Hitzetik Hortzera 2021-09-03
2020. urtean, COVID-19aren pandemia bete-betean, azalberrituta etorri zen Hitzetik Hortzera. Bizi izan ditugun garai berrien aurrean eta telebista kontsumitzeko izan diren ohitura aldaketak kontuan izanda, bertsozaleari bertsolaritza formatu erakargarriagoan eskaintzeko apustua egin zen. Datorren denboraldia aldaketa horren jarraipena izango da.
Platorik gabe, bertsolaritza euskararen zazpi lurraldeetan lantzeko apustua egingo da aurten ere, bertsolaritzaren aniztasuna islatuz. Edonola ere, pandemia garaian, ez da erronka txikia izango, eta bertso plazari bizitasuna ematen ariko dira Bertsozale Elkartea nahiz tokian tokiko bertso-eskolak eta antolatzaileak, Hitzetik Hortzeraren bidelagun garrantzitsuak.
Eider Perez izango da programako aurkezlea. Laugarren denboraldia izango du Eiderrek Hitzetik Hortzera gidatzen, eta dagoeneko bertsozaleentzat erreferentziazko ahots bilakatu da. Bertsozalearen eta publiko orokorraren jakin-mina piztu eta aseko duen gidaria izango da aurten ere. Bertsozale Elkartea ariko da ekoizpenean Euskal Telebistarekin elkarlanean, eta Txakur Gorria ariko da gidoilari lanetan.
Bertso plaza bera eta programako ardatz izango diren gaiak eta pertsonaiak izango dira protagonista: Bertso Udalekuak, I. Señora Txapelketa eta heriotzaren inguruan egindako Azken Bidaia bertso saioa izango dira, esate baterako, gai nagusi lehen saioetan. Gainera, astez aste bertsozaleen bertsoaldi kuttunak zeintzuk diren ezagutuko dugu, eta ez hori bakarrik: bertsolaritzarekin loturiko informazioa ere eskainiko da.
Aurten ere, astean bi emisio izango ditu Hitzetik Hortzerak: larunbatean eta igandean. Lehen programa irailaren 11n izango da 21:00etan, eta errepikapena irailaren 12an, 15:00etan. Denboraldian zehar asteren batean Euskal Telebistaren programazioan aldaketarik izanez gero, ohiko komunikazio bideetatik jakinaraziko da.
Euskal sortzaileekin konpromisoa
Hitzetik Hortzera programak bertsolaritza ardatz izateaz gain, konpromiso berezia izan du beti euskal sortzaileekin. Iaz programan erabili zen musika oro euskal sortzaileena izan zen, eta aurten ere bide beretik jarraituko da.
Lankidetzan sinetsita, aurten pauso bat gehiago emango da, eta DINAGU Euskal Herriko Emakume Sortzaileen Kolektiboko parte den eta Ilazki Lili Arrue diseinatzailearen BIZIKI arropa markak jantziko du Eider Perez aurkezlea.
Udazkenean, hiru txapelketa
2021.urteko udazkenean, iaz burutu ezin izan ziren Xilaba eta Bizkaiko eta Nafarroako txapelketak izango dira. Hitzetik Hortzera bertsolaritza programak jarraipen berezia egingo die txapelketa hauei, finalaurrekoetako bertsoaldiekin programa bereziak eginez eta final bakoitza zuzenean eskainiz.
Irailaren 11tik aurrera, Hitzetik Hortzera berriro ere, ETB1en.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24