None 2020-04-30

Bertso plaza berriak Bertsoa.eus-en

45.000 euro bideratuko ditu Bertsozale Elkarteak egungo egoerara egokitutako bertso plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko. Atari honetan bertan eskainiko ditugu plaza horiek.

Urrun geratu da martxoaren 15a; orduan egin behar zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urteroko Batzar Nagusia bazkideekin. 

Elkarteak eskuartean zituen proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edota moldatu behar izan dira. Elkartean ez ezik, bertsolaritza mugimendu osoan eragin nabarmena izan du osasun krisiak.

Ohiko bertso plaza berreskuratzeko denbora beharko dela kontutan izanik, egungo egoerara egokitutako ekimenak jarriko ditu abian Bertsozale Elkarteak. Elkartearen baliabideetatik, salbuespen egoeran bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko 45.000 euro bideratuko dira.

 

Martxotik, 400 saio gutxiago

Kulturgintza, bertsolaritza, zaleak aurrez aurre elkartzetik bizi da neurri handi batean; osasun krisiak kolpetik eten ditu zuzeneko emanaldiak eta bertso plaza.

"Inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea izan da", Lankuko Marta Agirrezabalak apirilaren 7an atari honetan bertan argitaratutako erreportajean azaldu bezala. "Lanku erabat lotuta dago plazari, lan jarduera nagusiena plaza da, eta bat-batean geratu gara", gaineratu du. Plazaren etetearen ondorioz, Lanku Kultur Zerbitzuak larrialdiko ERTE egoeran dago.

Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen ditugun datuen arabera, 2019an, 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian: horietako 1.215 saiok bertsogintza zuten ardatz, izan jaialdi, lagunarteko, plaza libreko zein txapelketa; eta gainerakoak, 400 ekitalditik gora, bereziak, esperimentalak, hitzaldiak edo saio didaktikoak izan ziren. Joan-etorri dezenterekin baina, oro har, saio kopurua mantendu egin ohi da.

Aurten, saioen gorakada txiki bat izan dugu urteko lehen bi hilabeteetan. Urtarrila eta otsaila ez dira hilabete "osoenak" izaten bertsolarien eta bertsozaleen agendetan, eta horregatik da pozgarria goranzko joera. Udaberriko hilabeteak are indartsuagoak izaten dira, udakoen pareko, baina osasun krisiak bete-betean aldatu du panorama: martxoan 195 bat saio aurreikusten ziren eta 53 gauzatu dira. Hortik aurrera, bertan behera gelditu da plaza: iaz 122 saio egin ziren apirilean, 162 maiatzean, 179 ekainean eta 135 inguru udako hiru hilabeteetan, horietako zenbait Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutakoak. Honek guztiak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak.

Bertan behera geratu edo atzeratu direnak

Bertsozale Elkartetik egiten edo egitear zeuden proiektuetan berehalako eragina izan du honek guztiak; eta epe luzera ere, 2020ko egitasmoa eta aurrekontua berrikusi behar izan dira.

  • Bertan behera geratu direnak: Bertso Udalekuak eta barnetegiak; Haizea dator; Sakontze Bertso Eskola; Eskolatik Plazara; Plazara!; Bertso Eskolen Egunak; Bertsulari Ttiki, Elebidunen ikasturte bukaerako Besta Eguna.
  • Atzeratuko direnak: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa; Bardoak; Bizkaiko Txapelketako Udabarriko fasea; BBK Sariketa; Eskolartekoa; Pello Mari Otaño bekako deialdia (epea luzatu zaio); Udako Bertso Eskola UEUn (ikuskizun).
  • Egingarri diren ikusi behar (beste modu batean): Zenbait ikastetxetako ikasturte amaierako jaialdia; Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa; Oholtzapetik; Hernandorena Sariketa; Ahalduntze Bertso Eskola; Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista; UPV/EHUko Uda Ikastaroa.

Bizkaiko eta Euskal Herriko elkarteetako batzarrak ere ezin izan dira oraindik gauzatu; alarma egoera ezarri zen asteburuan bertan egitekoak ziren. Elkartzeko baldintzak daudenean, hitzordua zehaztu eta jakinaraziko diete bazkideei garaiz.

 

45.000 euro, plaza indartzeko lanari ekiteko

Erresilientzia gaitasuna erakustera bultzatu du krisiak Bertsozale Elkartea.

Hezkuntzan baldintza berrietara azkar moldatzeko ahalegina egin da. Aurreko urteetan, www.bertsoikasgela.eus prestatzen egindako lana oso baliagarria izan da azken hilabetetan. Bertsozale Elkarteko irakasleek Internet bidez eskaini dituzte eskolak, eta modu honetan arituko dira ikasturtea amaitu arte.

Plazara begira, konfinamendu garaian bertsolaritza mugimenduko hainbat eragilek Interneteko online saioak jarri dituzte martxan, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere Konfinamenduko bertso saioak egitasmoa abiatu du Nafarroako hainbat irratirekin elkarlanean.

Epe luzeagorako erantzunak lantzen ari da elkartea. Momentuz,  45.000 euro bideratuko ditu plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko. Maiatzaren 2tik aurrera, Internet bidezko bertso plaza aberasteko ahaleginean, garai honetarako Lankuren bidez hitzartuta zeuden zenbait saio sarean eskainita, eta bertsolariek proposamen ordainduak izatea bermatuta.

Esperimentaziorako tartea izatea nahi da, gainera; edukiok atari honetatik bertatik bideratuko dira.

  • Potokastak: Bertsolari gazteei egindako elkarrizketak dira, entzutekoak. Azken asteetan ditugu www.bertsoa.eus atarian, Ane Zuazubiskar, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Aitor Bizkarra, Sarai Robles eta Aner Peritz bertsolariekin osatutakoak. Sorkuntza jolas txikiekin gozatzeko aukera izango dugu astelehenero.
  • Plaza: Lehendik lotuta zeuden eta mantendu nahi dituzten edo datozen hilabeteetan saioren bat antolatu nahi duten antolatzaileei saioak online egiteko aukera eskainiko die Bertsozale Elkarteak. Lankutik saioak kontratatzen dituzten antolatzaileei eskainiko zaie aukera. Villabonako Subijana etxean prestatu dugu grabaketa lekua, beharrezko osasun neurriak hartuta, baina denborarekin herrietatik saioak egiteko aukera aztertuko da, konfinamendu aginduen arabera beti ere. Saioak osorik eskainiko dira www.bertsoa.eus atarian, zuzenean edo diferituan, antolatzaileak erabakitzen duen egunean.
  • Bidaiak: Inertziak hautsi eta esperimentazio gunea izango da. Ekitaldi formatuetan eta gaitegian berritzaileak izan nahi duten saioak eskainiko dira, molde ezberdinetakoak, asteazkenetan. Herrialde eta adin ezberdineko bertsolariei eman nahi zaie ahotsa; sustapena@bertsozale.eus helbidean gustura asko jasoko ditugu proposamenak.

 

Ekarpena egiteko bideak

Bertsozale Elkarteak bere baliabideekin finantzatuko ditu egitasmo hauek, baina bertsozaleek eta herritarrek izango dute ekarpena egiteko aukera kanal hauen bidez, maiatzaren 2tik aurrera:

  • 688.886.935 telefono zenbakian Bizum bidez; eta
  • Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko honako kontu edo IBAN kodean:
    ES16 3035 0060 43 0600042844
    ( BIC (Swift) kodea behar izanez gero, CLPEES2MXXX )

Egoeraren aldakorra denez, neurriok berrikusten eta doitzen jarraituko du elkarteak. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri