KRONIKA 2021-10-26
Abadiñoko Zelaieta auzoan aparkaleku handi bat dago, trinketearen eta probalekuaren alboan. Astean zehar, eskolako sarrera eta irteera orduetan ezik, edozeinentzat lekua egoten da. Bada, igande goizez, 11:30erako ailegatu zenak denbora igaro zuen tokia aurkitzeko.
Zerbait izan bazen Abadiñoko saioa, bertso-dastaketa bat izan zen. Hamaika bertsolari, hamaika upategi, hamaika zurrut txiki. Bakoitzak launa edo seina bertso abestu bazituzten ere, ondo probestu zuten horietako bakoitza. Ez da erraza oholtza gainean 11 bertsolari egonik guztiek protagonismo une bat izatea. Bada, igandean lortu zuten, eta entzuleetako batzuk zur eta lur geratu ziren finalistek eskainitako mailagatik.
Bueltan, entzuleek bero eskertu. Ondo merezita, gainera. Bertsoaldi bakoitzean ale eder bat gutxienez entzungo zenaren sentsazioa zegoen, inor ez zen oharkabean igaroko finalean. Adibidea izan zen Janire Arrizabalaga: azken sei bertsolarien fasetik kanpo geratu arren, izan zuen entzuleen txalo zaparrada gozatzeko unea, bertsoetako bat “mendekurik onena barkamena baita” esanez amaitu ostean —gordetzeko moduko esaldia—; baita Eki Mateorenak ere, zortziko txikian egindako lan politaren ostean.
“Bertsoak dira gure bizitzan beti behar ditugunak; denok gara euskaldunak, denok txapeldunak”, bota zuen Eukene de los Airesek goizeko lehen agurrean. Eta handik aurrera probalekuan txapela ez zen gogorarazi, emaitzak jakin zirenera arte.
Emaitza, Haira Aizpuruak jantzi zuen txapela, eta, de los Airesek esan bezala, denak txapeldun. Saratarrak bere izena entzun zuenean, irribarrea malko egin zuen, eta malkoa irribarre. Oholtzan alboan izan zuen Oneka Arteaga, laguna eta lurralde berekoa. Besarkada estua eman zioten elkarri, eta probalekua bete zutenak ordu bi eta erdiren ostean aulkitik altxatu ziren txapeldunaren saioa ez ezik, beste hamar kideena ere txalotzeko. Ekain Tolaretxipik aitona oroitu zuenean, Aetz Etxartek “agur Abadiño, gora Xiberua, ta gora bertsua!” abestean, June Diaz “Xune” bihurtu zenean, Naia Arrizabalagak bertso bakoitza bukatzen zueneko ahots indar eta nortasun erakustaldian zein Beñat Astizen eta Maddi Agirre txapeldunordearen zortziko nagusiko ofizioan… ikusleen gosea asebeteta geratu zen.
Bertso-dastaketa gozoa izan zen Abadiñokoa. Baina ikusleak piztu beharrean zentzumenak, oholtza gaineko 11 bertsolariek astindu zituzten, eta biharko bertsolariak direla ez ezik, gaurkoak ere badirela eta plazak tokia eskainiz gero esateko gauza asko eta ona dituztela erakutsi zuten.
Argazkia: XDZ
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24