Entzun eta irakurtzekoak 2020-04-06

Plazako isiltasuna eta itxialdi egoerari buruz

Udaberria garai emankorra izaten da bertso saioei eta emanaldi bereziei dagokienez. COVID-19ak eragindako isiltasuna eta itxialdiaren aurrean zenbait bertsolari, gai-jartzaile eta antolatzaileren iritziak jaso ditugu.

COVID-19 birusak ezagutzen dugun ohiko plazaren geldialdia ekarri du egun batetik bestera. Geldialdi horrek hainbat albo-kalte eragin dizkie bertso plazan jarduten duten betsolari eta gai-jartzaileei. Albo-kalte horietako bat isiltasuna da. Isiltasuna bapatean etorri da eta aurreikusitako agendak, datak eta aurreratutako lan asko ezerezean geratu dira. Egoera barrutik ezagutzeko, Bertsoa.eus-ek hainbat bertsolari, gai-jartzaile eta Lankurengana jo du. Hemen beren gogoetak publiko egin nahi izan dituztenen iritzia.

Amaia Agirre:

"Alde batetik pena sentitu dut, eta egiari zor lasaitasuna ere bai lan karga arindu zaidalako, halabeharrez. Ia beti kanpoko faktore batek derrigortu behar izaten gaitu bizi erritmoa pixka bat baretzera eta niri ere horrelako zerbait gertatu zait."

Ane Labaka:

"Plazarako isiltasun egoera hau ahalik eta ondoen eramaten saiatzen ari naiz. Pixkanaka onartu eta arnas luzeagoko bestelako sorkuntza batzuetarako tartea hartzen ari naiz."

Maite Berriozabal:

"Sentsazioa da gauza askorekin ari nintzela, gai-jartzailetzan banituela erronka batzuk, estu nenbilela, denboraren faltan…eta orain hori faltan botatzen dut."

Miren Amuriza:

"Isiltasun edo itxialdi egoera hau introspekzio fase baten moduan bizi dut, jakitun izanik pribilegiatu bat naizela horrela hartzeko aukera dudalako."

Uxue Alberdi:

"Iruditzen zait denbora gehiago beharko dugula ohartzeko benetan zenbaterako eragiten digun isiltasun honek emozionalki, nolako efektuak dauzkan gure gorputzetan eta nola eragiten duen gure pentsamenduan"

Marta Agirrezabala, LANKU kultur zerbitzuak:

"Lanku erabat lotuta dago plazari eta gure mugimendu eta lan jarduerarik nagusiena plaza da, bapatean harrapatu gaitu".

Sorkuntza eta alderdi laborala

Urtez-urte udaberria garai emankorra izaten da bertso saio, emanaldi berezi eta halakoei dagokionez. Plazaren geldialdiak eragin zuzena izan du sortzaileengan, bai sorkuntzan baita alderdi ekonomikoan ere. Kulturgintzaren ezegonkortasun ekonomikoari buruz asko hitz egin da larrialdi-egoera honetan murgildu aurretik. Kultur munduko sortzaileentzat galera handia suposatu du egoerak. Sorkuntzatik bizitzeko hautua egin dutenetatik asko autonomoak dira eta horien egoera zintzilik dago uneotan. Prekarietateaz hitz egiten da sarri eta krisi egoera honetan ikusten ari gara nor ateratzen den galtzen.

 Amaia Agirre:

"Sorkuntza aldetik lehor xamar nabil egunotan, hiru alaba txiki dauzkagu etxean eta egoera honek asko zailtzen du egia esan. Ni ez naiz autonomoa, hilabetero soldata daukat eta ez nago egoera txarrenean."

Ane Labaka:

"Paradoxikoa da larrialdi-egoera honek iraun bitartean sorkuntza aldetik topera nabilela. Sortzaile eta bertsolari askok jaso dugu hainbat plataformetan parte hartzeko eskaera, hamaika lekutatik deitu digute bertsoak eskatuz, kantuak… Zalantza dut, beste behin ere, gure lana den hau dohainik egiten ari garelako."

Maite Berriozabal:

"Egia da entzule bezala sareak eskaintzen duela bertso gosea asetzeko materiala; jende asko ari da sortzen, kultur-zale asko ari da eskaintzen eta  ekimenak plazaratzen."

Miren Amuriza:

"Autonomoa naiz eta martxoa, apirila eta maiatzerako aurreikusita nituen saioak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak bertan behera geratu dira. Egia da, beste gai batzuei buruz kolektiboan gogoetatu dugun moduan alderdi ekonomikoari buruz oso gutxi hitz egin dugula."

Uxue Alberdi:

"Nire diru sarrerak ez datoz bertsolaritzatik bakarrik, erdi eta erdi datoz bertso-plazatik eta literaturari loturikoetatik. Bi jardunen artean jauzika ibiltzen naiz. Momentu honetan liburu bat idazten ari naiz. Saiatzen naiz parrrafoari heltzen eta horretan pentsatzen."

Marta Agirrezabala, LANKU kultur zerbitzuak:

 "Martxoaren 13tik aurrerako saio guztiak ezin izan dira egin eta apirilekoak ere denak erori dira. Orotara  bi hilabeteotan egin gabe geratu diren saio eta emanaldi bereziak 39 izan dira."

Etorkizunari begira

Egoera zenbat luzatuko den ez jakiteak ezjakintasun handia dakar berarekin. Eskala handietan aurreikuspenak egitea ez da erraza izaten eta ziurgabetasuna handia da. Sorkuntzatik bizitzeko hautua egin dutenengan zuzenean izango du eragina.

Amaia Agirre:

"Zaila izango da saio eta ekitaldi guztiak atzeratu eta aurrerago egitea, baina nik uste dut antolatzaile batzuk ahalegina egingo dutela, hori da nire itxaropena."

Ane Labaka:

"Niretzat egoera honen ondorio nagusia ziurgabetasuna da. Iruditzen zait saretzea eta gure lan-baldintzei buruz hausnartzea dagokigula."

Maite Berriozabal:

"Ezin dugu ahaztu kulturgintzarentzat kolpe handia izan dela baina pentsatu nahi dut agendak atzeratuko direla eta udazkena bertsoz lehertuko dugula."

Miren Amuriza:

"Uste dut plaza berriz martxan jartzen denetik, hasierako saioetan, giroan nabarituko dela efektu sendagarri moduko bat. Zenbait gauzari buruz kolektiboan konpartitzea eta hitz egitea ekarriko du. Lortzen badugu katarsi txiki horietatik sendabidea aurkitzea denontzako ez da gutxi izango."

Uxue Alberdi:

"Isiltasunaren alderdi batzuk sanoak eta sendagarriak iruditzen zaizkit baina horretarako baldintza pribilegiatuak izan behar direla iruditzen zait. Pentsatzeko lagunen beharra daukat eta ikuspuntu ezberdinak entzuteko premia. Saiatzen ari naiz inguruari erreparatzen, nere buruari eta sinisten honek ere emango digula zerbait"

Marta Agirrezabala:

"Pentsatzen dugu buelta ez dela berdina izango egoera noiz normalizatu daitekeen ez dakigulako. Ezin da aurreikusi eta horrek segurtasun falta handia ematen digu aurrera begira. Betsolariak bezalaxe kolpean gelditu gara eta denontzako egoera oso zaila izango da"

 

 

 

Albiste gehiago

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-06-29

"Eta zergatik bertsoa?"

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-06-15

Gasteizko teilatu gainean etzanda

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-06-07

Uhinak azulejo txurietan

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-06-01

Nolako zapatillak erabiltzen dituzu etxean egoteko?

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-05-18

"Aspaldi da gutunik bidaltzen ez dugula"