Plaza biziberritzen 2020-10-07
Osasun neurriak hartuta, kultura eta, honenbestez, bertso plaza segurua delakoan gaude; horregatik, txapelketako edota beste mota bateko saioak egiteko baldintzak egon ez arren, asko dira plazan egin daitezkeen emanaldiak; eta horretan ari gara Bertsozale Elkartetik.
Aurreko hilabeteetan egin bezala, datozenetan ere bertso plazaren aldeko apustua egingo dugu, tokian tokiko antolatzaileak antolatzera animatu ez ezik, elkarteak berak ere saioak antolatuz. Horietako bat da Chillida Lekun egingo dugun saioa.
Urriaren 17an, larunbatean, jarriko dugu Bertsoa Sutan. 17:00etan izango da, eta bertsoa eta sukaldea izango ditu protagonista. Janariaren eltzea egosten ariko dira Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariak; eta hitzenari eragiten Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak. Bi plater hauen arteko oreka ematen, Maite Berriozabal ariko da gai jartzen.
Saiorako sarrerak zein afarikoak www.museochillidaleku.com webgunean
Sukaldariak gastronomiari lotutako prozesu ezberdinen azalpenak emango ditu, eta bertsolariak sukaldaritzari lotutako prozesu hauek bertsogintzara ekartzen saiatuko dira, gai jartzaileak lagunduta. Gainera, parte hartzaileek sukaldariaren prozesua streaming bitartez ikusi ahal izango dute, mugikorrak erabiliz.
Zaleei pintxo bat emango zaie saioaren hasieran, sukaldariak gidatuta dastatu ahal izateko. Bestalde, saioaren ondotik afaltzen geratzeko aukera ere izango da: Chillida Lekuko Lurra Café jatetxeak egun honetarako bereziki diseinatutako afari bat eskainiko du jende kopuru mugatu batentzat.
Saiorako sarrerak zein afarikoak www.museochillidaleku.com webgunean eskura daitezke: 15 euro balio ditu saiorako txartelak eta museoa bera ere ikus daiteke harekin. Plana luzatu nahi izanez gero, afari bikaina eskainiko da 40 euroren truke. Ikusi menua, hemen.
Euskal Sagardoak eta Getariako Txakolinak babesten dute saioa.
Eta izango dira gehiago
Bertsozale Elkarteak COVID-19ak plazan izan duen eraginaren aurrean plaza biziberritzeko antolatutako egitasmoen baitan kokatutako saioa da Chillida Lekukoa, eta datozen asteetan ezagutzera emango ditugu hitzordu gehiago. Adi bertso plazari.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24