituen, protesta bertsoak, baina baita barne sentimenduei buruzkoak ere, jaioterriari eta aspaldiko garaietako oroitzapenei toki eginez. “Bihotzetik ateratzen direnak dira nire bertsoak”, esana zuen. Oparoa da bere sorkuntza, eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta gertakarien kronika ederrak dira haren lanak. Bat-batean ez zen sekula aritu, baina uzta ederra utzi zuen bertso idatzietan.
Bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ordea, aukera gutxi izan zituen plaza publikoan jarduteko. Garaiko pentsamenduari egozten zion berak hori: “Lehen, beldurragatik, gauza asko ez ziren egiten”. Dena dela, tarteka, bere idatzitako bertsoak kantatzeko aukera baliatzen zuen, hainbat ekitalditan.

2017an egin zion aitortza Nafarroako Bertsozale Elkarteak, urte hartako Nafarroako Bertsolari Txapelketan irabazleari txapela jartzeko aukera emanez. Hain zuzen ere, Julio Sotori jantzi zion txapela, 2017ko apirilaren 8an, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Gaur eguerdian hil da Luzia Goñi, isilpean aitzindari. Hain justu, Hitzetik Hortzera saioak gaur bertan eman du Goñirekin orain gutxi grabatutako elkarrizketa. Bihur dadila beretzako omenaldirik beroena. Agur, Luzia!

Hitzetik Hortzera bertsolaritza programak Luzia Goñi bertsolariari eskainitako programa osorik hemen ikusgai.

Albiste gehiago

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena